Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

Espainiaren «pausoen zain» geratuko da Frantzia

Zuhurtzia eskatu dute bi estatuetako barne ministroek, eta Poliziaren lana goraipatu Claude Gueantek azaldu duenez, Frantziako Gobernuak ez du aldaketarik aurreikusten espetxe politikan

2011-11-03 / Erredakzioa

Espainiako Gobernuak emango dituen «pausoen zain» geratuko da Frantziako Gobernua. Ez du aldaketarik aurreikusten espetxe politikaren alorrean, eta ez du ETAko kideen aurkako «tentsioa» etengo. «Terrorismoaren aurkako borroka behar sakratu bat da Frantzian; guk ez dugu ETArekin inoiz negoziatu», nabarmendu du Claude Gueant Barne ministroak, Antonio Camacho Espainiakoarekin Parisen izandako bileraren ostean eginiko adierazpenetan. «Justizia oinarrizko elementu bat da demokrazian, eta haren aplikazioa ezin da eten». «Ezin da salbuespeneko neurririk ezarri», gaineratu du Gueantek, espetxe politikari erreferentzia zuzena eginez.

ETAk borroka armatua betiko bukatu duela eta, egoera berria aztertu dute lehen aldiz Frantziako eta Espainiako Barne ministroek. Erakunde armatuak elkarrizketarako eskaintza egin die bi estatuei gatazkaren gai teknikoak deiturikoak jorratzeko (desarmatzea, presoak...), baina Camachok berretsi egin du Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak ez duela urratsik egingo alor horretan. Gueantek, berriz, azaldu du eurek zer egin erabakitzeko garaian Espainiako Gobernuaren pausoak kontuan hartuko dituztela.

Gobernu berriaren teilatuan

Espainiako Gobernuaren jarrera hauteskundeekin lotu du Camachok, eta «hurrengo gobernuaren» eskuetan utzi du egoera berria kudeatzeko ardura. «Bihar [gaur] gauean hasiko da hauteskunde kanpaina. Hurrengo gobernuari dagokio eman daitezkeen pausoak kudeatzea». Hala ere, Espainiako Barne ministroa itxaropentsu azaldu da azaroaren 20ko bozen ostean irtengo den gobernuak egin dezakeen lanarekin. «Espainiako gizartea indarkeriaren kontrako borroka kudeatzeko gai izan bada —eta hori da lanik zailena eta konplikatuena—, bakea kudeatzeko ere gai izango da, zalantzarik gabe».

Atzoko bilera «terrorismoaren aurkako hitzarmena» berritzeko baliatu zuten bi gobernuetako Barne ministroek. Camachoren esanetan, Frantziaren laguntza «funtsezkoa» izan da ETAren aurkako borrokan, eta hala izaten jarraituko duela nabarmendu du Gueantek. «Intentsitate bera mantentzearekin bat datoz Frantziako Gobernua eta Espainiakoa».

Gueantek ohartarazi duenez, baliteke erakunde armatuan «barne zatiketak» ematea eta herrialdean zehar «arma biltegiak eta galdutako soldaduak» egotea. «Orain arteko zorroztasun berarekin jarraituko dugu, beraz, horretan datzalako demokraziaren garaipena». Camachok ere «zuhurtziarako» deia egin du. «Espainiako demokraziak eta Poliziak ekarri dute ETAren porrota».

Publizitatea