Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Euskal presoak

Konstituzionalak atzera bota du 18/98 auzikoen helegitea

Auzitegiak dio helegitearen arrazoiek ez dutela «garrantzi konstituzional berezirik»

2011-10-28 / Erredakzioa

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du tramitera onartu 18/98 sumarioan epaitu eta zigortutako auzipetuek epaiaren aurka jarritako helegitea. Helegite hori atzera botatzeko, argudiotzat eman du ez duela «garrantzi konstituzional berezirik».

Hiru urtetik gora eduki du Konstituzionalak helegite hori esku artean. Auzitegi horrek ez du denbora zehatzik horrelakoak ebazteko, baina kontuan izanda zigortutako pertsonen kopurua, 34 baitira, deigarria da helegite bat aztertzeko horrenbeste denbora ematea, 18/98 sumarioak —1998ko udan hasi zen— eta epaiketak berak —hemeretzi hilabete iraun zuen— izan zuten denbora luzapena kontuan hartuta, hamahiru urtetik gora daraman auzi batean.

Auzipetuen defentsak duela hiru urte baino gehiago jarri zuen helegitea. Helegite horretan zioten, besteak beste, akusatuei beharrezkoa ez den atzerapenik gabeko epaiketarako eskubidea urratu zitzaiela; adituen frogen erabilera okerra egin zela; hainbat dokumentu, Udaletxe proiektua esaterako, nahita erabili zirela auzipetuen aurka; eta hainbat auzipeturen deklarazioak tratu txarren bidez ateratakoa izan zirela.

Estrasburgora

Auzitegi Konstituzionalaren ukoaren ostean, auzipetuek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea dute azken aukera.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aztertzeari ere uko egin dion auzi hori Estrasburgoko auzitegiak ebatzi beharko du, 18/98ko auzipetuen ordezkariek ebazteko eskatzen badiote eta hark helegitea aintzat hartzen badu.

Publizitatea