Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun politikoaren amaiera

Biktimei «ohore» egin die Zapaterok, eta «espantua» ez dela itzuliko dio

Patxi Lopezek esan du «terrorismoaren hodei beltza joan arren» elkarbizitza eraiki behar dela

2011-10-30 / Erredakzioa

Ohore» egin die Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak ETAren biktimei, eta haien memoriari beti egingo diola azpimarratu du, Asuncionen, Iberoamerikako XXI. goi bileran. Hitz eman du «espantua» ez dela errepikatuko, eta gaineratu du «haren egileak historiaren zoko gaitzesgarrian» geldituko direla.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, berriz, «terrorismoaren hodei beltza joan da, baina ekalbizitza eraikitzeko lan gogorra dugu egiteko». Andaluzia, Extremadura eta Galiziako etxeek Euskadiren Eguna ospatuz egindako ekitaldian pozik agertu da, ETAren indarkeriaren amaiera «demokraziaren eta autogobernuaren» garaipena delako. «ETA badoa, baina erakundeak eta autogobernuak hemen jarraitzen dute».

Hemendik aurrera beste erronka bat izango du euskal gizarteak, Lopezen ustez: «Bere ideiengatik inor mehatxaturik ez dagoen elkarbizitzarako aro berria ireki behar dugu». Erronka hori zaila izango dela aitortu du, eta denen arteko elkarlana eskatu.

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz, adierazi du ETAren amaierak enplegua sortzera eraman behar duela. «ETAren agiriak ez digu jatekorik ematen, ez du enplegua sortzeko balio. Ezin gara ETAren agiriaren kontura bizi», esan du. Haren ustez, erakunde armatuaren erabakiak «larritasun politikoa» eragin du hainbat alderditan.

Alderdi interesak eta bozei begirako premiak behartuta jokatzea leporatu die EAJri eta PSOEri, eta «soseguz eta zentzuz» aritzeko eskatu die. «Garaia iritsi da ETAk euskal gizarteari itzultzeko azken 40 urteetan lapurtutakoa. Iritsi da ordua askatasuna eta gizartearen irudi fidagarria eta langilea berreskuratzeko».

Biktimen manifestazioa

Voces Contra el Terrorismo elkarteak deituta, milaka lagunek parte hartu zuten atzo Madrilen egindako manifestazioan. Indarkeria «inpunitaterik» gabe amaitzea, «garaile eta garaituen» justizia lortzea eta ETAri inolako ordainik ez ematea aldarrikatu zuten. AVTk eta Ermuko Foroak bat egin zuten deialdiarekin.

Publizitatea