Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Bilboko manifestazioa

Premiazko eskaria

Gainezka jarri dute Bilbo herritarrek, euskal presoak Euskal Herriratzeko eta askatzeko eskatuz egindako manifestazioan Manifestazio isilerako deia egin zuten arren, behin eta berriz oihukatu zuten presoen alde
Jendetza handia, Autonomia kalearen luzera guztian, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan.
Jendetza handia, Autonomia kalearen luzera guztian, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2012-01-08 / Oihana Elduaien Uranga

Manifestazioaren ibilbidea ez ezik, inguruetako espaloiak eta kaleak bor-bor jarri zituzten atzo herritarrek. Gainezka zen dena Bilbon; 90.000 lagunetik gora batu ziren, antolatzaileen arabera. Herritarrek argi azaldu zuten euskal presoak Euskal Herriratzea premiazkoa dela. Lehentasunezkoa. Ezinbestekoa. Eta Euskal Herriratzea bakarrik ez, haiek kalean aske izateko ere eskatu zuten, ozen. Espainiako Auzitegi Nazionalak hainbat muga jarri ostean, martxa isilerako deia egin zuten antolatzaileek; baina inork ezin izan zuen herritarren oihua isildu. «Euskal presoak, etxera!» eta «Presoak kalera amnistia osoa!» oihuak askotan entzun ziren.

Handia ez ezik, emozioz betetakoa ere izan zen Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatuta egindako manifestazioa. Malko asko isuri ziren, batik bat manifestazioaren hasieraren ibilian.

Euskal presoen senitartekoak joan ziren guztiaren hasieran. Aurre-aurrean, ezinbesteko bidelagun izan dituzten Mirentxinen furgonetak joan ziren, espetxeetara hainbat buelta egin ostean, Bilboko kaleak zeharkatzen. Asteburu honetan ez dira kartzeletara joan, presoek ez baitute bisitarik izan, senitarteko guztiak Bilbon egon zitezen. Furgoneten atzean joan ziren senideak, hain zuzen ere. Maindire bana eskuetan eta lepoko zapia soinean, ilaran; kriseiluak zeramatzatenen segidan. Presoen argazkiak eramateko debekua saihestu zuten batzuek. Argazki handirik ez zen ikusi, baina elastikoan semearen argazkia zuen ama batek, eta argazki txikiak paparrean, beste gutxi batzuek. Espaloietan kabitu ezinik zegoen jendeak txalo zaparrada beroekin egiten zien ongietorria errepresaliatuen senitartekoei, oihuekin lagunduz. Zain dago ama abestia ere abestu zuten behin baino gehiagotan.

Ez zuten lan erraza izan bidea zabaltzen. Ibilbide oso-osoan zegoen alboetan jendea zain, eta Zabalburu plazan, esaterako, oso toki estua zeukaten. Antolatzaileek ozen egin behar izan zuten oihu «atzerago!», bidean tartea egiteko. Jendetza hartan, itolarriak ere eman zion jendeari, eta lagunak galduta telefonoa astindu behar izan zuenik ere bazen. Zabalburun ez ezik, Plaza Biribilean ere jende asko zegoen. Han zeuden ekitaldia ikusteko aurreneko pantailak, eta, bozgorailuetatik musika ozen jarrita zegoenez, gutxitu egin ziren jendearen builak.

Senide guztiak pasatu ostean ere ezin zuten manifestaziora sartu alboetan zeudenek. Pankarta zegoen haien atzetik, leloa euskaraz eta ingelesez zuela. Denetariko jendea zegoen pankartan, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak, Fermin Muguruza eta Ines Osinaga musikariak, Alaia Martin bertsolaria, Jose Mari Sagardui Gatza preso ohia, eta abar. Pankartaren atzean politikariak, sindikalistak, gizarte eragileak eta kultur munduko hainbat lagun bildu ziren. Asko ziren manifestazioarekin bat egin zutenak, eta Bilbon izan ziren atzo guztiak. Herritarren sentimenduei politikariek jarri zieten hitza. Egungo egoera politikoan oraingo espetxe politikari eustea ez dutela ulertzen esan zuten, eta ETAk armak uzteko erabakia eman ostean aldatzen hasteko ordua iritsi dela ohartarazi zieten Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Haien guztien atzean sartu zen jendea. Milaka eta milaka lagun. Batzuek ez zuten pauso askorik ematerik izan, ibilbide osoan zehar jendea sartzen joan zelako. Martxaren hasiera udaletxeko plazara iritsi zenerako erabat beteta zegoen hura, eta manifestazioaren amaiera Casillatik atera berria zen. Ibilbide osoa jendez beteta egon zen. Euskal Herrian inoiz egin den manifestaziorik handienetakoa izan zen.

Euskal herritarrak bakarrik ez

Euskal Herriko lurralde guztietako jendea joan zen Bilbora atzo, baina ez ziren euskal herritarrak bakarrik bildu. Madrildik eta Herrialde Katalanetatik ere etorri zen jendea. Manifestazioa hasteko zegoela, senideak Autonomia kalean prestatzen ari zirela, Zabalburu aldetik gerturatu ziren, esate baterako, madrildarrak. Madrid jartzen zuen pankarta bat zabaldu zuten, eta jende talde bat manifestazioaren burura gerturatu zen inguruan zeudenen txalo zaparrada beroa jasoz.

Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan zen. Alboetako plaza eta kaleetan hainbat furgoneta zeuden, eta helikopteroa ere bazebilen airean. Tarteka behera jaisten zen, zarata ikaragarria eginez. Tentsio une batzuk ere sortu zituzten manifestazioaren hasieran. Jende artean oinez pasatu ziren zabaldutako pankartetan zer jartzen zuen ikustera, Fernando Grande Marlaskak idatzitako autoa betetzen zutela egiaztatzeko edo. Jendeak txistu egin zien, gogoz.

Pankarta asko erakutsi zituen jendetzak bidean. Zabalburu plazan, esate baterako, eskuan letrak zituen jendea zegoen, Gaixo larriak askatu! esaldia osatuz. Ekaitz Samaniegoren aldeko kamisetekin ere bazegoen jendea, eta solidarioek Amnistia pintaketa ere egin zuten ibilbidean.

Zain dago ama kantuarekin malko artean abiatu zen manifestazioa Hator hator irribarretsu eta dantzatuarekin amaitu zen. Fermin Muguruzak, Xabi Solanok, Sorkunek eta beste hainbat musikarik abestu zuten, bildutako jendetzaren laguntzarekin. Senideen maindireak ere dantzan jarri ziren.

Informazio osagarria

Publizitatea