Konponbideari begira

Berriak

Gernikako Estatutuaren urteurrena

Garaikoetxeak dio Estatutuaren bidea «zabaldu» behar dela

Lehendakari ohiak «hunkituta» jaso du Gernikako Arbolaren Gurutzea, Patxi Lopezen eskutik
Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, ipini berri zioten dominarekin, atzo Lehendakaritzan.
Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, ipini berri zioten dominarekin, atzo Lehendakaritzan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2011-10-26 / Edurne Begiristain

Sari banaketa izan zen atzo Eusko Jaurlaritzak Estatutuaren urtemuga ospatzeko egindako ekitaldi instituzionalean. Besteak beste, Patxi Lopez lehendakariak Gernikako Arbolaren Gurutzea eman zion Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari. Jaurlaritzak banatzen dituen goraipamenen artean handiena da sari hori, eta Euskadiren nortasunaren aldeko lanean nabarmendu direnak omentzen ditu.

Garaikoetxeak «hunkiturik» jaso zuen domina, eta lehenengo Jaurlaritzan berarekin batera lan egin zuen lantaldeari eskaini zion saria. Estatutua landu eta bozkatu zen garaia gogoan hartuta, Garaikoetxeak adierazi zuen orduan «asmatu» egin zutela egindako hautu politikoan, «herriaren eraikinaren zutabeak jarri behar zirelako», baina hiru hamarkada igaro eta gero, bide hori «zabaltzea» beharrezkoa dela. «Duela 32 urte abiatutako bidea estua da, eta beharrezkoa da zabaltzea gure herriaren borondatea muga bakartzat hartuz».

Aurrera begirako bidea aniztasunaren eta giza eskubide ororen errespetutik baino ezin dela jorratu azpimarratu zuen lehendakari ohiak. Indarkeriaren amaierak irekitako aro berriari begira ere, esperantzaz mintzatu zen: «Itxaropena daukat gatazkak gure gizartean utzi dizkigun zauriak adorez eta eskuzabaltasunez sendatzeko gai izango garela».

Lan Ona eta Lagun Ona

Gernikako Arbolaren Gurutzea ez ezik, Lan Onaren eta Lagun Onaren sariak ere banatu zituen Jaurlaritzak. Lan Onaren saria, Pedro Anitua medikuak, Juan Angel Balbas Debegesa Garapen Ekonoikorako Elkarteko zuzendari nagusiak, Ana Blanco kazetariak, Martin Fiz kirolariak, Juan pablo Fusi historialariak eta Milagros Garcia Crespo ekonomilariak jaso zuten, eta Lagun Onaren saria, berriz, Jose Ignacio Sanchez Galan enpresaburuak. Hunkituta jaso zuten denek saria, eta esker oneko hitzak izan zituzten.

Sarituekin batera, alor askotariko gonbidatuak izan ziren Lehendakaritzako egoitzan izandako ekitaldian. Alderdi abertzaleek ez zuten bat egin Eusko Jaurlaritzaren ospakizunarekin, baina hala ere, EAko eta EAJko kideak izan ziren atzoko ekitaldian. EAk ordezkaritza bat bidali zuen Garaikoetxeari laguntzeko: besteak beste, Pello Urizar, Ikerne Badiola, Juanjo Agirrezabala, Rafa Larreina, Unai Ziarreta eta Antxon Belakortu joan ziren EAren izenean. EAJtik, berriz, Ibone Bengoetxea Eudeleko presidente eta Bilboko zinegotzia, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, eta Mikel Martinez eta Iñigo Iturrate Legebiltzarreko mahaikideak izan ziren, baita Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidente ohia, Javier Balza sailburu ohia eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia ere.

Erakundeetako ordezkariei dagokienez, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia joan zen, baina ez ziren izan Gipuzkoako eta Bizkaiako diputatu nagusiak. Espainiako Gobernutik, berriz, Presidentetza ministro Ramon Jauregik parte hartu zuen. PSE-EE eta PPren aldetik, bestalde, ordezkaritza zabala izan zen ekitaldian.

Ordezkari politikoak ez ezik, kultura, gizartea, kirola eta ekonomia arloko ordezkariak ere izan ziren gonbidatuen artean.

Publizitatea