Konponbideari begira

Berriak

Gernikako Estatutuaren urteurrena

Lopez: «ETAren porrota, gure autogobernuaren garaipena da»

Garai berriari «erantzukizunez» heltzeko deia egin du lehendakariak, ekitaldi instituzionalean

2011-10-26 / Edurne Begiristain

Duela 32 urte Gernikako Estatutuaren eta «demokraziaren» aldeko apustua egin zutenen ospakizun eguna izan zen atzokoa, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera. Pozik agertu zen lehendakaria Euskadiren Eguna ospatzeko lehendakaritzan egindako ekitaldi instituzionalean. Izan ere, hiru hamarkada eta gero, ETAren indarkeria desagertu dela, baina Estatutuaren ondorioz sortutako autogobernuaren erakundeek indarrean jarraitzen dutela nabarmendu zuen: «ETA joan da, baina Estatutuak gurekin jarraitzen du». Haren ustetan, «terrorismoaren porrota, demokraziaren, autogobernuaren eta euskaldunon arteko akordioaren garaipena da».

ETAk armak uzteko hartu berri duen erabakiak zipriztindu zuen atzoko ekitaldia. Euskadiren Eguna, hortaz, ospatzeko ez ezik, «oroitzeko» ere izan behar zuela esan zien lehendakariak ekitaldira bildutako ehunka gonbidatuei. Biktimak gogoratzeko eguna eta urtetan ETA garaitzea posible egin duten pertsona eta erakundeei eskerrak emateko eguna izan zen atzokoa, Lopezen esanetan: Poliziari, Espainia eta Frantziako gobernuei, aurreko eusko jaurlaritzei, enpresaburuei, epaile eta fiskalei, «egia kontatu duten» kazetariei, irakasleei, «mehatxuei aurre egin dieten» kargudun publikoei eta kale erasoak pairatu behar izan dituzten autobus gidariei eskerrak eman zizkien lehendakariak. «Garaipena» posible egin dute denek, adierazi zuen.

Baina iraganari begiratzeko ez ezik, etorkizuna eraikitzeko eguna ere izan behar du Euskadiren Egunak, lehendakariak esan zuenez. «Batasun ikurra izan behar du, batzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago delako». Lopezen hitzetan, Gernikako Estatutuari esker, «Euskadin bakoitzak bere ideia politikoak eta identitatea defenditu ditzake», eta horregatik elkartasunaren eguna ere bada.

Garai berria

Aurten lehenengo aldiz izan da jaiegun ofiziala Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Estatutuaren urtemuga eguna, eta «askatasuna» ekarri du eskuetan, lehendakariak azpimarratu zuenez. Gainera, ETAren erabakiak «itxaropenari» ateak zabaltzen dizkio: «Garai berria hasteko ordua da, izurik gabeko etorkizuna eraikitzeko orena». Lopezen esanetan, elkarbizitza lantzen hasi beharra dago, «iragana gaindituta eta planteamendu totalitarioak albo batean utzita». Abagune berrian «indarrak batzeko aukera» baliatu behar dela esan zuen Lopezek, «etorkizuna denon artean eraikitzeko».

Garai berri honetan «erantzukizunez» jokatzeko deia egin zuen lehendakariak: «Orain arte eskuak lotuta izan ditugu indarkeria terroristaren erruz, baina orain gure etorkizunaren jabe gara».

Hori bai, etorkizuna «zaila eta gogorra» izango dela uste du Lopezek: «Zauriak sendatu, iragana gainditu eta krisialdi ekonomikoari aurre egin beharko diogu, baina euskal gizartean konfiantza osoa daukat, eta ziur naiz askatutako energiak baliatzeko gai izango garela».

Publizitatea