Konponbideari begira

Berriak

HNTk alderdi politikoei eskatu die konponbiderako elkarrizketak abiatzeko

Ez du egoki ikusten Eusko Legebiltzarrak ordezkatzea alderdien mahaia, indar guztiak ez daudelako ordezkatuta
Pierre Hazan, Nuala O'Loan, Raymond Kendall eta Brian Currin, taldearen aurkezpenean, iaz.
Pierre Hazan, Nuala O'Loan, Raymond Kendall eta Brian Currin, taldearen aurkezpenean, iaz. MONIKA DEL VALLE / ARP

2012-02-04 / Jokin Sagarzazu

Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileekin asteon egin duen bilera sorta amaitu zuen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak atzo. Komunikabideetara igorritako ohar batean jakinarazi duenez, gatazkaren konponbiderako «elkarrizketari buruzko elkarrizketak» abiatzeko eskatu die haiekin bildu diren alderdi eta eragileei. Izandako hartu-emanetatik HNTk ondorioztatu du konponbiderako elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko aukera egon badagoela, baina nabarmendu du aurretik gai horren inguruan dauden «arazoak» gainditu behar direla. Hori dela eta, alderdiei eskatu die harreman «informal eta egonkorren» bidez elkarren arteko «komunikazioa eta konfiantza» lantzeko. «Horri deitzen zaio elkarrizketari buruzko elkarrizketak», azaldu du HNTk, eta «soilik alderdi politikoei dagokie hori aktibatzea», gaineratu du.

Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowskik osatutako harreman taldea bi egunez izan da Euskal Herrian, eta talde politiko ugarirekin bildu da, PP, UPN eta UPDrekin izan ezik. Izan dituen hartu-emanen bidez, Euskal Herriko alderdi politiko guztien arteko bilera bat antolatzeko aukera aztertu du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak. Iritzi askotarikoak jaso ditu, eta horietatik egiaztatu du gai horren inguruan ikuspuntu ezberdinak daudela.

HNTren oharretik ondoriozta daitekeenez, eragile batzuentzat Eusko Legebiltzarrak ordezkatuko luke alderdien mahaia. Taldeak, baina, ez du begi onez ikusten planteamendu hori. «Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ulertu eta errespetatzen du Euskal Herriko alderdi eta instituzioei dagokiela, herritarren ordezkari zilegi gisa, gatazkaren konponbidea sustatzeko mahaia osatzea. Baina gai horretan arazo bat dago: eragile guztiak ez daude ordezkatuta aipatutako legebiltzarrean [Eusko Legebiltzarrean], eta horren emaitza izango litzateke kontaktuak ez liratekela bateratzaileak izango, eta zilegitasun gabezia bat izango luketela».

Arazo hori konpontze aldera, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak adierazi du Sorturen legeztatzea beharrezkoa dela; horrek «ahalik eta azkarren» izan behar duela dio, eta «hurrengo hauteskundeetan» parte hartzeko aukera izan behar duela. «Hala, hauteskundeak egin ostean, alderdi politiko guztiek izango lukete ordezkaritza legebiltzarrean, eta orduan izango litzateke posible gatazka konpontzeko elkarrizketa».

Azkenik, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak berretsi egin du bere helburua dela alderdi guztiak mahai berean bildu eta bakeaz eta normalizazio politikoaz mintzatzen jartzeko bidea irekitzea.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, ezker abertzaleak Harremanetarako Nazioarteko Taldea osatzen duten kideen lana eta ahalegina eskertu du, eta taldearen planteamenduekin bat egiten duela nabarmendu du. Hori hala, «eragile guztiei» dei egin die «denbora gehiago galdu gabe ekiteko gatazka politikoaren konponbiderako elkarrizketa politikoei». Era berean, elkarrizketa prozesua «bateratzailea eta erabakitzailea» izan dadin, eragile guztiek bertan parte hartu behar dutela azaldu du. «Horretarako, ezinbestekoa da Ezker Abertzalearen legeztatzea», adierazi du.

Alderdien ikuspuntua

Ezker abertzaleaz gain, Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin bildu diren alderdi gehienek eman dute izandako hartu-emanen berri. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak azaldu duenez, euskal instituzioen papera defendatu dute alderdi jeltzaleko ordezkariek taldeko kideekin izandako bileran. «Honek guztiak eremu instituzionalean egokitzapen bat izan behar duela azaldu dugu». Urkulluren arabera, kontua ez da Eusko Legebiltzarrak euskal gizartea osoa ordezkatzen duen edo ez, «baizik eta euskal instituzioek prozesua osatu behar dutela», esan du, kazetarien galderei erantzunez, Bilbon eginiko prentsaurreko batean.

Buruzagi jeltzaleak onartu egin du Legebiltzarra «hankamotz» dagoela. Hala ere, EAJk alderdi guztien arteko elkarrizketak eta «prozesu bateratzaile eta ez-baztertzaileak» defendatuko dituela nabarmendu du. Urkulluk adierazi duenez, HNTko kideek ez diote planteatu alderdien mahai bat osatzeko «beharra edo aukera». «PP ezker abertzalearekin biltzeko gai ez bada, ez dakit zein neurritan izango litzatekeen eraginkorra mahaia», azaldu du.

Aralarrek, berriz, alderdien mahai bat osatzearen beharra azaldu dio harreman taldeari. Bileran azpimarratu duenez, «komenigarria eta premiazkoa» litzateke ahalik eta azkarren alderdien arteko elkarrizketa bideratzea. Aralarren iritzian, akats bat izango litzateke, gainera, Eusko Legebiltzarrak ordezkatzea elkarrizketa bideratzeko mahaia; batetik, bertan ez daudelako Euskal Herriko alderdi guztiak ordezkatuak, eta, bestetik, Eusko Legebiltzarrean bideratuko balitz Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko gainerako eragile politikoak kanpo geratuko liratekeelako. «Eta horrek, Euskal Herriko gatazka politikoan lagundu baino, oztopo gehiago jarriko lituzke», azaldu du prentsa ohar batean.

EAk, berriz, harreman taldeko kideen aurrean «bi mahaien eskema» defendatu duela jakinarazi du. Mahai politikoari dagokionez, «berehala» martxan jarri behar dela eta indar politiko guztiak ordezkatuta egon behar direla azaldu. Alternatiba ere «bazterketarik eta baldintzarik gabeko» elkarrizketa politikoak abiatzearen alde azaldu da.

Informazio osagarria

Publizitatea