Konponbideari begira

Berriak

'Bateragune auzia'. Auzitegi Gorenaren epaia

Ziaboga politikoaren arkitektoak

Auzitegi Gorenak zigortu dituen 'Bateragune auziko' bost kideak ezker abertzalearen norabide aldaketaren protagonista nagusietakoak izan dira.

2012-05-10 / Pello Urzelai

Bosten ekarpenak dagoeneko aitortza publikoa du. Ia inork ez du zalantzan jartzen Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek funtsezko bultzada eman zutenik egungo bake jokalekua gauza zedin. Auzitegi Gorenaren zigor epaiak kontrakoa esan arren.

Ez dira bakarrak ezker abertzaleak emandako norabide aldaketa bultzatzeko orduan, baina dagoeneko ziabogaren arkitektotzat jo daitezke. Bakoitza bere neurrian, bakoitza bere ibilbide pertsonaletik. Haien eginkizun nagusia debate estrategikoa planteatu, landu, txosten bihurtu eta hari bide ematea izan da. Ezker abertzalearen barnean debate horren buru izatera zihoazenean atxilotu zituzten, 2009ko urrian, eta lekukoa beste batzuek hartu behar izan zuten.

Bostek izan dute zerikusirik ziaboga horretan, baina guztietatik Arnaldo Otegik (Elgoibar, 1958) izan du funtsezko zeregina, batez ere, 2006-2007ko prozesuan esku hartze zuzena izan zuelako. Otegik eskarmentu berezia du Espainiako Justiziarekin. Abagune politiko eta komenentzia politikoaren arabera aktibatu izan dira garai ezberdinetan Otegiren kontrako auzi judizialak. 2006ko prozesua baldintzatzeko, ETAk su-eten iraunkorra iragarri baino egun batzuk lehenago espetxeratu egin zuten, greba orokorreko istiluen erantzule izateko akusaziopean. Orduko prozesuak porrot egin zuenean, berriro.

Otegi HBko Mahai Nazionalera aurreko Mahaia espetxeratu ondoren iritsi zen, 1997an. Ezker abertzalearen bozeramaile kargua eta lidergoa hartu zuen, eta Lizarra-Garaziren garai berrian sendotu egin zuen. Aurrerago ere, lidergo hori berretsi izan zuen, ezker abertzalearentzat garai okerragoetan edota, adibidez, Anoetako proposamena aurkeztu zuenean. Izan ere, Anoetako proposamenari lotua eta Jesus Egigurenekin hasitako harremanari lotua iritsi zen 2006ko prozesua.

2009ko abiapuntua

2009an, Otegik eta gainerako auzipetuek bultzatu zuten norabide aldaketa; izan ere, 2006ko prozesuaren porrotetik hartutako irakasgaietan oinarritutakoa izan zen. 2007ko maiatzean, Genevan izan zen Otegi, Rufi Etxeberriarekin batera, prozesua birbideratzeko azken ahaleginean. Aste gutxitara, espetxeratu egin zuten, ETAk su-etena bertan behera gelditzen zela jakinarazi eta berehala. Argalaren omenaldian parte hartzeagatik ezarritako zigorra Auzitegi Gorenak berretsi ondoren. 2008ko abuztura arte izan zen espetxean. Irten zenean, oso egoera berezia aurkitu zuen ezker abertzalean.

Harekin batera ardura karguetan ibilitako asko espetxean zeudelako, Segurako operazioaren ondorioz. Hala ere, ideiak argi zituela irten zen, 2008ko azaroaren 30ean Gara-ri emandako elkarrizketan adierazi zuenez. «Ezker abertzaleak estrategia eraginkor bat eraiki behar du agertoki demokratiko bat lortzeko», izan zen elkarrizketaren titulu nagusia. «Estrategia eraginkorra» aipatzean, adierazten ari zen berria izan behar zuela.

Gehiengo demokratikoa

Bi hilabete inguru geroago, ideia bera sakondu zuen BERRIAri emandako elkarrizketan. Euskal estatuaren helburua lortzeko «gehiengo demokratikoaren» bila joateko unea iritsita zegoela zioen orduko elkarrizketan. Horretarako, ezinbestean, aldez aurretik ezker abertzaleak «etxeko lanak» egin behar zituela zioen.

Gogoeta horiekin, ezker abertzaleak ziaboga egin eta estrategia politiko militarra guztiz alde batera utzi beharra adierazten ari zen garai hartan. Otegik argi zeukan 2006ko prozesuaren porrotaren atzean, besteak beste, ETAk borroka armatua uzteko hautua bere gain hartu ez izana zegoela.

Miren Zabaletak epaiketaren galdeketan azaldu zuen bezala, «tesi nagusia ezker abertzalearen estrategia aldatzea izan zen, horrela egoera aldatzeko». Eginkizun horretan, Otegik lehenik Rafa Diez (Lasarte-Oria, 1956) izan zuen bidelagun, besteak beste, aspaldiko lagunak zirelako. Lizarra-Garazitik oso harreman estua zuten, baita sintonia handia ere.

Diezek sindikalismoan du bere ibilbide militantearen jatorria, eta urtetan LABeko idazkari nagusia izan da, nahiz eta garai ezberdinetan zeregin politiko instituzionalarekin uztartu duen. Ezker abertzalearentzat erreferente historiko bat da, baita ezker abertzaletik harago ere. Irtenbide negoziatuaren aldeko jarrera irmoa ezaguna du. 2008ko otsailean, argi zeukan ezker abertzaleak irakaspenak atera behar zituela porrot egindako prozesutik. «Gatazkak ez du irtenbiderik errepresioarekin, ukazioarekin, biolentziarekin... Gatazkak elkarrizketa, negoziazio eta akordioarekin bakarrik dauka irtenbidea», zioen 2008ko hasiera hartan. Beste ziklo baten beharraz askotan hitz egiten zuen garai hartan.

Apustuaren irudi kolektiboa

Otegik aipatutako «estrategia eraginkorraren» aldeko apustua ezker abertzalean barneratzen ahalegindu ziren Otegi eta Diez 2009ko hasieran.

Harreman ezberdinen bidez, apustu horri irudi kolektibo bat ematea lortu zuten 2009ko martxoko agerraldian. Ibilbide eta sektore ezberdinetako militanteak elkartu ziren, abiatu nahi zuten debatea buru batzuen kontua baino zabalagoa zela irudikatu nahian. Agerraldi horretara, beste hainbatekin batera, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez joan ziren.

Miren Zabaleta (Iruñea, 1981) —Patxi Zabaletaren alaba— ikasle mugimendutik zetorren. Zuzenbide ikasketak egiten ari zela ezaguna izan zen Ikasle Abertzaleak mugimenduko bozeramaile moduan. Arkaitz Rodriguezek (Donostia, 1979) gazte mugimenduan izan zuen militantziaren abiapuntua. Jarrairekin lotura izateagatik espetxean izan zen, baina, azkenean, errugabetu egin zuten. Geroago, ezaguna egin zen abiadura handiko trenaren kontrako herri mugimenduan.

Bi gazte horiei Sonia Jacinto (Donostia, 1977) elkartu zitzaien, ezker abertzalearen barneko eztabaida estrategikoa sustatzeko orduan.

Bostok onartu zuten epaiketan harremanak eta bilerak izan zituztela ezker abertzalearen barne ziaboga bultzatzeko. Ez ziren bakarrak izan ahalegin horretan, baina bai horregatik preso dauden bakarrak. Preso, haiek halabeharrez utzitako lekukoa ibilbide itxaropentsua betetzen ari den arren.

Informazio osagarria

Publizitatea