Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Biktimak

Indarkeria politikoaren urraketen mapa aurkeztu du Argituz elkarteak

ETAk, talde faxistek, GALek eta Poliziak eragindako biktimen kopuruak bildu ditu giza eskubideen aldeko elkarteak Datu bilketa etengabea dela dio elkarteak, eta horregatik «osatugabea» dela oraindik
Andres Krakenberger eta Bertha Gaztelumendi, atzo, Argituz elkarteak osatutako indarkeria politikoaren urraketen maparen aurkezpenean.
Andres Krakenberger eta Bertha Gaztelumendi, atzo, Argituz elkarteak osatutako indarkeria politikoaren urraketen maparen aurkezpenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2011-10-27 / Edurne Begiristain

1968tik aurrera indarkeria politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen mapa osatu du Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak. Euskal gatazkaren ondorioz gertatu diren indarkeria ekintzak, giza eskubideen bortxaketak eta askatasunaren aurkako erasoak oinarri dituen datu bilketa egin du, gatazkaren eraginez sortutako askotariko oinazeak kontuan hartuta. Datu bilketa ez da oraindik amaitu, «etengabea» da, eta horregatik mapa «osatugabea» dela adierazi dute Bertha Gaztelumendi eta Andres Krakenberger Argituz elkarteko kideek. Hori horrela, elkartearen lanak aurrera egin ahala giza eskubideen urraketen kopurua «aldatuz» joango dela nabarmendu dute.

Euskal gatazkaren ondorioz hildako eta zauritutako pertsonen kopurua zehaztu du Argituz-ek txostenean. Hiru ataletan banatu du ikerketa: batetik, ETAk eta beste erakunde batzuek hildako eta zauritutakoak jaso ditu; bestetik, kontrolik gabeko taldeek, talde faxistek, GALek, BVEek eta beste talde parapolizialek eragindakoak, eta beste talde batean Poliziaren indarkeriaren biktimen kopurua bildu du.

Hala, elkarteak gaur egun arte jasotako datuen arabera, ETAk 829 pertsona hil ditu, eta 2.600 inguru zauritu. Talde horren barruan sartu ditu ETAren adar desberdinek —ETA (m), ETA (pm), ETA VII eta ETA VIII—, Komando Autonomo Antikapitalistak eta Iraultza erakunde armatuak eragindako biktimak. Bestalde, elkarteak esan du 72 direla talde faxistek, GAL, BVE eta bestelako talde parapolizial eta kontrol gabeen esku bizia galdu dutenak. Talde horien esku zauritutakoak, berriz, 330 inguru direla jaso du txostenean. Segurtasun indarrek, berriz, gutxienez 94 pertsona hil dituzte, eta beste 29 kasutan ikerketa sakonagoak behar direla dio elkarteak. Poliziaren esku zauritutako pertsonak gutxienez 629 izan dira, elkarteak dioenez.

Zifren zurrunbiloa

Edonola ere, Argituz-ek bere txostenean bildutako datuak ez dira euskal gatazkak eragindako sufrimenduaren inguruan dauden bakarrak. Poliziaren indarkeriaren eta gerra zikinen biktimen zifrei erreparatuta, adibidez, alde handia dago Argituz elkarteak eta Euskal Memoria fundazioak emandakoen artean. Izan ere, Euskal Memoria Fundazioak iaz kaleratutako Gernikako seme-alabak liburuan jasotzen duenez, azken 50 urteetan 474 euskal herritarrek galdu dute bizia estatuen errepresioaren ondorioz, eta horietatik herenak inguru erakunde armatuetako kide ziren. Argituz-ek emandako datuen arabera, ostera, 165 pertsona inguru dira estatu indarkeriaren ondorioz hil dakoak azken 43 urteotan.

Giza eskubideen aldeko elkarteak landu duen mapan badira zenbait hutsune, gainera. Elkarteak zenbatu gabe utzi ditu, besteak beste, tortura kasuak eta espetxe politikak eragindako biktimak. Torturatuen kasuan, iturri askotatik lortutako datuak kontrajarriak direla dio, eta horregatik ez duela kopuru zehatzik azaldu. «Egiazko ikerketa bat egin behar da lehenbailehen atal horretako dokumentazioa modu frogagarrian osatzeko».

Torturatuen zifra zehatza ematea zaila bada ere, Euskal Memoriak bere liburuan dio 11.000 tortura kasu salatu direla azken 50 urteetan eta guztira hamabi euskal herritar hil direla torturen ondorioz. Presoen sakabanaketa politikaren eraginez, berriz, hamalau senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan, 25 preso hil dira espetxeetan, eta zortzik bere buruaz beste egin dute, fundazioak emandako datuen arabera.

Haatik, Argituz elkarteko kideek azaldu dute egileen inguruko «desadostasunagatik», ikertu gabe egoteagatik edo informazio gabeziagatik falta direla datu ugari. Giza eskubideen bortxaketei buruzko lana «erabat osatua» egon dadin, elkartekoek esan dute beharrezkoa dutela jardunbidea, autoretza eta era horretako alorrak «zehaztasun eta inpartzialtasunez» konpontzeko argibide eta egiaztatze handiagoa.

Indarkeria politikoaren ondorioz izandako bestelako eskubideen urraketei dagokienez, atentatu eta ekintza armatuen eta kale erasoen kopurua bildu du Argituz-ek txostenean. Baltasar Garzon epaileak Batasunaren aurkako sumarioan kaleratutako autoaren datuak oinarri hartuta, elkarteak dio 2002ra bitartean 3.300 «atentatu eta ekintza armatu» baino gehiago izan zirela eta 1991tik 2002ra 3.700tik gora kale eraso. Erakunde armatuek 79 lagun bahitu dituztela, 2.000 pertsona inguru bizkartzainekin ibili direla eta ondasunen aurkako 639 atentatu edo mehatxu ekintza burutu direla ere jaso dute mapan.

Horrez gain, elkartearentzat «premiazkoa» da indarkeria politikoaren ondorioz oraindik desagertuak jarraitzen duten sei pertsona non dauden argitzea. Desagertutako pertsonak hauek direla dio: Jose Humberto Fouz Escobedo, Jorge Juan Garcia Carneiro, Fernando Quiroga Veiga, Eduardo Moreno Bergaretxe, Jose Miguel Etxeberria Alvarez eta Jean Louis Larre.

Justizia, egia eta aitortza

Argituz elkarteak osatu duen indarkeria politikoaren urraketen mapak «justizia» ezartzeko tresna izan nahi duela azaldu du Krakenbergek aurkezpenean. Eta justizia horrek bi ardatzetan oinarrituta egon behar duela esan du: biktima guztiei aitortza eta erreparazioa ematea giza eskubideen urraketen egilea kontuan izan gabe, eta biktimei ezarri beharreko neurriak nazioarteko zuzenbidean oinarrituta egotea.

ETAk indarkeria uzteko hartutako erabakia «urrats positiboa» dela uste dute elkartekoek, etorkizunari begira eskubideen egoera hobetuko duelako. Indarkeriaren amaierarekin batera «garai latz baten amaiera» etorri dela diote elkartekoek, baina aurretik geratzen den lana «zaila» izango dela uste dute. Elkarteak hilabeteak daramatza eskubide urraketekin zerikusia duten kasuak aztertzen, eta lan horrekin jarraituko du aurrerantzean ere. Azaldu dutenez, orain arte zigorturik izan ez diren gertaerak argitu, eta «aitortza, justizia eta egia» eskubideak errespetatzea lortu beharra dago hemendik aurrera.

Informazio osagarria

Publizitatea