Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Abokatuen balorazioa

'Parot doktrinari' buruzko erabakia politikoa dela salatu dute abokatuek

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak oinarrizko eskubideak urratzen dituela sinetsita, Estrasburgora eta NBEra joko dute «Errebelatzeko» eskatu diote komunitate juridikoari, eta mobilizatzeko gizarteari
Euskal presoen defentsan aritzen diren abokatuak atzoko agerraldian, haien tartean Gaztañaga, Igarataundi eta Perez direla.
Euskal presoen defentsan aritzen diren abokatuak atzoko agerraldian, haien tartean Gaztañaga, Igarataundi eta Perez direla. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrina ezartzeari buruz hartutako erabakiaren atzean bultzada politikoa ikusi dute euskal presoen alde lanean aritzen diren abokatuek. «Botere politikoa botere judizialari gailendu zaio, beste behin», salatu dute Ainhoa Bagliettok eta Alfontso Zenonek, abokatuen izenean. «Ezin da bestela ulertu».

Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ez ezik erabakiaren berri emateko modua ere ulergaitza dela ohartarazi dute. Izan ere, duela ia bost urte auzitegiak berak epaia berehalakoan emango zuela esan bazuen ere, joan zen astean jakinarazi zuen 25 euskal presok aurkeztutako babes helegiteen erantzuna. Gainera, erabakia ez dute arrazoitu ere egin. Jakinarazi du hiru presori babes helegitea onartu diela, hemeretziri ukatu diela, hiruren eskaerak ez dituela tramiterako onartu eta 22renak baietz. Beste hogei bat helegiteren erantzunak falta dira.

Inolako azalpenik gabe

Abokatuek salatu dute jakinarazpena besterik ez dutela jaso. Ez dutela erabaki horiek arrazoitzen dituen azalpenik oraindik jaso. Larria da hori, abokatuen hitzetan; prozedura horrek «errespetu falta» erakusteaz gain «erabateko babesgabetasuna» eragin duela salatu dute. Izan ere, seguru daude presoak espetxean «bidegabeki» edukitzen dituztela eta kaltetuek ez dutela jakiten horren arrazoia.

«Edozein Zuzenbide Estatutan auzitegi konstituzional batek hala jokatzea ezin sinetsizkoa» dela ohartarazi dute abokatuek. Justiziaren oinarriak argitasuna eskatzen duela eta kontrako irizpideekin ari direla Espainiako auzitegiak 197/2006 doktrinaren prozeduran, hasieratik. Duela sei urte euskal presoei espetxealdiak egun batetik bestera luzatzen hasi zirela eta oraindik ez dutela horren zergatia ezagutu ere egiten. Luzamenduen berri probidentzia bidez eman izan du Auzitegi Gorenak; irizpide aldaketa arrazoitzeko argudioak jasotzen dituen autorik kaleratu gabe.

Jarrera horiek ezin direla argudio juridikoekin azaldu diote abokatuek; bultzada politikoz hartutako erabakiak direla, argi. Joan zen astean Auzitegi Konstituzionalak doktrinaren ezarpena onartzeko erabakian ere oker bera ikusi dute: «Espainiako Estatuan botere judiziala makurtu egin da botere politikoaren aldean. Hau ezin da bestela ulertu».

Konstituzionalaren erabakiaren beste alor bat ere ezin ulertu dabiltza abokatuak: hiru presori babes helegitea onartu izana eta gainontzekoei ez. Parot doktrina gisa ezagutzen dena ezarri zietenen kasuak «antzekoak» direla azaldu dute Bagliettok eta Zenonek; zenbaitetan «berberak» ere badirela. Eta, kasu guztietan, prozedura berdin-berdina jarraitu dela helegiteak aurkezterakoan. Konstituzioaren oinarrien aurka aritzea da hori, abokatuen hitzetan, egoera berean erabaki desberdinak hartu baitira.

«Jantzi judiziala duten operazio politiko hauek» beste hainbat eskubide urratu dituztela salatu dute: babes judizial eraginkorra izateko eskubidea, epai irmoak ukiezinak direla dioena, askatasun eta segurtasun juridikorakoa eta kaltegarriak diren zigor legeak atzeraeragintasunez ez ezartzeko eskubidea, besteak beste. Irizpide horiek guztiak Espainiako Konstituzioak jasotzen dituen oinarrizko eskubideak direla azaldu dute Bagliettok eta Zenonek, eta oinarri horiekin ezinezkoa dela Auzitegi Konstituzionalak aurreko astean hartu zuen erabakia hartzea.

Gauzak horrela, Konstituzionalaren neurria ez dute bere horretan utziko presoen defentsek. «Behar diren ate guztiak joko ditugu», ohartarazi du Bagliettok. Epaiaren arrazonamenduak jasotzen dituztenean nazioartera joko dutela jakinarazi dute; Estrasburgoko Auzitegian zein Nazio Batuen Erakundean babesa eskatuko dutela eta zigorrak berrikusteko aukera ere aztertuko dutela. «Esku artean ditugun bide guztiak amaituko ditugu».

Lan zaila

Abokatuak jakitun dira ez dutela bide erraza. «Oso zaila egiten zaigu irizpide juridikoetan oinarritzen ez diren erabaki judizialen aurka borrokatzea». Baina indar guztiekin saiatuko dira, argi baitute premiazkoa dela «salbuespeneko doktrina eta arau guztiak indargabetzea», presoen oinarrizko eskubideak larri zapaltzen ari direlako eta «Euskal Herrian irekitako aro politiko berriari zuzenean erasotzen diotelako».

Horretarako, laguntza eskatu dute, bi deialdi zehatz eginda. Euskal Herriko zein nazioarteko komunitate juridikoari «erabaki onartezin horren aurka errebelatzeko» eskatu diote. «Erabaki larri hori» salatu eta «Espainiako Estatuak ezartzen dituen salbuespeneko arauak indargabetzeko» eska dezatela «posible duten toki guztietan». Euskal gizarteari «are indar handiagoz» mobiliza dadin galdegin diote.

Informazio osagarria

Publizitatea