Konponbideari begira

Berriak

ETA eta gobernuaren arteko elkarrizketa ez da delitu

Gorenak atzera bota du Manos Limpiasek Egiguren, Moscoso eta Gomez Benitezen aurka jarritako kereila

2011-11-11 / Erredakzioa

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen, Javier Gomez Benitez Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kidearen eta Javier Moscoso Estatuko fiskal nagusiaren aurka kereila aurkeztu zuen Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak. Aurreko prozesuan Espainiako Gobernuaren izenean ETArekin elkarrizketa izateagatik, erakunde terroristarekin elkarlanean aritzea leporatzen zien Manos Limpiasek. Auzitegi Gorenak atzo ebatzi zuen ez dagoela inongo delitu zantzurik.

«Erakunde terroristarekiko elkarlan delituaren» inguruan dagoen jurisprudentzia berretsi egiten du Gorenak autoan. Hala, auzitegiak dio balizko elkarlan batek ETAren jarduera erraztu behar duela: «Horrenbestez, printzipioz, gizartearen elkarbizitza bermatzeko [Espainiako] Gobernuak izan dezakeen aukerarik onena bilatzeko elkarrizketatzea ezin da kriminalizatu», dio Gorenak. Neurri berean, Auzitegi Gorenak gogorarazi du Espainiako Kongresuak ebazpen politiko batean baimena eman ziola gobernuari ETArekin elkarrizketa izateko, eta 2006ko urrian ekimen hura berretsi egin zuela Europako Parlamentuak.

Horregatik, epaiak oso irmo kritikatzen du Manos Limpiasek kereila bidez egindako erabilera judiziala. Gorenaren arabera, Estatuko botereen arteko kontrol judizialak inoiz ezin du ahaztu gobernuaren gaineko kontrola «herriaren borondatearen isla diren Gorte Nagusiei» dagokiela. «Inork zilegitasun demokratikoa duen gobernu baten barne politikaren ildoa ekimen judizial baten bidez zuzendu nahi izatea Konstituzioari iruzur egitea litzateke», argudiatu du auzitegiak.

Era berean, Auzitegi Gorenak atzera bota du Bildu legeztatzearen aldeko ebazpena eman zuten Konstituzionaleko sei epaileen aurka Manos Limpias eta eskuin muturreko beste elkarte batzuek jarritako kereila. Kereilan, besteak beste, elkarteek diote Konstituzionalak denbora gutxi izan zuenez aurretik prestatutako ebazpena izan zela. Horri buruz Gorenak dio «aurreiritzi onartezina» dela, «exijitu beharreko gutxieneko zorroztasun intelektualik gabea». Gogorarazi du Konstituzionalak legeak eskatutako epean eman zuela epaia, eta hura ez zela erabaki bidegabea izan nabarmendu du.

Publizitatea