Konponbideari begira

Berriak

HNTko kideak apiril amaieran bilduko dira berriro, Bilbon

Egoeraren bilakaera aztertu, eragileekin hitz egin eta biktimen ordezkariekin batzartu nahi dute
HNTko Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski, atzo, Bruselan.
HNTko Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski, atzo, Bruselan. K. A.

2012-03-30 / Koldo Aldabe

HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea apirilaren amaiera aldera Bilbon izango da berriz, azkenekoz bildu zirenetik egin diren eta ez diren urratsak aztertzeko eta alderdi politiko eta gizarte eragileetako ordezkariekin biltzeko. Oraingoan, gainera, biktimen elkarteetako ordezkariekin ere batzartu nahi dute, atzo Alberto Spektorowski HNTko kideak BERRIAri baieztatu zionez.

Spektorowski eta Raymond Kendall Bruselan ziren atzo Europako Legebiltzarrean egin zen konferentzian HNTko ordezkari gisa. Lokarriko koordinatzaile Paul Rios ere haiekin zen.

Zuzenean galdetuta, Espainiako nahiz Frantziako gobernuekin oraindik harreman zuzenik ez dutela izan erantzun zuen Spektorowskik, baina izan balituzte ere erantzuna ezezkoa izango zela erantsiz. «Oraindik ezker abertzalearen ordezkari gisa hartzen gaituzte, eta ez dakit zergatik. Neuk, adibidez, harreman estuenak EAJrekin ditut», azaldu zuen.

Biktimekin biltzea lehentasunen artean dutela esan zuen Spektorowskik, baina agendan edukiko dituzte baita ere Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat eratzeko izan diren urratsak eta justizia trantsizionalaren gaia, besteak beste.

Spektorowskik hitza hartu zuen Europako Legebiltzarrean, Aieten sortutako giroa aprobetxatu egin behar dela azpimarratzeko: «Konfiantza eta elkarlana behar ditugu alderdien artean. Eta normalizazio politikoa lortze aldera Sortu legeztatu egin behar da», azaldu zuen. «Elkarrizketa eta adostasuna funtsezkoak dira bakean aurrera egiteko. Frantziak eta Espainiak ere urratsak egin behar dituzte», nabarmendu zuen. «Eta Europak prozesua bultzatzen lagun beharko lukeela azpimarratu zuen.

Arriskua

Espainiaren jarrerak John Mayorren gobernuak IRAren su-etenarekiko izandakoa gogorarazten diola eta hori arriskutsua dela esan zuen, berriz, Connor Murphy Sinn Feineko diputatuak. Horregatik ohartarazi zuen su-etena ez dela amaiera, prozesu baten hasiera baino.

Flandesko Volksunie alderdi abertzaleko legebiltzarkide Chris Van Dyk-ek elkarrizketa defendatu zuen, «bestea interlokutore gisa onartuta bakarrik egin daitezkeelako urratsak». Era berean autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen Euskal Herriarentzat, eta estatuen mugak mugak izan ez daitezen, Europak esku hartu behar duela esan zuen.

Suitzako legebiltzarkide Oliver Peter-ek, berriz, gatazketan hirugarren batek egin dezakeen lana erabakigarria izan daitekeela azpimarratu zuen.

Publizitatea