Konponbideari begira

Berriak

Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa

Elkarlanean arituko dira EAJ eta PP, «garai historikoa» kudeatzeko

Raxoik Erkorekari esan dio autonomia estatuan sinesten duela eta ez duela kenduko baina hobetu daitekeela
Josu Erkoreka, atzo, Raxoik bere diskurtsoari emandako erantzunari erantzuten.
Josu Erkoreka, atzo, Raxoik bere diskurtsoari emandako erantzunari erantzuten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2011-12-21 / Oihana Elduaien Uranga - Berriemaile berezia

ETAk armak uztea erabaki osteko «garai historikoa» kudeatzeko EAJrekin elkarlanean arituko dela hitz eman dio Mariano Raxoik Josu Erkoreka diputatu jeltzaleari. Betiere «legezkotasuna eta zuzenbide estatua» errespetatuta egingo du hori PPk, Espainiako gobernuburuak iragarri duenez. Erkorekak ez dio esan legea urratu behar denik. Hain justu, presoen gaian, esate baterako, legea malgua dela ekarri dio gogora, eta legea bera betez amai daitekeela sakabanaketa. Eta Raxoiren elkarlan eskaintza onartu du, pozarren.

Asteleheneko eztabaida saioan Raxoik ez zuen hitz egin Euskal Herriko egoera politikoaz. Baina, atzo, gaiari heldu behar izan zion, Euskal Herriko diputatu zenbaitek horretaz galdetu ziotelako. «Behin betiko bake iraunkorra» lortzeko lan egin behar dela ohartarazi zion Erkorekak; horretarako ez dutela gehiengo absolutuek balio, eta ahalik eta adostasun handiena lortu beharra dagoela. Tony Blairrek The New York Times egunkarian idatzitako iritzi artikulu batean esaten zuen gisan, «arriskatuz, konpromisoz, eskuzabaltasunez eta estatu zentzuarekin» jokatzeko eskatu zion. Gai delikatua dela jakin badakiela eta «denboraz, zuhurtziaz eta, batez ere, diskrezioz» jokatu behar dela ere jakitun dela.

Lantzeko puntu zehatz batzuk markatu zizkion Erkorekak Raxoiri. Batetik, indarkeria guztiek desagertu behar dutela esan zion, baita «oraindik herri batzuetan existitzen diren mehatxu eta intimidazioek ere». Biktima guztiak «aitortzea eta babestea» ere ezinbesteko eta lehentasunezko gaitzat jo zuen. «Gai horretan asko egin den arren, oraindik asko dago egiteko», esan zion.

Bi puntu horiek oso kontuan izanda, eutsi beharreko beste puntu batzuk ere badirela ekarri zion gogora. Zehazki, «salbuespen neurriak» baztertzeko garaia dela esan zion: «Espetxe politika irekiago, dinamikoago eta malguagoa» eskatu zion. Horrek «presoen egoera normalizatzea eta bakea egonkortzean aurrerapausoa ematea» ekarriko lukeela nabarmendu zuen. Gai hori mediatikoa ez izatea berdin zaiola jakinarazi zion gainera Raxoiri, EAJk nahi duena egoera konpontzea dela.

Euskal Herrian «garrantzitsuak» diren gaiez arduratuko dela erantzun dio Raxoik Erkorekari. Gustatu zaiola «zuhurtasunez, zentzuz eta denboraz» jokatzeko aholkua, eta halaxe egingo duela. Lan horretan, EAJrekin eta «indar demokratikoekin» elkarlanean aritzeko prest agertu da. «Hau behin betiko konpontzea espero dut, eta hitz egingo dugu». Hori bai, argi utzi du bere lehentasuna giza eskubideak eta eskubide indibidualak direla: «Askatasuna eta bizitza eskubidea beste guztien gainetik». Ohartarazi du beti egingo duela horien alde eta Espainiako Konstituzioa dela horren berme nagusia. Nolanahi ere, ETA oraindik ez dela desagertu ohartarazi du, eta ordura arte ezingo dela «lasai bizi».

Autonomia estatua

Krisiaren «aitzakian» PPk autonomia estatua desagerrarazi nahi duela iruditu zitzaion EAJri Raxoiren hitzaldia entzunda. Gobernuburuari kezka agertu zion horregatik. Jakinarazi zion EAJk autogobernua beti defendatu izan duela, orain ere hala egiten dutela eta garatu egin nahi dutela.

Autonomien estatua indargabetzeko inolako asmorik ez duela jakinarazi zion Raxoik. Eskuduntzarik ez duela kenduko. Hala ere, gauzak hobetu daitezkeela gaineratu du, eta horretarako asmoa duela. Espainiako Konstituzioaren alde egiteko baliatu du gai hori ere: «Ni Espainiako Konstituzioaren alde nago, eta han autonomia estatua dago; beraz, hori defendatzen dut».

Egoera politikoa kudeatzeko bakarrik ez dira arituko elkarlanean EAJ eta PP. Industria gaietan elkarlana eskaini dio Raxoik. Diputatu jeltzaleak onartu egin du «Euskal Herrikoan garrantzitsua den arloan» batera aritzea. Hala ere, Raxoik aurkeztutako hainbat neurri ekonomikorekin kezka ere agertu zuen.

Hori kontuan hartuta, Raxoiri presidente izateko babesa emateko adina arrazoi ez zeukala ulertu zuen EAJk, baina ezetza emateko ere ez. Abstenitu egin zen.

Informazio osagarria

Publizitatea