Konponbideari begira

Berriak

Prozesua abiatzeko ahaleginak areagotzeko deia egin du Powellek

Ohartarazi du indarrak bizitu ezean lortutakoa gal daitekeela, nahiz eta mugarri bat lortuta ahiturik gera daitekeen Gobernuek ETArekin hitz egin beharko dutela berretsi du; «ez dago beste biderik»
Jonathan Powell, atzo, Europako Legebiltzarrean hitzaldia emanez.
Jonathan Powell, atzo, Europako Legebiltzarrean hitzaldia emanez. FREDERIC SIERAKOWSKI

2012-03-30 / Koldo Aldabe - Berriemaile berezia

Indarkeriazko egoera batetik bake iraunkorrerako egoera lortzeko bidean egin beharreko urratsek zehaztuta eta bide orriak markatuta egon behar dute. Hori da prozesu batek desiratutako helburua lortzeko ezagutzen den bide bakarra, gatazka ez baita amaituko desiratze hutsarekin; indar handia egin behar da, eta ahaleginak areagotu egin behar dira. Esfortzuak partekatua behar du izan; arerioek, baita etsaiek ere, elkar hartuta egin behar dute bidea, eta elkarrizketa da tresna nagusia. Jonathan Powellek horrela laburbildu zituen atzo, Bruselan, Europako Legebiltzarrean, gatazkak konpontzeko orduan bere esperientzia eta bizipenetatik ateratako ondorioak.

Bereak ez diren baina bere egin zituen hitzak erabili zituen, edozein gatazka konpontzen hasteko lehen urratsak egiten direnean gertatu ohi denaz ohartarazteko: «Orduan hitz egiten hasten da tunelaren amaierako argiaz. Baina ohartu behar dugu, amaierako argira iristeko tunel osoa igaro behar dela. Eta batzuetan gertatu izan da argia ikusi bai, baina tunelik ez daukagula».

Aieteko konferentzia, Euskal Herrian bakea lortzeko bide-orria? izenburuko konferentziako hizlari nagusia izan zen Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zen garaian haren gabinete buru izandakoa. Europako Berdeak legebiltzar taldeak eta Basque Friendship taldeak antolatutako jardunaldian Euskal Herriko hainbat alderditako ordezkariek, Friendship-eko kideek, Suitzako, Flandesko eta Irlandako iparraldeko diputatuek eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek ere hartu zuten parte.

Hiru ikasgai nagusi

Irlandako iparraldeko bake prozesuak iraun zituen bederatzi urteetan Londresko Gobernuaren ordezkari nagusi izateak eman dion esperientzia abiapuntutzat hartuta, Powellek adierazi zuen ez diola inori ikasgairik eman nahi, baina urte horietan ikasitako lezioak besteentzat ere baliagarri diren uste osoarekin azaldu zituen berak ikasitako hiru ikasgai nagusiak, eta Euskal Herrian gertatzen ari diren jazoeretara eraman zituen.

«Bake bidean kolpe batean aurrerapauso handia ematen denean, ahituta gera gaitezke, eta aurrera egiteko beharrik gabe», azaldu zuen, baina ohartarazi zuen «mugarri» bat ezartzen denean esfortzuak biderkatu egin behar direla geratzeko tentaldiak uxatuta, prozesua blokeatzeko arriskua dagoelako. Bi adibide kontrajarri jarri zituen: Irlandakoa eta palestinar-israeldarren artekoa, esfortzuak ez biderkatzeak dakartzan ondorioez ohartarazteko.

Euskal Herriari dagokionez, iragan urrian «izugarri» lortu zela esan zuen, Aieteko konferentzia eta ETAren agiria gogoratuz; «baina indarrak biderkatu behar dira, lortutakoa gal ez dadin».

«Bigarren ikasgaia da bakea ez dela gertakizun bat, prozesu bat baizik», azaldu zuen. Bide orri bat, prozesu bat behar da bake iraunkorrera iristeko, eta hori falta da Euskal Herrian, Powellek azpimarratu zuenez.

«Gatazka bat ez da desagertzen desiratze hutsarekin», da hirugarren ikasgaia. «Espainiako Gobernuak ETA desagertu dadin nahi du, baina hitz egin behar da, negoziatu egin behar da arrakasta lortu nahi bada», azpimarratu zuen Powellek. Bi gobernuei dagokie gatazkaren ondorioei heltzea ETArekin, Powellek esan zuenez. «Armak entregatu eta desegin egin behar dira. Irlandaren kasuan testuinguru oso bat prestatu zen horretarako, kanpoko bitartekari eta ikuskariekin». Era berean, «zentzugabekeria» litzateke Powellen arabera, talde isolatuak desmobilizatu gabe geratzea, eta horretarako hainbat garantia eskaini behar direla esan zuen. «Irlandan presoen gaiari heldu genion, eta haiek izan ziren prozesua gehien bultzatu nahi izan zutenak. Presoak ezin dira albo batera utzi», azaldu zuen Powellek.

Horregatik konpromisoak eskatu zizkien Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioez eta desarmeaz hitz egiteko: «Bide bakarra dago; etsaiarekin hitz egitea».

Euskal Herrian bakerako aukera handia dagoela esan zuen, Aieten urrats handia egin zela. «Fruituak eman ditzan espero dut».