Konponbideari begira

Analisiak

Euskal presoak. Bilboko manifestazioa. Analisia

Egunen batean

 
Presoen senideak, manifestazioaren buruan.
Presoen senideak, manifestazioaren buruan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2012-01-08 / Pello Urzelai

Ezikusia egin ote dakioke itsasoari? Haren aditzerarik ez baduzu, denik ere ez badakizu, agian; bestela nekez». Hitzok hitzaurre batekoak dira, espetxe barneko egoeraren berri ematen zuen Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren birragitalpenaren hitzaurrekoak. Espetxe barneko egoeraren berri izanda ezikusia egitea ezinezkoa baita. Ezikusia egin ote dakioke Bilboko kaleetan zabaldutako jende itsasoari? Batzuk itsuarena egiten ahaleginduko dira arreta alboko zertzelada batzuetara eramanez, baina alferrik izango da. Bilbon, presoen eskubideen alde, presoen Euskal Herriratzearen alde edo presoen afera konpontzearen alde bildutako jendetzaren neurria ez ikustea ezinezkoa da. Aspaldian ez zen ikusten halako jende bilketarik manifestazio batean. Aspaldian ez zen gertatzen halako kolapsorik Bilbon. Aspaldian ez zen nabaritzen halako mobilizazio sozialik Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan. Bilboko itsasora iritsitako ibaien emaria aspaldian ez bezalakoa izan da.

Atzera eginez, 1999ko urtarrilaren 9an Euskal presoen eskubideen alde lelopean egin zen manifestazioa ekarri du gogora atzokoak, jende kopuruagatik, eta itxaropen sentimenduagatik. Orduan, baina, EAJk ere deitu zuen manifestaziora. Lizarra-Garaziko garaiak ziren. Oraingoan, ordea, nahiz eta manifestazioaren lelo nagusiarekin —Euskal presoak Euskal Herrira— ados egon, EAJk alde batera gelditu nahi izan du. Hala ere, EAJren deia izan gabe, antzeko neurria izan du manifestazioak. EAJk aukera bat galdu du gehiengo sozialaren nahiarekin konektatzeko.

Izan ere, milaka eta milaka herritarrek mezu argi bat utzi dute Bilboko kaleetan: presoen egoera ezin da gehiago egon aldatu gabe, espetxe politika premiaz aldatzen hasi behar da, errotik. Helburu hori lortzeko indar bilketak balio handia du. Ahalik eta eragile gehiago bilduta horren inguruan are eta eraginkorrago. EAJk 1999an bat egin zuen ekimen bateratuarekin. Oraingoan ez zuen arrazoirik ez egiteko. Orduko mobilizazio erraldoiak eragina izan zuen Aznarren gobernuan (ehun preso inguru Euskal Herritik gertuko espetxeetara hurbiltzeko behartuta sentitu zen). Logikoa da pentsatzea atzoko manifestazioak eragina izango duela Raxoiren gobernuan, nahiz eta ez ikusiarena egiten saiatu. Gaur egun mobilizazio herritarrek ezin saihesteko moduko eragina izaten dute gobernuentzat.

Edozein modutan, presoek beraiek badakite amesten duten kaleratzea ez dela prozesu azkar eta erraza. Nekeza baizik. Graduala. Presoen, senideen eta herritarren itxaropenaren erritmoak, ziurrenik, ez dira bat etorriko espetxeetako giltza gordetzen dutenen erritmoekin. Pazientzia eta malgutasuna uztartu beharko dira, baina Bilboko kaleetan irudikatutako itsasoaren indarra geldiezina dela jakinda. Izan ere, atzoko mareak jarraipena izango du: presoen aldeko mugimendua herriz herri berregituratzen eta zabaltzeko bidean da ari da. Manifestazioaren indarrak lagunduko du mugimendu hori berrabiarazten, presoen gaia lehen lerroan izaten jarrai dezan, preso bakoitzak edozein dela bere egoera sostengua izan dezan.

Azken batean, «egunen batean», poetak kartzelan idatzitako bertsoak beteko baitira: «hamaika urteren ondoren lehengoz / —gorrotoaren kortesiaz— / diosala eginen diegu kartzelan utziko ditugun / funtzionarioei».

Publizitatea