Konponbideari begira

Berriak

Lopezek dio garai berria ezin dela «amnesia kolektiboan» oinarritu

ETAk hildako ertzainen omenezko sugarra itzali dute Arkautin, baina azpimarratu dute biktimen memoria bizirik dagoela Herrizaingo sailburu ohiek parte hartu dute Ertzaintzaren 30. urtemuga ekitaldian

2012-02-02 / Edurne Begiristain

Oroitzeko ekitaldia egin zen atzo Arkautin, Ertzaintzaren akademiaren egoitzan (Araba). Ertzaintzaren lehen promozioko kideak oroitzeko ekitaldia izan zen, baina baita ETAren indarkeriak hildako ertzainak gogoratzeko ere. Patxi Lopez lehendakariak den-denak izan zituen gogoan bere hitzaldian. «Harro» agertu zen 1982an lehen ertzainek hasitako bideaz, eta baita «totalitarioen erruz» bizia galdu dutenek askatasunaren alde egindako «sakrifizioaz» ere. Haientzat denentzat esker oneko hitzak izan zituen, eta ohartarazi zuen ETAk indarkeriari amaiera eman ostean zabaldu den garai berria ezin izango dela «amnesia kolektiboan» oinarritu.

Ertzaintzaren 30. urtemuga ospatzeko ekitaldiak kutsu berezia izan zuen, ETAren indarkeria uzteko erabakiak baldintzatuta egin zelako. Hain justu ere, atzo itzali zuten azken hemeretzi urtean ETAk hildako ertzainen omenez jarritako su-ontziko garra. Sugarra 1993ko abenduan piztu zuten, ETAk Joseba Goikoetxea Ertzaintzaren sarjentua hil eta gero, eta ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duen arte egon da piztuta, modu sinbolikoan. Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburu ohiak, Jose Goikoetxea ETAk hildako lehen ertzainaren semeak eta Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak itzali zuten sugarra. Hura amatatu bada ere, biktimek oroimenean iraungo dutela nabarmendu zuten ertzainen senideen aurrean. Ekitaldian Juan Lasa, Jose Manuel Martiarena eta Javier Balza Herrizaingo sailburu ohiak gonbidatu bereziak izan ziren.

ETAk hildako ertzainen omenezko bi oroitarri inauguratu zituzten Lopezek eta Aresek, eta haien omenez lore koroa paratu zuten. Amaieran, lehendakariak azpimarratu zuen «terrorismoa» bukatu dela, eta orain erronka nagusia «elkarbizitza demokratikoa» eraikitzea dela. Etorkizuna, baina, memoriaren gainean eraiki beharra dagoela esan zuen: «Malko ugari isuri ditugu, bizi asko galdu ditugu, eta, horregatik, onartezina litzateke garai berria ahanzturaren gainean eraikitzea». Gertatutakoa berriro errepikatu ez adin, «demokrata guztien konpromisoa» eskatu zuen lehendakariak. Halaber, ohartarazi zuen ez dutela onartuko historiaren kontakizuna berriro idaztea, hori egitea «traizioa egitea» litzatekeelako bizia galdu duten ertzainei eta euskal gizarteari.

Lehendakariak azpimarratu zuen oraindik lan asko egiteke dagoela bakea finka dadin, baina demokraziak «ateak irekita» izango dituela hala nahi duenak bertan sar dadin. Ertzainak demokrazia horren «zaindariak» izango direla gogorarazi zuen, halaber.

Jendetsua izan zen Ertzaintzaren omenezko ekitaldia. ETAk hildako ertzainen senideei babesa emateko EAJ, EA, PSE, PP, Aralar eta EB legebiltzar taldeetako ordezkaritza zabala izan zen Arkautin. Halaber, Rodolfo Ares, Idoia Mendia eta Carlos Agirre Jaurlaritzako sailburuak, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Espainiako segurtasun indarren buruzagiak izan ziren, besteak beste.

Publizitatea