Konponbideari begira

Berriak

Gernikako Akordioa. Biktimei buruzko adierazpena

Biktimen mina konpontzeko ekintzak sustatuko ditu Gernikako Akordioak

Indarkeriak eragindako askotariko minak aitortu dituzte sinatzaileek, eta dolua adierazi diete biktima guztiei Biktimen gaia akordio politiko zabalen bidez garatu behar dela nabarmendu dute
Rufi Etxebarria, Gernikako Akordioaren adierazpena irakurtzen, Aieteko jauregian, atzo.
Rufi Etxebarria, Gernikako Akordioaren adierazpena irakurtzen, Aieteko jauregian, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2011-12-18 / Jokin Sagarzazu

Biktima guztiak aitortu eta haien mina konpontzeko saioak sustatuko ditu Gernikako Akordioak. Hala iragarri du Aieteko jauregian eginiko ekitaldi batean. Agiri baten bidez, akordioaren sinatzaileek gatazkarekin loturiko «indarkeria guztiek» sortu duten mina aitortu dute, eta «dolua» agertu diete biktima guztiei. Haiek laguntzeko eta oraindik «irekita dauden zauriak» ixteko konpromiso eta borondate sendoa agertu dute.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek Donostiako Bakearen Etxean eginiko agerraldi batean eman dute ezagutzera biktimen inguruan landu duten adierazpena. Eragile guztien izenean agiri bat irakurri dute Rufi Etxeberria ezker abertzaleko bozeramaileak, Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Rebeka Ubera Aralarreko antolaketa idazkariak. Haiekin batera ekitaldian izan dira Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kidea, Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkaria, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea, Mattin Troitiño Etxerat-ekoa, Jabi Garnika LABeko idazkari nagusiaren albokoa eta gazte mugimenduko, mugimendu feministako eta akordioa sinatu duten beste eragileetako hainbat ordezkari.

2010eko irailaren 25ean Gernikan sinatutako itunak biktimen inguruan dioenarekin abiatzen da agiria. Gernikako Akordioaren testuak indarkeria mota guztien errealitatea, gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza eta adiskidetze eta konponketaren beharra jasotzen ditu. Hortik abiatuta, oinarri horien garapena egin dute sinatzaileek.

Testuak biktimen errealitatea eta hari eman beharreko tratamendua zehazten ditu lehenik. Biktimen inguruan ikuspuntu zabalago bat proposatzen du, eta euskal gatazkarekin loturiko biktima guztiak eta askotarikoak biltzen ditu barnean.

Batetik, «indarkeria guztiak» aintzat hartu behar direla dio, eta indarkeria horien biktima guztiak «modu berean» tratatu behar direla nabarmentzen du.

Hori hala, Gernikako Akordioaren sinatzaileek biktima guztiekiko «dolua» agertzen dute, eta aitortu egiten dituzte indarkeria guztiek sortu dituzten askotariko min eta oinazeak.

Gernikako Akordioak uste du aitortza horrek garrantzi handia duela euskal gatazkaren «benetako historia idazteko» eta «gizarte justu eta baketsua lortzeko». «Egia osatzen dituen egia guztiak ezagutu behar ditugu. Biktima ororen atzean egia bat dago», dio agiriak.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek onartzen dute, baina, «konfrontazio armatuak iraun duen bitartean» zenbait eragileri ezinezkoa izan zaiela «besteen samin eta oinazea aitortzea». Euren helburua «adiskidetze eta elkar ulertze prozesuan» urratsak egiten jarraitzea dela nabarmendu dute. «Eraiki nahi dugun bakea justua eta iraunkorra izan dadin, jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa da, baita gure Herrian irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere. Gure konpromisoa sendoa da, eta hala erakutsi nahi dugu».

Biktimei gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortzen die Gernikako Akordioak. Baina, biktimak egin beharreko kontakizunaren erdigunean kokatzen baditu ere, gai hori «begirunez eta zuhurtziaz» jorratu behar dela uste du: «eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili gabe», dio Gernikako Akordioak.

Sinatzaileen arabera, eragindako mina erreparatzeko orduan, taldekako eta banakako neurriak hartu behar dira, erabaki politikoak barne.

Eragile horiek nabarmendu dute biktimen inguruan akordio zabalak eta integralak lortu behar direla, «indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideen urraketa egoerak gertatzea eragozteko». «Gure ahaleginik handiena adiskidetzea lortzean eta elkarrenganako errespetuan jarri nahi dugu. Gizarte bat lortu nahi dugu, non pertsona guztiek beren eskubideak gauzatuko dituzten, eta beren eskubideak errespetatuak izango diren», nabarmendu dute sinatzaileek.

Gernikako Akordioaren ustez, «gatazka politikoa behin betiko gainditzea» izango litzateke giza eskubideak berriro ez urratzeko «bermerik onena». Horretarako, eragile politikoen artean «akordio zabal bat» lortu behar dela uste du. Elkarrizketa prozesu hori «lehenbailehen» abiatzeko deia egin die Euskal Herriko indar politiko guztiei.

Sinatzaileek, bestaldetik, eta akordioak dioenari jarraiki, Mitchell printzipioekiko konpromisoa berretsi dute —auzi politikoak konpontzeko soilik bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa—. Eta ideologia politikoen artean dauden aldeak aitortzen dituzte, guztiak zilegi izan behar dutela nabarmenduz. «Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen anizta-sunaren seinale dira. Horrega-tik, adostutako marko demo- kratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura susta-tuz».

Nazioartera begira

Urrian eta leku berean nazioarteko pertsona ezagunek aurkeztutako Aieteko Adierazpenak zehaztutako moduan mintzatu da Gernikako Akordioa. Sinatzaileen artean daude: ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba, Etxerat eta Euskal Preso Poli-tikoen Kolektiboa, besteak bes-te.

Aieteko Adierazpenaren hirugarren puntuak dio, euskal gatazkak eragindako zauri pertsonalak eta sozialak ixteko lagungarria dela indarkeriak eragindako minaren eta biktima guztien aitortza egitea, haiei laguntza ematea eta adiskidetzearen alorrean urrats sakonak egitea. Hiru gomendio horiek bere egin ditu Gernikako Akordioak.

Aieteko Adierazpenak beste bi puntu jasotzen ditu. Lehenengoan, ETAren jarduera armatuaren amaiera eskatzen du, eta, bigarrenean, Espainiako eta Frantziako estatuei gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak abiatzeko eskatzen die.

Brian Currin abokatu hegoafrikarrak buru duen taldeak, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, berriz, asteon igorritako ohar batean ohartarazi du Espainiako eta Frantziako gobernuek ez diotela «erantzun positiborik» eman ETAren adierazpenari, eta kritikatu du indarkeriaren ondorioak lantzeko elkarrizketak ere ez dituztela hasi.

Biktimen gaia ere izan du hizpide, eta biktimen gaiari heltzeko eskatu die eragileei, iragana aintzatesteko bide gisa. Prozesu horretan laguntzeko prest azaldu da Harremanterako Nazioarteko Taldea, eta Aieteko ebazpenari jarraipena egiteko batzorde bat sortuko duela iragarri du.

Informazio osagarria

Publizitatea