Konponbideari begira

Berriak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Bakerako urratsik ezean, Egiguren prest azaldu da PPrekin hausteko

PSE-EEko presidenteak Raxoiri eskatu dio espetxe politika aldatzeko eta nazioarteko begiraleekin harremanetan jartzeko Urkulluk esan du PPko buruzagiaren aldetik ez duela «konpromisorik» ikusi

2011-11-25 / Erredakzioa

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteak bakea bultzatzen ez badu, Eusko Jaurlaritzan PPrekin duen akordioa hautsi egin beharko luke PSE-EEk, Jesus Egiguren alderdiko presidentearen ustez. El Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketa batean, Raxoiri eskatu dio espetxe politika aldatzeko eta ETAren erabakia egiaztatzeko ardura bere gain hartu duen nazioarteko taldeari laguntzeko. «Raxoik ez badu bakerako bidea bultzatzen, Madrilgo gobernuari aurre egin beharko genioke , eta horrek ekarriko luke Euskadin PPrekin dugun harremana haustea», nabarmendu du.

Egiguren ezkor agertu da PPko kideek orain arte agertu duten jarrerarekin, eta adierazi du Jaurlaritza ezin zaiela makurtu alderdi horren «immobilismoari eta mamuei». PSE-EEko presidentearen arabera, PPrekin duten akordioak «asko mugatzen» du Patxi Lopez lehendakariaren lana. Lopezek «bake prozesuaren lehen lerroan» egon behar duela dio, eta, besteak beste, alderdien mahai bat osatu, egun Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza ez duen ezker abertzalearekin hitz egiteko. «Eztabaidak ez luke izan behar proiektu politikoen inguruan, bakea sendotzeko aurretiazko eginbeharrean inguruan baizik», argitu du. PSE-EEko presidenteak adierazi du «esparru politiko bat adosteko eztabaidari heldu beharko zaiola ETAk atzera egingo ez duela ziurtatuta dagoenean» .

Hauteskundeak aurreratzeko EAJko eta Amaiurreko kideek eginiko eskaeraren inguruan, berriz, Egigurenek esan du ez dela horretarako unea. «Bakea eraikitzen ari garen honetan, erabaki okerra izango litzateke. Sorturen legeztatzea eta ezker abertzaleko buruzagiek justiziarekin dituzten arazoak argitu behar dira aurretik», nabarmendu du.

Legealdia amaitzearen alde azaldu bada ere, sozialistek gobernuari eusteko beste aukera batzuk dituztela adierazi du.

Ez da lehenengo aldia PSE-EEko presidenteak gisa horretako adierazpenak egiten dituena. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurretik bere alderdiko kideei ohartarazi zien bake bidean urratsik egin ezean, kolpea jasoko zutela. «Udal eta foru hauteskundeen ondoren, bigarren abisua izan da hau, eta aldatu ezean, hirugarrena Eusko Legebiltzarrerako bozetan etorriko da».

Egigurenek dio Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak erabakigarriak izango direla, eta nabarmendu du abertzaleek gehiengoa lortzen badute, horrek asko baldintzatuko duela «herri honen etorkizuna».

Egigurenek hitzek oihartzun handia izan zuten atzo, baina bere alderdiko inor ez zen haren aurka azaldu. Hala ere, gisa horretako adierazpenak ez dituela berriz egingo esan zuen. «Isilik egoten jakin behar dut», adierazi zuen kazetarien galderei erantzunez, Eusko Legebiltzarrean.

Konpromisoa eta presioa

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak, berriz, Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean adierazi du Raxoirekin izandako elkarrizketetan ez duela Espainiako hurrengo gobernuburuaren aldetik «konpromisorik» ikusi. Hala ere, Raxoiren isiltasuna «modu baikorrean» interpretatzen duela esan du. «Uste dut PPk badakiela zein paper jokatu behar duen, baina denbora beharko du alderdi barruan hori kudeatzeko».

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, berriz, Batzar Nagusietan eginiko agerraldi batean adierazi du haren gobernuak «presio» egingo duela instituzio horretan alderdien mahai bat sortu eta ondorioak Raxoiri helarazteko. Normalizazioaren bidea Gernikako Akordioak zehazten duela esan du Garitanok, baina lehenengo puntua baino ez dela bete gogoratu du.

Publizitatea