Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Otegi: «Bakea ekartzeko konpromisoa bete dugu»

Gutun bat idatzi du bere blogean; esan du orain estatuari dagokiola eskubide urraketa denak desagerraraztea

2011-10-28 / Erredakzioa

Herenegun gauean, Arnaldo Otegik espetxetik igorritako gutun bat jarri zuten haren blogean, eta bertan azaldu du ETAk iragan astean kaleratutako agiria «erabaki ausarta» dela. Otegi «erabat harro» agertu da orain arte egindako urratsetan ezker abertzaleak erantzukizunez jokatu duelako. «Bakea ekartzeko konpromisoa hartu genuen, eta bete egin dugu», adierazi du. Hala ere, azpimarratu du bakea «erabatekoa» izan dadin Espainiako Estatuak beste eskubide urraketak desagerrarazi behar dituela.

Otegik azaldu du bidea «zailtasunez betea» izan dela, eta gogora ekarri du nola horri buruz ohartarazi zuen Estremera espetxetik igorritako gutunean 2009ko operazioan atxilotuak izan ziren ezker abertzaleko beste kideekin batera. «Orduan hitzez hitz esan genuen ez genuela besteek zer eskaini zain egon behar, baizik eta guk egin genezakeena eta egin beharrekoa egin behar genuela».

Hala, aitortu du zailtasunetako bat izan dela euren militanteak beste estrategia eraginkorrago baten beharraz konbentzitzea. Horrekin batera, garrantzitsutzat jo du Espainiako Estatuaren aldetik jasotako «atzaparkaden aurrean» prozesu hori blindatzeko egindako eginahala.

Otegiren ustez, estatuari ez zaio komeni jokaleku politikoaren aldaketa. Horren erakusle, adierazgarritzat jo du eman diren pauso guztien inguruan Espainiako Gobernuak zabaldu dituen mezuak: «Hasieran, 'ez zegoen berritasunik'; gero, 'ez zen nahikoa'; ondoren, pilota euren 'teilatu gainean dago': eta orain?», galdetu du Otegik. Haren ustez, jarrera horrek jokaleku berriaren aurrean «beldurra» adierazten du, baina, era berean, aitzakiak alboratzeko eskatu die agintariei.

Haren ustez, orain gatazkaren ondorioei heldu behar zaie, eta «bake eta askatasun esparru bidezkoa eta iraunkorra eraiki behar da». Ongietorria eman dio elkarbizitzaren alde Patxi Lopez EAEko lehendakariak egindako proposamenari.

«Berandu baino lehen» auzi politikoaren konponbideari ere heldu behar zaiola deritzo Otegik. Alde horretatik ezker abertzalearen proposamena «erabat demokratikoa» dela iritzi dio, eragile politiko eta sozial guztiek euskal herritarrek beren etorkizunari buruz erabakitzen dutena errespetatzea eskatzen baitu.

Publizitatea