Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

Iturri onetik

ETAren aurkako borrokako polizia iturrietan oinarritutako informazio ugariek sinesgarritasuna kendu nahi izan diote, agiria argitaratu aurretik nahiz ondoren, jardun armatua uzteko erabakiari.

2011-10-26 / Imanol Murua Uria

ETAk jardun armatua betiko utzi duela jakinarazi baino ordu gutxi batzuk lehenago, urriaren 20an bertan, El Confidencial Digital guneak albiste hau eman zuen: «ETAk armak utziko dituen batere zantzurik ez dago». Batere ez. Azpitituluak argitzen zuen informazioaren iturria zein zen: «Guardia Zibilak duela hamar egun bidalitako txostenaren arabera, banda terroristan aldaketarik ez da izango». Albistearen arabera, txostena Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari eman zion Guardia Zibilak. Txostenaren arabera, ETAko kideek «mugitzen» jarraitzen zuten Pirinioen bi aldeetan: adibidez, Landetako basoetan entrenatzen jarraitzen zuten, «tiratze teknikak hobetzeko». Hego Euskal Herrian, gainera, «bi informazio komando aktibo» zituzten, «borroka armatura itzultzean jomuga izango dituztenak analizatzen».

ETAk joan den urtarrilaren 10ean su-etena eman zuenetik, ugariak izan dira Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenetan edota Frantziako polizia iturrietan oinarritutako informazioak, asko norabide berean: itzultzeko prestatzen ari da ETA.

ETAk su-etena iragarri eta sei egunera, El País egunkariak izenburu hau zekarren azalean: «Estrategia militarra ezin da auzitan jarri». ETAren hitzak ziren, El País-en arabera. Azpititulua: «Armak ez uztea erabaki zuen banda terroristak barne eztabaida batean, azaroan». Jose Luis Barberia kazetariak sinatutako albiste haren arabera, ETAko buruzagien artean egindako barne eztabaidan hainbat ebazpen onartu zituzten, eta ebazpen horien artean zegoen «estrategia politiko-militarrarekin» jarraitzeko erabakia. Iturria? «Dokumentuak ezagutzen dituzten iturriak».

Dokumentu haiek ezagutzen zituzten iturrietatik oso urruti ez zen ibiliko 19.242 zenbakidun Espainiako Poliziako agentea. Polizia peritu nagusia izan zen Bateragune auziko ahozko epaiketan, ETAri azkenaldian atzemandako agiriei buruzko txostenaren egile zelako deitu baitzuten auzi gelara. ETAren kontrako borrokako adituak, joan den uztailaren 4ko auzi saioan, epaimahaiari azaldu zion erakunde armatuak «isilpeko etenak» egiteko asmoa zuela, abertzaleen arteko elkarlana errazteko aldi batez, baina borroka armatuarekin jarraitzeko asmotan. Hori guztia, Bateragune auziko epaituekin adostasunean, baina abangoardia armatua izateari utzi gabe.

Agiriaren ondoren

ETAren azken agiriak guztiz gezurtatu ditu polizia iturri horietan oinarrituta orain arte argitaratutako berriak. Baina geroztik ere, ETAren erabakiaren egiazkotasunari buruzko informazio askok polizia iturriak dituzte oinarri. Urriaren 20an bertan, ETAk borroka armatua utzi duela jakinarazi eta gero, Frantziako iturri judizial eta polizialen «errezeloaz eta mesfidantzaz» albistea argitaratu zuen Elpais.com-ek. Errezelo horren oinarriak: ETAk inon ez duela idatzita utzi desegiteko asmoa duenik eta, gainera, «zerotik hasita» «gune operatibo berria» berrantolatzen ari dela.

Vocentoko hedabideetan ere, Frantziako iturrietan oinarrituta, ETAren erabakiaren irmotasunari buruz mesfidantza agertu dute. Arrisku nagusia, joan den larunbatean argitaratutako informazioaren arabera, ETAren barne zatiketa litzateke: armak entregatzen dituztenean eta militanteek euren buruak entregatzen dituztenean desagertuko da arriskua; bitartean, ez. Iturri beretan oinarrituta, gutxi direla eta «inguratuta» daudela argitaratu du El Mundo-k: ETAko kide asko kontrolpean dituztela, «horien artean esanguratsuenetako batzuk». Dena den, ekintzak prestatzen baino gehiago, «irauteko» ahaleginean besterik ez direla ari diote El Mundo-ren iturriek. Atxilotzen ez badituzte, egoera berriagatik izan omen daiteke: «Kontrolatzen dituzte, baina ez dituzte atxilotzen». Abc-ren «terrorismoaren aurkako iturrien» arabera, ordea, ETAren aurkako operazio guztiei eusten zaie: «ETAren aurkako agente bakarra ere ez da kendu, ez Espainian ez Frantzian».

Guardia zibilen eta polizien elkarteek ere mesfidantza azaldu dute ETAren erabakiaren ondoren. Beraien arabera, 64.000 agente ordezkatzen dituzte AUGC eta SUP elkarteek: «ETAk iragarri du ez duela gehiago hilko, baina ez du esan desegingo denik eta, beraz, erakunde klandestino izaten jarraituko du».

Agiria argitaratu zen egunean bertan ETAk borroka armatuari eutsi egingo ziola ziurtatzen zuen hedabideak berak, El Confidencial Digital-ek, ETAren desegiteari eguna jarri zion atzo, «inteligentzia eta informazio zerbitzuetan» oinarrituta: urtebete. Xehetasun eta guzti: ekitaldi publiko bat egingo dute, «kaputxarik gabe, ETApm-k 80etan egindakoaren antzera».

Publizitatea