Konponbideari begira

Berriak

Konponbide prozesua. ETAren agiria

ETAk elkarrizketarako ordezkaritza izendatu du; Madrilek ezezkoan dirau

Talde armatuak elkarrizketara deitu ditu gobernuak, Aieteko Adierazpena «osorik» betetzeko baldintzak badaudela iritzita Fernandez Diaz: «Armak entregatzeko, ez da beharrezkoa hitz egitea; borondatea aski da»

2012-05-17 / Koldo Aldabe

ETAk jakinarazi du «gatazkaren ondorioak gainditzeko» Espainiako eta Frantziako gobernuekin «elkarrizketa zuzenak abiatzeko» ordezkaritza izendatu duela, France Press agentzia frantziarrari igorritako agiri baten bitartez. Espainiako Gobernuak berehala erantzun dio ETAren agiriari, eta ezezkoari eutsi dio. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak errefusatu egin du ETAren elkarrizketa eskaintza, eta, beste behin, desegiteko eskatu dio talde armatuari.

ETAk «Europako komunitateari» zuzendu dio azken agiria, eta «zabaldutako prozesua babesteko eta sustatzeko» eskatu die Europako erakundeei, «Europako bihotzean dirauen gatazka historiko honi behin betiko konponbidea eman ahal izateko».

ETAk uste du azken hilabeteetan «mugimendu sakonak» izan direla eta «bakea eraikitzeko eta hamarkadetako sufrimendua amaitzeko aukera historikoa» sortzen ari dela. Talde armatuak Donostian urriaren 17an egin zen Nazioarteko Konferentzia aipatu du zehazki, eta han plazaratutako Aieteko Adierazpena. ETAk dio adierazpen horretan eskatzen zitzaiona bete egin duela, «konponbide prozesuarekin eta bakearekin duen erabateko konpromisoa erakutsiz». Uste du, gainera, Aieteko Adierazpena osorik betetzeko baldintzak badaudela eta konponbidea atzeratzeak ez duela inorentzat «onurarik» ekartzen.

Beraz, dei egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei «luze gabe» Aieteko Adierazpenari eta ETAren deiari «erantzun positiboa» ematera. Era berean, eragile politiko eta sozialek ere elkarrizketak abiatu beharko lituzketela dio ETAk, «gatazka politikoaren oinarrian dauden arrazoiei irtenbidea eman eta bake eta askatasun agertoki iraunkor eta egonkorra bermatuko duten akordioak erdiesteko».

Kongresutik erantzuna

ETAren agiriaren berri jakin bezain laster erantzun zuen Espainiako Gobernuak. Legebiltzarrean izan zen; Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Amaiurreko diputatu Iñaki Antiguedaden euskal presoei buruzko galderari erantzuteko baliatu zuen aukera. «Armak entregatzeko, ez da beharrezkoa hitz egitea; entregatzeko borondatea edukitzea aski da», esan zuen. Fernandez Diazek gaineratu zuen ETAk dagoeneko ez dituela «baldintzatzen» gobernuaren urratsak, «ezta gure bizitzak ere». ETAk armak entregatzen dituela egiaztatzeko Espainiako Gobernuak nazioarteko egiaztatzailerik ez duela behar ere adierazi zuen: «Polizia eta Guardia Zibila ditugu horretarako». ETAk «lokartutako egiturari» eusten diola ere esan zuen, eta espero duen agiri bakarra ETA desegin egin dela dioena dela.

«Espainiarekiko solidario»

«Frantziaren jarrera ezaguna da: solidarioa da Espainiarekin Euskal Herrian indarkeria amaitzeko egiten dituen ahaleginetan», adierazi zuen, berriz, Frantziako Atzerri Ministerioko jarduneko eledun Bernard Valerok.

ETAren agiriak 2012ko apirileko data badu ere, atzo argitaratu zen, François Hollandek lehendakari kargua hartu eta biharamunean, eta gobernu berriko kideek kargua hartu bezperan. Martxoan ETA «Frantziako gizarteari» zuzendu zitzaion, eta «bidezko konponbidean» Frantzia ere protagonista izatea nahi zuela esan zuen.