Bilboko manifestazioaren aldarria Madrilera eraman du Amaiurrek
Espetxe politika lehenbailehen aldatzeko eskatu dio Amaiur taldeak Mariano Raxoiren gobernuari
2012-01-13 / Erredakzioa
Espainiako Gobernuak presoen gaiari heldu eta egungo espetxe politika lehenbailehen aldatu behar duela uste du Amaiurrek. Bilbon joan den larunbatean Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira lelopean egindako manifestazioa izango litzateke premia horren adierazlea. Izan ere, manifestazio horren aldarria Madrilera eraman nahi izan du Amaiurrek, Espainiako Kongresuan eman duen prentsaurreko baten bidez. Amaiurrek dei egin die Espainiako Gobernuari eta, bereziki, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari «buru argitasunez» eta «ausardiaz» jokatzeko. Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioko bozeramaileak nabarmendu zuen badela garaia Espainiako Gobernuak urratsak egin ditzan. Aieteko Adierazpena gogora ekarriz, bertan nazioarteko ordezkaritzak Espainiako eta Frantziako gobernuei dei zehatza egin zietela eta oraindik ez duela erantzunik jaso azpimarratu zuen Errekondok. Amaiurren ustez, Espainiako Gobernuak badu nondik hasi: «euskal preso politikoak hurbiltzen hasi beharra dago, Parot doktrina baliogabetu behar da, gaitz larria duten presoak kaleratu behar dira, eta hiru laurdenak bete dituzten presoak, eta behin-behineko espetxealdian daudenak». Errekondoren iritziz, Raxoik aldatu egin beharko luke «hainbesteko sufrimendua eragin duen eta eragiten ari den espetxe politika».
Amaiurrek badu asmoa Espainiako Kongresuan presoen aferari buruz eskaeraren bat aurkezteko, baina lehenago gainerako talde parlamentarioekin hitz egingo du, adostea posible den ikusteko. Oraindik ez dauka erabakita nolako forma emango zaion ekimen parlamentarioari.
Goizean Radio Euskadik egin zion elkarrizketan, Xabier Mikel Errekondok azaldu zuen Amaiurrek «ateak irekita» dauzkala harremanak izateko Kongresuko talde guztiekin, baita PPrekin ere. «PPrekin ez dugu izan harreman ofizialik, baina bai kontaktu informal, normal eta naturalak».
Aresen azalpenak
Presoen gaiari berriro heldu zion atzo Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, ETBn egin zioten elkarrizketan. Euskal presoek banan-banan Euskal Herriko espetxeetara joateko edo libre uzteko Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu dituzten eskaerak «irtenbide kolektiboa bilatzeko asmoz» erabilitako «mozorro gisako zerbait dira», baina ez da irtenbide kolektiborik egongo, atzo Rodolfo Aresek ziurtatu zuenez.
«Ez da irtenbide kolektiborik izango, ez delako preso guztien kaleratzerik izango. Presoek zigorra bete beharko dute; besterik da politika dinamiko eta malgu bat ezartzea, eta legedia betez presoek onurak lortzea», esan zuen Herrizaingo sailburuak.