Konponbideari begira

Berriak

Egigurenek dio ETA eta gobernua «aspalditik» ari direla hitz egiten

Aieteko Adierazpena Espainiako Gobernuak eta ezker abertzaleak «adostu» zutela adierazi du
Jesus Egiguren, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares, Eusko Legebiltzarrean egindako saio batean.
Jesus Egiguren, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares, Eusko Legebiltzarrean egindako saio batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2011-12-03 / Erredakzioa

PSE-EEko presidente Jesus Egigurenek adierazi duenez, ETA eta Espainiako Gobernua «aspalditik» ari dira hitz egiten, eta harreman horien ondorio da urrian Donostiako Aieteko jauregian eginiko nazioarteko bake konferentziako adierazpena. «Ez dakit inork lana hartu duen Aieteko paperak eta puskatu zen prozesuko paperak irakurtzen; jende berak egindakoak direla uste dut».

Egigurenen hitzek hautsak harrotu dituzte beste behin. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ukatu egin dute hark esandakoa, eta gai horren inguruan gehiago ez hitz egiteko eskatu diote. «Hori ez da egia, Egigurenek ez daki zertaz ari den hitz egiten», esan du Jose Blancok, jarduneko gobernuaren bozeramaileak. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak uste du Egigurenen hitzak «espekulazioa» direla, eta «arduraz» jokatzeko eskatu dio. EAJko Josu Erkorekarentzat, berriz, benetakoak izan daitezke haren hitzak. «EAJk ez du harreman horien berririk, baina Egigurenek hori esan badu, hala izango da». Eta ezker abertzaleko Maribi Ugartebururen ustez, PSE-EEren barnean «geroz eta gehiagok» bat egiten dute Egigurenen jarrerarekin, eta adierazi du ona litzatekeela hori iritzi diotenak PSE-EEren barruan indartzea.

Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek PSE-EEren presidenteak. Espainiako eta Frantziako gobernuek ETArekin hitz egin beharko luketen galdetuta, Egigurenek adierazi du harremanak badaudela erakunde armatuaren eta Espainiako Gobernuaren artean; Haren ustez, urriko bake konferentziak agerian utzi du hori. «Zuk uste duzu Kofi Annan etorriko zela Donostiara zertan ari ziren jakin gabe? Nik uste dut elkarrizketa horiek aspalditik daudela martxan».

Egigurenen ustez, han jakinarazi ziren edukien berri bazuen Espainiako Gobernuak. Are gehiago, uste du ezker abertzalearekin adostu zituela. «Testu hori hitzartuta zegoen. Ez Rufi Etxeberria eta Rubalcaba mahai batean eserita, baina hori oso erraza da, beste gizon bat tartean jarrita». «[Aieteko bileran] Gerry Adams etorri zitzaidan, eta esan zidan: 'Hori dena eginda dago; paperak ez du garrantzirik'».

Aurrera begira, eta Aieten zehaztutako bidetik, Egigurenek uste du alderdien mahai bat osatu beharko dela gatazka politikoa konpontzeko; aurretik, baina, bakea sendotu behar dela nabarmendu du. «Datorren legealdian bilatu beharko dugu denak kabitzen garen esparru politiko bat. Hori gehien komeni zaio alderdi sozialistari eta beharbada alderdi popularrari. Abertzaletasunak beti eskatuko du gehiago, baina ez da gizarte demokratikorik existitzen, esparru politikoaren inguruan adostasun bat ez badago».

Horretara iritsi bitartean alderdi politikoek «lasaitasunez» jokatu behar dutela esan du Egigurenek. Haren ustez, ez da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko garaia, eta gaineratu du ezker abertzaleari eta EAJri ere ez zaiela hori komeni. «Azken urteetan esku artean izan dugun gai garrantzitsuena dugu. Euskadiri lasaitasun pixka bat eta legegintzaldia amaitzea komeni zaio. Esaten da gatazkak dauden lekuetan egin behar den azkeneko gauza hauteskundeetara deitzea dela. Jende guztia, eta politikoak bereziki, asko txoratzen gara hauteskundeetan».

Era berean, PSE-EEren presidenteak uste du bake prozesua «azkarregi» doala, eta ezker abertzaleari egiten zaizkion zenbait eskaerak «kutsu elektorala» dutela salatu du. «Batasunari barkamena eskatzea exijitzea hauteskunde kanpaina bihurtzen ari da; benetako gauzek denbora gehiago behar dute. Denbora gehiago eman behar zaio ezker abertzaleari egin beharrekoa egiteko, bestela ez dira benetako pausoak izango», nabarmendu du.

Gobernuaren txanda

Egigurenen aburuz, Espainiako Gobernuari dagokio orain urratsak egitea. «Historiara pasatzeko egingo du, eta egiten ez badu, euskaldun guztiok kontra jarri beharko dugu. Horregatik esan dut PPk laguntzen ez badu hautsi egin beharko dugula haiekin hemen».

Horren harira, nabarmendu du preso dauden ezker abertzaleko buruzagien eta euskal presoen auziak «konpondu» behar direla, eta Arnaldo Otegi bisitatzeko asmoa ere agertu du. «Beharbada ez dut nire alderdiaren baimenik izango; inork ezer ez jakitea nahiko nuke», esan du PSE-EEren presidenteak.

Publizitatea