Konponbideari begira

Berriak

'Bateragune auzia'. Auzitegi Gorenaren epaia

«Egoera berria sustatzen jardun izana zigortuta, prozesua zigortu nahi dute»

Ezker abertzaleak salatu du bake bidea oztopatu nahian ari dela Espainia; ahalegina «alferrikakoa» dela ohartarazi dio
Ezker abertzaleko ordezkariak, atzo, <em>Bateragune auziko</em> epaia salatzeko egindako agerraldian.
Ezker abertzaleko ordezkariak, atzo, Bateragune auziko epaia salatzeko egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2012-05-10 / Garikoitz Goikoetxea

Auzipetuak soilik ez, haiek egindako lana eta hartatik sortutako egoera zigortu dute. Salaketarekin batera, mezu hori zabaldu du ezker abertzaleak. Maribi Ugarteburuk jarri dio ahotsa balorazioari: «Egoera berria sustatzen jardun izana zigortuta, abian den prozesua bera zigortu nahi izan dute». Ezina erakutsi du Espainiak erabaki horrekin, ezker abertzalearen irudiko, eta handitu egin du Euskal Herriarekiko «arrakala». Herritarrak ez zetozen bat lehen ere Espainiaren jarrerarekin, «eta, orain, areagotu egin da ulertezintasun hori», esan du Ugarteburuk. Herritarrei dei egin die aurrera egin eta epaiaren aurka protesta egitera.

Presazko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean ezker abertzaleko ordezkariek Donostian. Zigortutako bost kideen argazkiak jarri zituzten mahaiaren aurreko aldean, eta, atzean, ordezkaritza zabala. Ugartebururekin batera, han ziren Joseba Alvarez, Joseba Permach, Marisa Alejandro, Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Marije Fullaondo, Asier Arraiz, Txelui Moreno —Bateragune auzian epaitu zuten— eta Juan Jose Petrikorena. Irmo agertu ziren epaia salatzera, aurpegi serioz.

Minduta baitaude. «Ez dugu ezkutatuko», aitortu zuen Ugarteburuk. «Baina ez da soilik ezker abertzalearen sumina. Sententzia horrek sumindura sortzen du Euskal Herrian. Jendartearen gehiengo zabal batek, ia erabatekoak, ez du ulertzen sententzia». Egoera politikoa hartu dute aintzat hori baieztatzeko; ETAk jardun armatua utzi duela iragarri zuenetik sei hilabete igarota eta elkarrizketaren aldeko «jarrera aktiboa» nagusi delarik, txartzat jotzen dutela herritarrek zigorra.

Prozesuari eta bakerako bideari berari egin nahi izan diote eraso ezker abertzaleko kide horiek zigortuta. Hori uste du Ugarteburuk: «Modu horretako zigorra jartzea bakearen eta prozesuaren aurkako eraso larria da». Sinetsita baitago zigortutako lagunek egindako lanak, hau da, zigorra ekarri dien lanak ahalbidetu duela oraingo egoera. «Horretan jardun izana zigortu du Espainiak».

«Ezintasunaren erakusle»

Eta egin du beste eskaintzarik ez daukalako egiteko gizarteari, Ugarteburuk nabarmendu duenez. «Estatuaren ezintasun ikaragarriaren erakusle da erabakia. Euskal Herrian ireki den errealitate berriari bizkarra emanda jarraitzen dute». Egoera larrian ikusten du ezker abertzaleak Espainia: ekonomian, «kolapsoak» jota, eta politikan, «totalitarismoarekin» lerratuta. «Indarkeria politikoa darabilte, proiektu guztien eztabaida aske eta demokratikoari dioten benetako beldurra estaltzeko. Horren adibidea da epaia».

PPk bezala PSOEk dute ezin hori, Ugartebururen hitzetan. Gogoan hartu baitute Espainiako Gobernuan sozialistak zirelarik hasi zutela Bateragune auzia eta atxilotu zituztela ezker abertzaleko hamar kide. PPk du orain agintea Madrilgo gobernuan, eta jarrera berarekin jarraitzen du. Ugarteburu: «Jarrera gotortuan eta immobilistan segitzeko nahia erakutsi dute. Guztiz alferrikakoa eta ulertezina den jarreran tematzen dira». Bidea aldaraztea ez dute lortu, ezker abertzalearen arabera, eta ez dute lortuko ere.

Zigortuek esandakoa berretsi dute epaiaren berri izan ostean ezker abertzaleko ordezkariek: prozesu demokratikoa ireki behar dela, negoziazioaren eta akordioaren bidez proiektu politiko guztiak egingarri bihurtu behar direla, eta langileak eta herritarrak jarri behar direla erdigunean. Komunikabideen aurrean zabaldu zituzten era horretako mezuak orain zigortutako bost ordezkariek, eta zigorraren justifikazio gisa eman ditu auzitegiak epaian.

Helburu horiek orain ere mugarri direla nabarmendu du ezker abertzaleak, eta horretan ari dela lanean, «eragile politiko eta sozialekin lankidetza emankorrean». Horretan segitzera dei egin dute, orain arteko bidean aurrera egitera. «Demokraziaren bidea osatzeko egundoko bultzada ematen ari da herri hau, eta sententzia horrek bide horretan eta prozesuan sakontzeko beharra erakusten digu». Elkar hartzeko eskatu du Ugarteburuk, Madrilen jarrera gorabehera: «Gehiengoa politikoki artikulatu eta herri gisa aurrera egiteko, ez dago sententziarik indar hori geraraziko duenik».

Ordea, Euskal Herrian egoera berria zabalduta ere Espainiak «errepresioaren eta ukazioaren bidean» jarraitzen duelakoan, herritarrei egin die eskaria ezker abertzaleak, Bateragune auziko epaiari aurre egin diezaioten. Bateratua izan beharko luke erantzunak. Ugarteburu: «Demokraziaren bidean sakonduz erantzun behar diogu, eta horrek indarren batasuna eskatzen du, herri gisa erantzutea Madrili, epaiaren ankerkeriari. Boikot ahalegin guztien gainetik, aurrera doan herria bilduz erantzun behar zaio».

Hurrengo egunetan protestak egingo dituzte Bateragune auzian jarritako kartzela zigorrak salatzeko, eta haietan parte hartzeko eskatu du ezker abertzaleak. Deialdi zehatzik ez dute jakinarazi orain arte; gaur dute agerraldia Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek, eta haiek deituko dute protestara. Espainiako Auzitegi Nazionalak aurrez emandako epaia «erabat» arbuiatu zuten herritar gehienek eta nazioarteko eragileek, ezker abertzalearen hitzetan, eta ez du gutxiago espero oraingoan.

Publizitatea