Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Friendship taldeak bake prozesuan engaiatzeko eskatu die EBko agintariei

Aieteko adierazpenari erabateko babesa azaldu diote, eta gatazkaren ondorioei heltzeko eskatu diete gobernuei
Friendship taldeko Oriol Junqueras, François Alfonsi, Catherine Grez, Bairbre de Brun, Tatjana Zdanoka eta  Frieda Brepoels.
Friendship taldeko Oriol Junqueras, François Alfonsi, Catherine Grez, Bairbre de Brun, Tatjana Zdanoka eta Frieda Brepoels. STEVEN CORNELIUS

2011-10-28 / Joxerra Senar

Friendshipek, Euskal Herriko bake prozesuaren alde sortutako Europako Parlamentuko taldeak, «ongietorria» eman dio iragan astean ETAk jardun armatua uzteko hartutako erabakiari. Friendship taldeko hainbat eledunek atzo agiri bat irakurri zuten Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzan. Bertan azpimarratzen dute Europak «urrats historikoaren garrantzia» aitortu beharra duela. Horregatik, Friendship taldeak Europako Batasuneko agintariei eskatu die «EBren barnean den azken gatazka armatuari amaiera emango dion prozesua» bultzatzeko.

Taldeak «erabateko babesa» eman die Aieteko adierazpenean jasoak diren bost puntuei. Modu horretan, taldeak espero du Frantziako eta Espainiako gobernuek ETArekin elkarrizketak hastea, gatazkaren ondorioei aurre egiteko helburuarekin. Era berean, beharrezkotzat jotzen du elkarbizitza bultzatze aldera biktima guztiei eragindako kaltea aitortzea.

Aieteko adierazpenak laugarren puntuan gomendatzen duen bezala, Friendship taldeak ere uste du mahai politiko bat osatzeko baldintzak jada badirela eta alde guztien arteko elkarrizketa eta negoziazioaren bidez auzi politikoari konponbidea eman dakiokeela akordio baten bitartez. Hartara, Europako Legebiltzarrak 2006ko urrian Euskal Herriko bake prozesuari buruz onartutako ebazpena gogoan, Parlamentuari berari, Europako Batzordeari eta EBko Kontseiluari eskatu die prozesuan engaia daitezela, «arrakasta izan dezan».

Ildo beretik, Friendship taldeak bake prozesua bultzatzeko konpromisoa azaldu du. «Beste behin ere, lan egingo dugu Euskal Herrian jokaleku baketsu eta demokratiko bat lortu ahal izateko». Hori lortzeko bidean hurrengo hilabeteetan hainbat ekimen egingo dituztela jakinarazi dute.

Pernando Barrena eta Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak, berriz, Katalunian izan ziren atzo. Iniciativa Per Catalunya, Esquerra Republicana eta Solidaritat Catalana (SI) alderdietako ordezkariekin bilera bana izan zuten.

Amaiurren aldeko botoa

Uriel Bertran SIko idazkari nagusiak, bileraren ostean, Euskal Herrian bizi diren herritar kataluniarrei eskatu zien azaroaren 20ko hauteskundeetan Amaiur koalizioaren aldeko botoa emateko. Bertranek, era berean, Espainiako Gobernuari arduraz jokatzeko eta presoak hurbiltzeko eskatu dio.

ICVko eledun Laia Ortizek Sortu legeztatzeko eta Alderdien Legea indargabetzeko eskatu du.

ERCk, berriz, ateak irekita utzi ditu etorkizunean Amaiurrekin Espainiako Gorteetan elkarlana egiteko.

Informazio osagarria

Publizitatea