Behin betiko irtenbiderako gobernuekin hitz egin nahi duela esan dio ETAk NEBi
Presoak, desarmea, egitura militarren desegitea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa jarri ditu agendan Espainiako Barne Ministerioak esan du ez duela nazioarteko egiaztatzaileen beharrik
2012-05-05 / Koldo Aldabe
ETA prest dago Espainiako eta Frantziako gobernuekin su-etenaren egiaztatze fasea atzean utzi eta behin betiko irtenbideak emateko fasera igarotzeko. Horrela baieztatu dio NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, eta mezu hori zabaldu dute egiaztatzaileek Bilbon Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragileekin egindako bileretan.
NEBeko ordezkari Ram Manikkalingamek atzo baieztatu zuen hori, idatzizko hainbat hedabiderekin egin zuen bileran. Satish Nambiar eta Fleur Ravensbergen batzordekideak ere han ziren. «ETAk mezu hau eman digu: prest dago Espainiako eta Frantziako gobernuekin behin betiko irtenbidea emateko fasera igarotzeko». Talde armatuak lau gai ezarri ditu agendan, Manikkalingamek azaldu zuenez; presoak, egitura militarren desegitea, desarmea eta «euskal lurraldeen desmilitarizazioa». Lau puntu horien ordena gutxienekoa da, NEBen arabera. Gainera, ETAren planteamendua ez da agenda itxi bat egitea; «gobernuei euren puntuak jartzeko aukera eman die», Manikkalingamen hitzetan.
Egiaztatze Batzordea «baikor» dago: «Duela sei hilabete —hemezortzi hilabete ere esan genezake— harturiko konpromisoei eutsi die ETAk, eta konpromiso horiei eusteko eta atzera ez egiteko hitza eman digu», azaldu zuen egiaztatzaileak. «Hori garrantzitsua da, ez baitu adierazpen soilak balio; egunero frogatu behar da». Konpromiso horien betekizuna aurrera eramaten ari dela baieztatu diete, baita ere, egunotan aldebiko bilerak egin dituzten alderdi, sindikatu eta bestelako ordezkariek, baina, bereziki, Manikkalingamek nabarmendu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek.
Urtarrilean azpimarratu zuten bezala, gustuko ez dituzten «gertakari» batzuk izan dira, autoen lapurretak eta agiriak faltsutzea, baina hori ETA «sasiko erakundea» delako dela dio NEBek: «Legez kanpoko ekintzak dira, eta Frantziako eta Espainiako poliziak jazarriko zaizkie, baina hori ez da gure egitekoa, gurea desarmea, egitura militarren desegitea eta horrelakoak dira».
Kale borrokako «gertakari bakartuak» ere aintzat hartu dituzte egiaztatzaileek, baina horiek, NEBen arabera, ez dira ETAren aginduz egin, ez dira talde politiko batetik bultzatu, eta, gainera, NEBen ustez, beste arazo sozial batzuengatik jazo dira.
Europolek iragan astean argitara emandako txostenari buruz, zeinaren arabera ETA berregituratzen eta etorkizuneko helburuak ezartzen ari baita, Manikkalingamek ez du baloraziorik egin nahi izan: «Ez dut ez informeari ez iturriei buruzko iritzirik emango. Niretzat hemen jasotako informeak dira garrantzitsuak; alegia, ETAk klandestinitateko mugimenduak baino ez dituela egin». ETAren barnean zatiketa egon daitekeen usteari ere ez dio garrantzirik eman: «Ez zaigu inolako eztabaidaren berririk iritsi. Egia da haiek gauzak arinago joatea nahiko luketela, baina konpromisoei eusten diete».
Eztabaida politikoan ETAren desagerpena jarri izana ere aipatu du NEBek. Alegia, Espainiako Gobernuak urratsak egin baino lehen ETAk desegin egin behar duen edo, alderantziz, ETA desegin aurretik urratsak egin behar diren.
Manikkalingamen ustez, eztabaida hori ez da sartzen beren egitekoan: «Guretzat garrantzizkoa desarmea eta egitura militarren desegitea dira. ETA desegitea ez. Prozesuaren amaieran ETA desegiten dela? Ongi. Haiek ere iradoki dute hori». Hala ere, euren esperientziatik abiatuta, eztabaida hori gainditzeko malgutasunez jokatzea eta harremanak hastea ezinbestekoa da. Horregatik, uste du une honetan «komenigarri» litzatekeela Espainiako Gobernuak harreman motaren bat hastea ETArekin.
«Gertakizun garrantzitsuak»
Urtarriletik hona hiru gertakizun «garrantzitsu» jazo direla ere esan zuen Manikkalingamek, eta horiek «hein handi batean» ETAren jarrerak bultzatutakoak izan direla. Lehena Espainiako Gobernuak euskal presoak «gizarteratzeko» aurkeztutako plana da. NEBek dio norabide onean doan urratsa dela baina urrats gehiago espero dituela.
Bigarrena litzateke «Sortu legeztatzeko itxaropena» badela. «Hori garrantzitsua litzateke elkarrizketa politiko normalizatuagoak garatzeko».
Hirugarrena, berriz, Memoria eta Bizikidetzarako mandatariaren figura sortzea izan da. Jesus Loza mandatariarekin bildu da NEB, eta «gizon zintzoa» dela uste dute, «ekarpenak egin ditzakeena». «Beharrezkoa da denek hitz egiteko espazioak sortzea, eta Lozari ulertu diogu espazio hori sortzen lan egingo duela».
Harremanik ez gobernuekin
Iragan irailean sortu zen NEB, eta ahalegindu diren arren, oraindik ez dute lortu Espainiako nahiz Frantziako gobernuekin harremanetan jartzea. Manikkalingamek uste du Espainiako Gobernua oraindik sortu berria dela eta denbora behar duela. «Ez dut uste goizetik gauera harremanak hasiko ditugula. Pazientzia bertute nagusia da kasu honetan». NEBen bisitaren harira, Espainiako Barne Ministerioak agiri bat plazaratu zuen nazioarteko egiaztatzaileen beharrik ez duela esateko, «ETAren amaiera estatuko segurtasun indarrek egiaztatuko dutelako».
Frantziako Gobernuarekin ere hasi nahi dute harremanetan egiaztatzaileek, baina bozen ondorenerako utzi dute saioa.
Bilbon, bi egunotan, EAJko Iñigo Urkullurekin bildu dira, ezker abertzaleko Rufi Etxeberriarekin, PSE-EEko Jose Antonio Pastorrekin, Alternatibako Oskar Matuterekin, Confebaskeko Nuria Lopez de Gereñurekin, ELAko Xabier Anza eta Patxi Agirrezabalarekin, LABeko Ainhoa Etxaide eta Jon Etxeberriarekin, UGTko Raul Arza eta Emilia Malagarekin, CCOOko Loli Garciarekin eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain izandakoarekin. Eusko Jaurlaritzako Rodolfo Ares eta Jesus Lozarekin ere bildu dira.
Prentsa ohar bana bidalita, ezker abertzaleak eta Alternatibak «oso positibotzat» jo zuten NEBekin egindako bilera eta egiaztatzaileen bidez jasotako informazioa. ETAk hizketarako erakutsitako prestasuna nabarmendu zuen ezker abertzaleak, eta jarrera horren «balio erantsia» goraipatu zuen, Espainiako Gobernuak oraindik urratsik egin ez duelako.