Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

ETAk dio elkarrizketak «bihar» has daitezkeela gobernuek nahi izatera

Gatazka gainditzeko «gakoei» eutsiko dieten elkarrizketa politikoak behar direla dio ETAk, eta bera ez dela izango haien parte Prozesuak aurrera egiteko herritarren lana ezinbesteko jotzen du erakunde armatuak
ETAko hiru kide, jardun armatua amaitzea erabaki zutela jakinarazi zutenean.
ETAko hiru kide, jardun armatua amaitzea erabaki zutela jakinarazi zutenean. BERRIA

2011-11-12 / Erredakzioa

ETAk ekintza armatuak uzteko erabakiaren berri eman ostean, gauza asko daude argitzeko. Haietako batzuk argitu ditu Gara-k atzoko egunkarian kaleratutako elkarrizketa luzean. Bi etakideri egin die elkarrizketa, euskara hutsean, eta ETAren erabakiaz, historiaren ikuspegiaz eta aurrera begira egin beharrekoaz hitz egiten dute, luze eta sakon.

1. ETAren erabakia

ETAk armak uzteko erabakia hartu badu «gutxienez hamarkada bat atzerago» hasi zen hausnarketaren ondorioz izan dela diote erakunde armatuko kideek. «Euskal Herrian aldaketa gauzatzeko baldintzak» bazeudela jabetu ziren. Lizarra-Garaziko prozesuaren ostean Espainiako Estatuak «urrats kualitatiboa» egin zuen, ETAren ustez, «legez kanporatzearen bidez ezker abertzalea agertoki politikotik kanpo» uzteko. «Blokeoa» etorri zen. Bi etakideen arabera, une horretan «ziklo bat itxi behar zen berria guztiz zabaltzeko». Borroka armatuari buruz honako hau diote: «50 urte hauetan gauden unera iristeko eta dauden baldintzak sortzeko ekarpen handia egin du. Baina hemendik aurrera prozesua azkartzeko eta baldintza hobeak eskuratzeko agortze zantzuak ere erakutsi ditu». ETAk armak uzteko erabakia hartu du, «urte hauetako borrokak utzi duen uzta jaso eta estrategia horren mesedetan jartzeko».

2. Harremanak

Nazioarteko komunitatearekin harremanak izan dituztela diote ETAko kideek, eta haien aurrean konpromisoak ere hartu dituztela. Espainiako Gobernuarekin, berriz, zuzeneko bilerarik ez dutela egin esan arren, honako hau gaineratu dute: «Azken hilabeteotan elkarren berri izan dugula esan daiteke, eta guk dakigula, PP jakinaren gainean dago».

3. Akordioak

Inorekin akordiorik ez duela egin argitu du ETAk elkarrizketan: «Gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen akordio zehatzik edo akordio erresolutiborik ez dago». Hala ere, jarraitu beharreko pausoak argi daudela uste dute: «Alde anitzek eman behar dituzten urratsak finkatuta daude, eta horietan aurrera egin beharra dago». Oraingoa beste prozesuekin alderatuta desberdina izango dela dio: «Dena lotuta dagoela pentsatzeko joera egon daiteke, ez dakigu zein mahaitan konponduko den. Ez».

4. Herritarrak akuilu

Herritarren lana ezinbestekoa izango dela diote: «Herritarrek egin behar dute prozesua, eta ezker abertzaleko militanteek erantzukizun handia dute. Inork ez digu ezer emango; guk irabazi beharko dugu eguneroko lan eta borrokarekin».

5. Negoziazioak

Frantziako eta Espainiako gobernuekin aurrez aurreko negoziazioak abiatu behar direla dio ETAk, «nazioarteko eragileren baten dinamizazioarekin». Mahai horretan hiru «gai nagusi» landu behar direla uste du: «Euskal preso eta iheslari guztien etxeratzea, ETAren armen desegitea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa». Elkarrizketa horietarako «prest» dago ETA. Beraz, dioenez, «elkarrizketa prozesua bihar bertan has daiteke, gobernuek erantzun positiboa ematen badute». Gobernuek urratsik egiten ez badute, berriz, erronkari eutsi behar zaiola uste du erakunde armatuak: «Pazientziarekin jokatu behar da, etsi gabe, eguneroko borroka eta lanarekin jarraituz, indar berriak bilduz, ditugun indarrak eraginkorrago bilakatuz...».

6. Preso eta iheslariak

Presoen eta iheslarien gaiari «termino politiko eta orokorretan» erantzun behar zaiola uste du ETAk, eta preso guztiek etxean egon behar dutela. Gaia «ikuspegi politikotik eta humanotik» ahalik eta azkarren konpondu behar dela dio. Gai horietan ETAk berak hitz egingo luke negoziazio mahaian, eta horretarako bi kolektiboen baimena duela dio. Haien oniritzirik gabe ez duela haiei dagokien erabakirik hartuko argitu du.

7. Biktimak

«Erabilpen politikoa eta desitxuratze itzela» ikusten ditu biktimen gaian ETAk, eta «gatazkaren biktima nagusia» Euskal Herria bera dela dio. Nolanahi ere, azken urteetako konfrontazio armatuak sufrimendu asko eragin duela onartzen du; «baita ETAren ekintzek ere». Beraiek ere sufrimendua bizi dutela diote elkarrizketatuek, eta ohartarazi dute ezin dutela bat egin «aurkeztu nahi zaigun errealitate bakarrarekin». Memoria historikoa landu behar dela uste dute, eta gogora ekarri dute aitortu gabe dagoela «estatuen indarkeriak eragindako biktima eta sufrimendu ugari».

8. Armen desegitea

ETAk eta estatuek hitz egin beharreko gaien artean dago armena, ETAren esanetan. Hitz egin eta konpromisoak hartzeko prest daude. Horretaz ez dute hitz egin Egiaztatze Batzordearekin, baina hark ere zereginen bat eduki dezakeela diote.

9. Elkarrizketa politikoa

Gatazka konpontzeko «gakoei» heldu behar zaiela diote ETAko bi kideek, «egiazko egoera demokratikoa» ezartzeko. Horretarako Euskal Herriko eragile politiko eta sozialek elkarrizketak abiatu behar lituzketela uste dute. «Prozesua inolako indarkeriarik gabe eta inolako esku-hartzerik gabe gauzatu beharko litzateke». Akordioa lortzea izan behar luke elkarrizketa horien helburua, erakunde armatuaren ustez, «Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa» adosteko. Gero, euskal herritarren babesa jaso behar luke akordio horrek, herri kontsultan. Hori lortu ostean Euskal Herriko eragileek estatuetako ordezkaritzekin negoziatu beharko luketela uste du ETAk, akordio demokratiko hori nola ezarri erabakitzeko.

ETAk ez du ikusten bere burua elkarrizketa horietan. «ETA ez da inoiz prozesu horrekiko mehatxu izango», dio. «ETA ez da konponbide politikoaren mahaian eserita egongo».

Informazio osagarria

Publizitatea