Konponbideari begira

Berriak

'Bateragune auzia'. Logroñoko espetxe aurreko ekitaldia

837. egunean, elkartasuna

Otegiren delitu bakarra «bakeari ateak ireki nahian aritzea» izan zela aldarrikatu du Logroñon euskal ordezkaritza zabal batek Politika, kazetaritza, kultura, sindikalismo eta unibertsitate arloko pertsonak bildu dira
Logroñoko espetxearen aurrean Arnaldo Otegi askatzeko 50 eragilek egindako agerraldia eta bilkura.
Logroñoko espetxearen aurrean Arnaldo Otegi askatzeko 50 eragilek egindako agerraldia eta bilkura. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2012-01-29 / Ivan Santamaria - Berriemaile berezia

837 egun, giltzapean. 837 egun, poliziek indarrez eta eskuburdinak jarrita LABek Donostian duen egoitzatik atera zutenetik. 837 egun, Euskal Herrian ireki den aro berriari ziega barrutik begiratzen. Baina Arnaldo Otegik kartzelan atzo igaro behar zuen 837. eguna ez zen besteak bezalakoa izan. Ez zen oharkabean igaro, eta Logroñoko (Errioxa, Espainia) espetxearen atariraino haren egoeraren aurkako protesta eta egindako lanaren aitortza egin zuen euskal ordezkaritza zabal batek.

Politika, kultura, kazetaritza, kirol, sindikalismo eta unibertsitate esparruetako 50 pertsona ezagunek bat egin zuten Arnaldo askatu, politika askatu plataformak atzo Logroñoko espetxearen aurrean antolatu zuen ekitaldiarekin. Gehienak han izan ziren, Errioxan jotzen zuen haize hotzari aurre eginez.

Politikako eragileak ziren nagusi bilkuran. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Ramon Labaien Donostiako alkate ohia han izan ziren. Amaiur koalizioko ordezkaritza zabal bat ere izan zen, besteak beste, Xabier Mikel Errekondo, Maite Aristegi, Iñaki Antiguedad eta Rafa Larreina diputatuekin. Larreinarekin batera, Unai Ziarreta EAko idazkari nagusi ohia egon zen. Ezker abertzaleko aurpegi ezagun ugari zeuden. Hala nola Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Maribi Ugarteburu, Pernando Barrena eta Loren Arkotxa. Kataluniatik Joan Tarda eta Gaztelatik Doris Benegas izan ziren.

Politikatik aparte, Joan Mari Irigoien eta Laura Mintegi idazleak, Xabier Amuriza bertsolaria eta Fernando Madina Reincidentes taldeko abeslariak parte hartu zuten ekitaldian. Gauza bera egin zuten Rafa Izquierdo LAB eta Belen Arrondo EILAS sindikatuetako kideek ere. Hedabideen aldetik, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Gara-koak, Iñaki Sotok, ez zioten deialdiari hutsik egin.

Ezohiko lekua zen prentsa agerraldi baterako. Zelai batean, mahaia, espetxeko hesietatik 200 metro eskasera. Mahaiaren atzean, deialdiari babesa agertzera bertaratutako pertsona ezagunak oholtza batean. Hedabide ugariren ikusmina piztu zuen deialdiak. Espainiako Poliziak ere jarraitu zuen bilkura, baina urrunetik eta esku hartu gabe.

Bake nahia, delitu

Bateragune auzian zigortu zituzten bost kideei agur eta besarkada bana bidali zien plataformak. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto «atxilo eta bahiturik» jarraitzen dutela nabarmendu zuten. Otegi «Espainiaren gatibu» dela salatu zuten. «Haren delitu bakarra izan da gaur Euskal Herrian dugun egoera berria abian jartzea, gatazkaren konponbiderako euskal gizarteak itxaropenez eta ilusioz hartu duen bidea».PSOEren gobernuari bota zioten errua, eta uste dute Zapaterok eta Rubalcabak euskal gatazkaren irtenbiderako ahaleginak blokeatu eta lehertu nahi zituztela atxiloketa horiekin. «Horregatik, atxilotu eta hamar urteko zigorra ezarri zioten bakeari atea ireki nahian zebilen Arnaldori». Epaia «zentzugabea» izan zela azpimarratu zuten. «Beldurra eta bakearen prozesua bideratzeko maila politiko eskasa baino ez du adierazten».

Ekitaldia harago doala ere argi utzi nahi izan zuten. «Ez gara etorri Arnaldo beste guztien gainetik jarri eta goraipatzera, ezta harengan Nelson Mandela berri bat irudikatzera ere. Benetako arazoa, bidegabekeria gorriarena, estaltzen duten ke multzoak baino ez dira».

Era berean, atzera begirako politikak atzean uzteko eskatu zuen plataformak. «Utikan garaituen eta garaileen AVT, Alcaraz eta antzekoen politika zaharkituak». Ildo horretan, kezkaz ikusten dute PPko gobernu berriaren «zurruntasuna eta geldotasuna».

Gutuna, bost hizkuntzatan

Adierazpenaren ondotik, Alfonso Sastre idazleak Arnaldo Otegiri idatzitako gutuna irakurri zuten euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, frantsesez eta ingelesez. Kartzelan daudenen «kemen etikoa eta heldutasun politikoa» goraipatu zituen Sastrek, eta amnistia orokorra eskatu zuen. «Pauso hori eman gabe ez da bakerik izango».

«Dudarik ez izan, ez dugu atsedenik hartuko zuek kalean besarkatzeko aukera izan arte», nabarmendu zuen Sastrek, halaber.

Informazio osagarria

Publizitatea