ETAren jardun armatuaren amaiera
Jokaleku berria, jarrera berriak
Agintariak eta alderdiak egoera berrira egokitzen ari dira, ETAk borroka armatuaren bukaera iragarri zuenez geroztik Aieteko konferentziako ibilbide orriak adostasun nahiko zabala lortu du
2011-10-30 / Imanol Murua Uria
Hamar egun joan dira ETAk borroka armatuaren bukaera iragarri zuenetik, eta agintari politikoak eta alderdiak egoera berrira egokitzen ari dira geroztik. Ekimen gutxi eta adierazpen asko, oraingoz. Eta, halako konponbide prozesuetan gertatu ohi denez, gardentasun gutxi. Orain arte esandakoek eta esan gabe utzitakoek argi pixka bat ematen dute, hala ere, hemendik aurrera etor daitekeenari buruz.
1. Zapatero, desagertuta
Kasik maletak egiten harrapatu du Rodriguez Zapatero ETAren erabakiak: hilabete hauteskundeetarako, eta hiru hilabete baino gutxiago Moncloatik alde egiteko. Batere protagonismorik ez du izan hamar egun hauetan: eduki handirik gabeko adierazpen instituzionala, eta Iñigo Urkullurekin bilera. Kito. Berak ez, baina bere gobernuko bozeramaileek behin eta berriro adierazi dute behin-behineko gobernu honek ez duela batere pausorik emango. Hain garbi esanda, nekez egingo dute ezer, agerian behintzat.
2. PSOE-PP
Alde guztietan sumatzen da desio bera: PSOEk eta PPk estrategia adostu dezatela. Zantzuak ere badaude. Batetik, Zapateroren gobernuak adierazi du ez duela gobernu berriaren politika baldintzatuko lukeen neurririk hartuko. Bestetik, Raxoik eta Basagoitik iraganeko kritika bortitzak alde batera utzi dituzte. Ez hain aspaldi biktimak traizionatzea leporatu zion Raxoi harekin zerikusirik ez du gaur egungoak. Raxoirekin hainbat bilera egin dituela eta jarrera ona sumatu diola adierazi du Urkulluk, konponbide prozesuan lagundu egingo duen esperantza baduela. Currinek ere Raxoiren jarrera goraipatu du, aukera izan duen guztietan.
Ezker abertzaleak berak, datorrenaren jakitun, Espainiako bi alderdi nagusiak inplikatuko dituen irtenbidea bilatu nahi du. Rufi Etxeberriak esaten duenean gatazka politikoa «estatu arazoa» dela, ez PSOEren edo PPren arazoa, bi alderdien adostasuna izango duen irtenbidea nahi duela esaten ari da, Loiolako eskemetatik urruti. Hori lortzea errazagoa izan daiteke PP agintean izanda, PSOEk oposizio gogorrik ez baitio egingo gai honetan. Erreferentzia Ipar Irlanda da honetan ere: John Major kontserbadorea lehen ministro zela ekin zitzaion prozesuari, laboristak lagun.
3. Legezko berriro
Legez kanporatzearen aroa bukatzekotan da. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu legezko bihurtu zuenean, lehen aukeran erabaki horri buelta ematen ahaleginduko zela eman zuen aditzera PPk. Orain agintea hartzen badu, nekez hartuko du ekimenik bide horretan, eta, hartuko balu, nekez lortuko ezer. Amaiurri buruz, lehen ere zalantza handirik ez zegoen, baina Espainiako Gobernuak dagoeneko jakinarazi du ez duela helegiterik aurkeztuko.
Ezker abertzalea de facto onartu dute elkarrizketa instituzionalean. Patxi Lopez lehendakariak bilera erronda ez du egin Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin, oro har ordezkaritza instituzionala dutenekin baizik, Bilduri atea irekitzeko. Eta eragozpenik ez du jarri Bilduren ordezkaritzako independentea Etxeberria izan zedin. Orain gutxi arte inon agertzen ez ziren ezker abertzaleko politikariak lan publikora itzuli berri dira, gainera: Pernando Barrena, Joseba Permach, Marije Fullaondo eta beste hainbat egunkarietako argazkietan dira berriro.
Auzitegi Konstituzionalak, ustekaberik ezean, ez du hartuko Sorturi buruzko erabakia azaroaren 20a baino lehen. Baina denbora kontua besterik ez da: egoera berrian, Sortu legeztatu beste aukerarik ez dute.
4. Aieteko bide orria
Aieteko konferentziako ondorioen ebazpena sei pertsonalitate handiek eta haien laguntzaileek idatzi omen zuten. Printzipio nagusiak zein izan zitezkeen bai, baina testuaren beraren berririk ez zuten Lokarrin ere, Bertie Ahernek irakurri zuen arte. Konferentzian parte hartu zuten alderdietako ordezkariekin ere ez zen hitzartu edukia. Baina inork ez dio publikoki erreparo handirik jarri bost puntuko bide orriari, PPk salbu. Adostasuna nahiko zabala da: hemendik aurrera eman beharreko pausoetan, Espainiako Gobernua eta ETA gatazkaren ondorioei buruz hitz egiten hasteak du lehentasuna.
5. ETA-Gobernua
Frantziako Gobernua ere aipatzen du Aieteko adierazpenak, baina errealistagoa dirudi pentsatzea, izatekotan, aurrena Espainiako Gobernua jarriko dela harremanetan ETArekin. Aurreko prozesu gehienetako esperientziak erakusten du harreman horien berririk ez dela zabalduko, abiatzen diren unean. ETArekin zeharkako komunikazio kanalen bat behintzat zabalik izango du honez gero gobernuak, nazioarteko bitartekarien bidez. Raxoik esan du ETArekin ez duela zer negoziatu; ziurtatu du ez duela kontzesiorik egingo, baina ez du esan ETArekin hitz egingo ez duenik.
6. Presoak
Zapaterok Urkulluri ziurtatu omen dio ez duela espetxe politikan aldaketarik egingo. Rubalcabak Barne Ministerioa utzi zuenean gerturatze plangintza prest utzi zuela argitaratu da, baina orain kaxoi batean sartzea erabaki dutela. Raxoiren gobernuari egokituko zaio, beraz, arazo horri aurre egitea. Bi aukera: edo presoak gerturatu, edo nazioartetik eta Euskal Herritik egingo dioten presioari eutsi.
Parot doktrinaren bidez espetxealdia luzatu dieten presoei Auzitegi Konstituzionalak eman behar die irtenbidea. Presoen auziaren irtenbide mailakatuaren barruan, epe laburrean har daitekeen erabakia ematen du.
Irtenbide orokorrari begira, Irlandako ereduari begira jarri dira bizikidetzaren izenean presoak etxeratu egin behar direla uste duten eragileak. Printzipio nagusi bat aipatzen hasi dira: irizpide orokorrak, irtenbide indibidualizatuak. Pentsatzekoa da nazioarteko eragileen artean oso aintzat hartuko dutela Irlandako eredua: Brian Currin eta Sylvia Casale, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, Ipar Irlandan presoen askatzea kudeatu zuen batzordeko kide izan ziren.
7. Elkarrizketa politikoa
Agintariak eta alderdi politikoak elkarrekin hitz egiten hasi dira, hainbat moldetan: Patxi Lopez lehendakariaren bilera erronda, ezker abertzalearen erronda, Zapateroren eta Urkulluren arteko bilera... PSNk ere proposatu ditu elkarrizketak, UPN gobernukidea kontra edukita ere. Atariko harremanak besterik ez dira, hala ere. Eta elkarrizketa horien helburuaz oso ikuspegi ezberdinak dituzte batzuek eta besteek. Gauza bat da egoera berriari aurre nola egin hitz egiteko bilerak egiteko prestasuna izatea, PSE-EEk, PSNk eta PPk bezala, baina oso bestelako kontua da esparru juridiko-politikoa berritzeko alderdien mahaia osatu beharko litzatekeela uste izatea, alderdi abertzaleek bezala. EAJk 2015ean jarri du estatus politiko berrirako helmuga. Eperik ez dute jarri gainerakoek: epe luzekotzat dute autodeterminazio eskubidea jasoko lukeen esparru politikoaren aldeko lana. Mugarri garrantzitsuak izan daitezke hurrengo autonomi eta foru hauteskundeak.
8. 2013ra begira
EAJk hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio dagoeneko Patxi Lopezi, eta eskaera hori «logikoa» dela esan dute Bilduko kideek. Ezker abertzalea dago Eusko Legebiltzarretik kanpo, baina ez dago garbi ezker abertzaleari eta Bilduri edo Amaiurri komeni ote zaien hauteskundeak aurreratzea, lehendakaritzarako hautagai Otegi nahi badute behintzat. Auzitegi Gorenaren esku dago Otegiren patua: kartzela zigorra ez ezik inhabilitazioa ezeztatu beharko lioke, hauteskunde autonomikoetan hautagai izan dadin.