Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun politikoaren amaiera. Euskal presoak

Espetxe politika irtenbidean giltzarri izatea eskatuko dute urtarrilaren 7an

Presoen eskubideen aldeko manifestazio nazionala antolatuko du Egin Dezagun Bidea ekimenak Bilbon
170 eragilek baino gehiagok egin dute bat presoen eskubideen aldeko mobilizazioarekin.
170 eragilek baino gehiagok egin dute bat presoen eskubideen aldeko mobilizazioarekin. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2011-10-30 / Maite Asensio Lozano

Azken urteetako mobilizazio erraldoiena behar du» urtarrilaren 7an Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde egingo den manifestazio nazionalak. «Hala eskatzen du egungo egoerak», zehaztu zuen atzo Beñat Zarrabeitiak, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak. Izan ere, martxaren sustatzaileek adierazi zutenez, Euskal Herriko gatazka politikoari «irtenbide justua» emateko, halabeharrezkoa da presoen egoerari erreparatzea: «Espetxe politika konponbidearen gakoetara ekarri behar da». Eskaera hori indartzeko garaia iritsi delakoan, «gizartearen parte hartzea» ezinbesteko jo du ekimenak.

Euskal Herrian «aro politiko berri bat» abiatu dela uste dute deitzaileek: «Gaur ukaezina da benetako bake eta demokrazia egoera batera hurbiltzeko bidea egiten dihardugula». Iratxe Ibarra bertsolariak eta Iñaki Olasolo kazetariak manifestu bat irakurri dute. Hor aldarrikatu dute gatazka konpontzeko «sorburuak eta ondorioak» aztertu behar direla eta horrek «euskal preso politikoen egoeraz hitz egitea» dakarrela.

Espetxe politika aldatu egin behar dela nabarmendu du Egin Dezagun Bideak, oinarrizko eskubideak ukatzen dituela gogora ekarrita: «Zigorrak bete ondoren espetxean dituzte hainbat preso; gaixotasun larriak dauzkatenak giltzapean dituzte; sakabanaketak istripuak eragiten jarraitzen du». Hala, beste gatazketan presoen aferari emandako irtenbideetatik ikastea proposatu dute, «Irlandako prozesutik nahiz Hegoafrikakotik kasu».

17:30ean abiatuko da urtarrilaren 7ko manifestazioa, Bilboko Casilla plazatik, Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Dagoeneko 170 eragilek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.

Denek sinatutako manifestuan sei eskakizun egin dituzte: presoak Euskal Herrira ekartzea; Parot doktrina bertan behera uztea; Frantzian bizi osorako zigorra bertan behera uztea; kondenaren hiru laurdenak beteak dituztenak askatzea; gaixotasun larriak dauzkatenak askatzea eta beste gaixoak egoki zaintzeko neurriak hartzea; eta espetxe politikak konponbide gakoetan ezartzea, «konponbidean modu positiboan eragiteko».

Informazio osagarria

Publizitatea