Konponbideari begira

Berriak

Espainiako Gorteen babesa lortu nahi du Urkulluk Raxoirentzat

Buruzagi jeltzaleak uste du Espainiako gobernuburuarentzat berme bat izango dela prozesuan urratsak egiteko Instituzioen lana nabarmendu du, baina esan du ez duela «akordio itxirik» onartuko

2012-02-16 / Jokin Sagarzazu

Iñigo Urkulluk «akordio zabal bat» egin nahi du Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten indar politikoekin, Mariano Raxoiren gobernuak «babes politikoa» izan dezan jokaleku politiko berrian jardun ahal izateko. EAJren EBBko presidenteak azaldu duenez, ideia hori helarazi zion Espainiako gobernuburuari duela bi aste harekin Madrilen izan zuen bileran. «Orduan esan nuen, eta orain berresten dut: Madrilgo legebiltzarrean adostasun politiko zabala lortzeko aukera dugu, ganberaren aho bateko babesa izango lukeen adostasuna, eta Raxoiren gobernuari jarduteko babes politikoa emango liokeena».

Espainiako berri agentzia bati eginiko adierazpenetan, Urkulluk gogora ekarri du 2005. urtean orduko gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Kongresuaren babesa jaso zuela ETArekin elkarrizketak izateko. Orduan lortutako bat egitea egungo egoerara ekartzea izango litzateke haren asmoa. Modu horretan, Raxoik tresna baliagarri bat izango luke bake prozesuan aurrera egin ahal izateko bere alderdiaren barruan eta beste sektore batzuetan izan ditzakeen «trabak» gainditzeko, eta «etorkizuneko erronkei» aurre egiteko berme bat. «Alderdi politikoek euren artean egin dezaketen lanaz haratago, legebiltzarraren babesa lagungarria izango litzateke Gobernuarentzat, Zapaterorentzat lagungarria izan zen bezala», azaldu du Urkulluk.

Horrekin batera, buruzagi jeltzaleak nabarmendu du konponbide prozesuan «Espainiako eta Euskadiko instituzioek» paper garrantzitsua joka dezaketela, eta horietan guztietan «konplizidadeak ehundu» daitezkeela. Hori dela eta, adierazi du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak herenegun eginiko proposamena ez duela gaizki ikusten, baina ohartarazi du alderdi jeltzaleak ez duela «akordio itxirik» onartuko. «Indar politiko guztien artean konplizidadeak ehuntzeko garaia da».

Ideia hori aipatu zuen Basagoitik herenegun, baina ezker abertzalea «akordio zabal» horretatik kanpo uztearen alde azaldu zen. Zehaztu duenez, bere egitasmoa ez da baztertzailea, baina gaineratu du «oraintxe» ezker abertzalea ez duela barruan ikusten.

Basagoitirekin bat egin du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, eta hark proposatutako «hiruko akordioa» defendatu du. Pastorrek uste du PSE-EEk, EAJk eta PPk akordioa egin ondoren, ezker abertzalea itunera ekartzeko aukera egongo dela.

Urkulluk, aldiz, ez du egoki ikusten PP eta PSE-EEren asmoa. Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, akordio bateratzaileak lortzeko beharrezkoa da harremanak lantzea eta indar politiko guztien parte hartzea bermatzea. «Etorkizunerako bidean ezin dira egon Euskadiko alderdi batzuen arteko itunak; itun itxiak. Adostasun politiko zabalak beharko dira, eta sentsibilitate politiko guztiek —Euskadikoek zein Espainiakoek-—parte hartzeko aukera izan behar dute».

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak, berriz, ontzat eman ditu Basagoitiren eta Urkulluren proposamenenak. «ETA bizirik dago eta, beraz, egitekoa ez da amaitu. Hori lortzea helburu duten akordio guztiak onak dira», esan du, Raxoirekin bildu ondoren eginiko agerraldian. Rubalcabak ez du atzo eginiko bileraren inguruko zehaztasunik eman nahi izan. Euskal gatazkarekin loturiko gaietan «diskrezioz» arituko dela eta Raxoiren gobernuaren ekimen guztiak babestuko dituela esan du.

Bazterketarik gabe

Ezker abertzaleak, berriz, gogor salatu du Basagoitiren egitasmoa. «Euskal gizartean erabat minoritarioak diren postulatuetatik eginiko proposamena» dela adierazi du, eta nabarmendu du egitasmoa «baztertzailea» dela eta «konponbideen kontrako errailean» kokatua dagoela. «Ajuria Eneko Itunak planteatzen zuenaren moduko eskema gainditua oroitarazten du, PPren blokeo estrategia elikatzea helburu baino ez duena».

Komunikabideetara igorritako ohar batean ezker abertzaleak berretsi egin du «konponbide bateratzailea» posible izateko «nahitaezkoa» dela eragile guztien parte hartzea; eta behar horren inguruan Euskal Herrian «adostasun zabala» dagoela uste du. «Bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoa da modu bakarra, Euskal Herrian eta munduko beste edozein herritan, gatazka politikoak kudeatzeko eta behin betiko eta egiazko konponbideak eraikitzeko».

Lokarri, berriz, kezkatuta agertu da hiru alderdien arteko akordiotik ezker abertzalea «era esplizituan baztertu» dutelako. «Bazterketa etengabe egon da gure iraganean, eta hori hutsegite bat izan da», nabarmendu du.

Informazio osagarria

Publizitatea