Konponbideari begira

Berriak

Biktima guztiak onartzeko eskaera nagusitu da Memoriaren Egunean

Ekitaldiak zatituta egin arren, ñabardurak ñabardura, biktima denen onarpenaren alde egin dute PPk eta UPNk ez beste alderdiek Bilduk ez du lore eskaintzarik egin, baina parte hartu du gonbidatu duten ekitaldietan
EAJko, Aralarreko, EAko eta EBko legebiltzarkideak, esaldirik gabeko loreak jartzen.
EAJko, Aralarreko, EAko eta EBko legebiltzarkideak, esaldirik gabeko loreak jartzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2011-11-11 / Oihana Elduaien Uranga

Korapilatsua da biktimen gaia. Askatzen zaila den korapiloa da, eta politikariek oraingoz ez dute jakin askatzen. Memoriaren Eguneko ekitaldiak zatituta egin dituzte alderdi eta erakundeek, baina diskurtsoetan ñabardura handiak dauden arren, badute helduleku bat: PPk eta UPNk ez beste guztiek aldarrikatu dute biktima denak onartu beharra. Espainiako Gorteetako hauteskunde egunean beteko da hilabete ETAk armak uzteko erabakia jakinarazi zuenetik, eta badirudi bozen egunetik aurrera hasiko direla askatzen alderdiak biktimen korapiloa eta trabatuta dauden beste zenbait.

Hainbat ekitaldi izan ziren atzo, biktimen inguruan. Erakundeetan egin zituzten ekitaldi politikoetan ordezkaritza duten alderdi eta koalizio guztiek hartu zuten parte.

Eusko Legebiltzarrean ekitaldi bakarra egin zuten, baina bi lore eskaintza. PPk, PSEk eta UPDk egin zuten eskaintza bat, eta EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk bestea. Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogak «terrorismoaren biktimekin» bakarrik oroitzen zen esaldia jartzea erabaki zuen lore sortan, talde abertzaleen iritziaren kontra. Horregatik, beste lore eskaintza bat egitea erabaki zuten haiek, inolako esaldirik jarri gabe, baina «motibazio politikoko beste biktimak» ere kontuan hartuta. Bi lore eskaintzak egin ostean, minutuko isilunea egin zuten guztiek batera.

«Memoria osoa da edo ez da memoria», esan zuen Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak ekitaldiaren ostean. Onartezintzat jo zituen «nahita egindako amnesia ariketak». Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak esan zuen atzokoa ez dela ezberdintasunak azaleratzeko eguna; «baizik eta gogorarazteko herri honetan pertsona askok galdu izan dutela bizia indarkeria politikoagatik, biktimario ezberdinek eraginda; eta horiek guztiak gogoan hartuta eraiki nahi dugu etorkizuna». Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, berriz, «Estatuaren terrorismoaren, torturaren, Poliziaren eta Guardia Zibilaren biktimak gutxiestea» egotzi zion PPri. Alderdi horren «memoria partziala» alboratu, eta «indarkeria mota ezberdinek eragindako giza sufrimendu osoari erreparatzea» lehenetsi behar dela azpimarratu zuen. Mikel Arana EBko legebiltzarkideari ere ez zitzaion gustatu Quirogaren jarrera, haren esanetan, biktimak ez parekatu nahi izatea ezin baitaiteke aitzakia bihurtu, biktima batzuk berariaz ahazteko.

Legebiltzarrean ez ezik, Arabako eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere egin zituzten ekitaldiak, eta haietan izan ziren Bilduko batzarkideak.

Martin Garitano diputatu nagusiak «biktima guztien» memoria aldarrikatu zuen. Gipuzkoako batzarretako ekitaldian jarrera ezberdina izan zuten alderdietako ordezkariek. Batzar Nagusien kanpoan dagoen biktimen omenezko monolitoan lore zuriak jarri zituzten batzarkideek, baina Bildukoek ez. Goibururik gabe egindako elkarretaratze isilean guztiek hartu zuten parte.

Arabako Batzar Nagusietan, guztien parte hartzearekin egin zuten ekitaldia. ETAk 2000. urtean hildako Fernando Buesa PSEko legebiltzarkidearen omenezko monolitoan lore zurien sorta bat jarri zuten Javier de Andres diputatu nagusiak eta Juan Antonio Zarate Batzar Nagusietako presidenteak. Lore sortak ez zuen inolako esaldirik.

Bizkaiko Diputazioak ere antolatu zuen ekitaldia, baina PPko eta PSEko ordezkaririk ez zen izan bertan. «Adierazpen instituzionala ez zegoelako adostuta», ez zen joan PSE-EE, eta alderdien arteko batasuna «inoiz baino garrantzitsuago» jotzen duelako. EAJren eta Bilduren babesa zuen testua irakurri zuen Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak, eta «salbuespenik gabe, terrorismoaren biktima guztiak» izan zituen gogoan. «Estatuaren funtzionario batzuen jarreren ondorioz giza eskubideen urraketak» jasan dituztenak ere gogoan izan zituen. Biktima guztiak «parekatzea» egotzi zion PPk.

Donostiako Udalak (Bildu) ez zuen ekitaldirik antolatu, baina bai oposizioak (PSE-EE, EAJ eta PP). Alderdi Ederren egin zuten ekitaldian Bilduko bi ordezkarik parte hartu zuten. Bost minutuko isilunea egin zuten, eta lore eskaintza. Bilduko hautetsiek ez zuten lorerik jarri.

Informazio osagarria

Publizitatea