Konponbideari begira

Berriak

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena

Herritarren aktibazioa eskatu dute nazioen independentzia lortzeko

Erabakitzeko eskubideaz mintzatu dira Euskal Herriko, Kataluniako, Flandriako eta Eskoziako ordezkariak Independentziaren bidean herrien arteko harremanak estutzea gakotzat jo dute
Autodeterminazioaz mintzatzeko eta European Partners for Independence aurkezteko atzo, Gernikan, egin zen mahai ingurua.
Autodeterminazioaz mintzatzeko eta European Partners for Independence aurkezteko atzo, Gernikan, egin zen mahai ingurua. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Lortu daiteke. Areago, lortuko dute. Hala diote estaturik gabeko nazioetako ordezkari independentistek. Gero eta gertuago ikusten dute ametsa. Mamituagoa. Baina autodeterminazio eskubidea gauzatu eta independentzia eskuratzeko, herritarren aktibazioa beharrezko dela ohartarazi dute. Lanketa gizarteratu, zabaldu behar dela. Herrien arteko harremanak estutu eta lan komuna saretuta, lortuko dutela ziur dira Eskoziako, Flandriako, Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkariak. Lan horretan dabil Europa mailako Independentziarako Partaidetza Herritarra (EPI) ere. Nork bere esperientziak azalduta ondorioztatu zuten hori lau herrietako ordezkariek Gernikan, Gernika Batzordeak antolatutako mahai inguruan.

Estaturik gabeko nazioak eta erabakitze eskubidea izenburupean egindako mahai ingurua aurkezterakoan, Europako hainbat herrik autodeterminazio eskubidea gauzatzeko dituen aukerei buruz minatzatu zen Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria: «Espektatiba handia du Eskoziak, ezaguna da Flandrian dagoen independentzia gosea eta Katalunian soberanismoak izan duen suspertzea». Autodeterminazioa gauzatzeko ahalmena duten estaturik gabeko nazioen «klub esklusiboan» sartzeko «ondo kokatuta» daude guztiak, Otamendiren hitzetan.

Kataluniar batek kontatu zuen, lehenengo, bere esperientzia: Wellcome Mr. president... to the state of Catalonya sareko ordezkari Joan Vivesek. «Sistema autonomikoak porrot egin du», esan zuen ezer baino lehen. «Espainiako arkitektura legalak ez die herritarren nahiei erantzun». Gainera, alderdiak ez direla nahi horiei erantzuteko gai agerian geratu dela dio. Hori ikusi duela Katalunian, batez ere duela bi urte Estatut-a aldatzearen defentsan milioi bat pertsona kalera aterata ere «politikariek ezer gertatu ez balitz bezala» jokatu zutenean.

Egoera horrek burujabetzarako nahia areagotu zuela dio. Ondorioz erreferendumaren aldeko mugimendua sortu, eta galdeketa praktikoak egiten hasi ziren, beharrari. Harro dago emaitzarekin: urte eta erdian Kataluniako 750 udalerritan egin dira galdeketak. Milioi bat herritarri galdetu zaio erabakitzeko aukeraz, eta baiezkoa eman du gehiengoak.

Herritarren ekimenen indarra agerian utzi du praktikak. Vivesen hitzetan datorren urtean egingo diren hauteskundeetan erreferenduma izango da alderdiek programetan izango duten gai nagusia. «Mobilizazio handi eta handiak eskaera transbertsal bihurtu duelako» lortu da hori, Vivesen ustez.

Steven Vergauwen flandriarrak, bere herriaren egoeraren berri eman du. Belgikako egoera eta antolamendu korapilatsuan nahastuta egonik, independentzia aldarrikatu du demokraziaren izenean: «Belgika ez da demokrazia bat: gehiengoak ez du gehiengoa ordezkatzen». Estatuan dauden administrazio ugarietan, flandriarren ordezkaritza ez dela gainontzekoen balio berekoa salatu du. «Independentzia agendan dagoen aukera indartsuena izatea normala da», ondorioztatu du.

Christopher Whitek bideo konferentziaz egin du hizketaldia Eskoziatik. Erreferenduma lortu badu, herritarrei helarazi zaien mezu nagusia baikorra izatea lortu delako izan dela seguru dago. 2011ra arte independentziaren alde zeudenak gutxiengoa zirela azaldu du, baina desberdintasunak aintzat ez hartzeak nortasun berezitua agerian utzi duela. 2014rako dute erreferendumerako data eta independentzian nola bizi lantzen ari dira.

Angel Oiarbidek Nazioen Mundua sarearen sorreraren berri eman du. Idiazabalen abiatutako ekimenak herritarren gaitasuna agerian utzi duela adierazi, eta herritarrak sentsibilizatzeko deia egin du; baita 2014an Eskoziak sortuko duen «tsunamiaren indarra» baliatzera ere.

EPI sareko Anna Arqueek independentziaren aldeko gizarte mugimendua aktibatzera deitu du. Sarea Europan autodeterminazio eskubidearen kontzientzia zabaltzeko lanean ari da, eskubidearen zio demokratikoan indar eginda. Gaia Europa osoko agendan sartzen laguntzeko eskatu du, sarean jarduteko gonbitea eginda.

Informazio osagarria

Publizitatea