Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

Urkulluk Lopezi esan dio orain Madrilek mugitu beharra daukala

Indarkeriaren amaiera aztertzeko bildu dira EAJko burua eta lehendakaria; Lopezek dio dekalogoa «gida egokia» dela aro berrirako Elkarrizketa errondara ezker abertzalea ez gonbidatzea «akatsa» dela dio Permachek

2011-10-25 / Edurne Begiristain

ETAk jardun armatua utzi ostean ireki den aro politiko berrian, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko jeltzaleek proposatutako urratsak zeintzuk diren azaltzera joan zen atzo Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea Patxi Lopez lehendakariaren bilerara. Urkullluk berak azaldu zuenez, bilera horretara eskaera bikoitza eraman zuen: batetik, hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertzeko eskatu zion lehendakariari, eta, bestetik, «salbuespenezko politikak» bertan behera uzteko Espainiako Gobernuari.

Atzo goizean ekin zion lehendakariak erakundeetan ordezkatuta dauden alderdi guztiekin iragarritako elkarrizketa sailari, eta ordubete inguru batzartuta egon zen EAJko buruarekin, Lehendakaritzako egoitzan. Bilera amaitutakoan, kazetarien aurrean agertu zen Urkullu —Lopezek ez zuen agerraldirik egin—, eta, jakinarazi zuenez, lehendakariari «ekimena, batasuna eta zuhurtzia» eskatu zizkion garai berri honetan normalizazio politikoa eta bizikidetza lortzeko.

Haren ustez, lehendakariak Eusko Legebiltzarrean proposatutako dekalogoa «gaindituta» dago, eta, beraz, ez da bidea normalizazioa lortzeko. Urkullurentzat, une honetan Aieteko proposamenaren bide orriaren garapenak izan beharko luke lehentasuna. Hala, agiri horretako lehen eskaria bete ondoren gainerako puntuak aurrera eramateko garaia dela azaldu zuen EAJko buruak.

Besteren artean, alderdi politikoen arteko elkarrizketak irekitzearen garrantzia azpimarratu zuen EAJko buruak, eta aukera politiko oro erakundeetan ordezkatuak izan daitezen hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertzeko eskatu zion Lopezi. Bozak aurreratzeko «exijentziarik» ez ziola egin argitu zuen Urkulluk, baina bai aukera horren inguruan «gogoeta» egiteko. «Normalizazio politikoan pausoak eman nahi baditugu, erakundeek aukera politiko guztien isla izan behar dute», azaldu zuen. Gainera, EAJko presidentearen irudiko, alderdien mahai batek ez luke inor baztertu behar, eta, beraz, Sortu legeztatu gabe ez litzateke zilegi izango halakorik eratzea.

Biktimen alorrean, berriz, «aitortza, laguntza eta oroitze politikak» adostasunetik abiatzeko eskatu zuen Urkulluk, eta ezinbestekotzat jo zuen ezker abertzaleak biktima ororen aitorpenarekin engaiatzea.

Baina lehendakariari ez ezik, Espainiako eta Frantziako gobernuentzako eskaerak ere mahai gainean jarri zituen Urkulluk atzoko bileran. Haren iritziz, aro berri honetan gobernuek bertan behera utzi beharko lituzkete «salbuespenezko neurriak», berandu baino lehen. Tartean, Alderdien Legea indargabetzeko, Zigor Kodea berraztertzeko eta espetxe politika «malgutzeko» eskatu zuen Urkulluk. Eskaera horiek aurki egin nahi dizkio Zapaterori, bilera batean.

Lehendakariak, berriz, hauteskundeetatik aterako den Espainiako Gobernuarekin «terrorismoak eragin dituen arazoak» konpontzeko borondatea baduela jakinarazi zion EAJko buruari. Batzarraren ostean Lehendakaritzak ohar batean azaldutakoaren arabera, presoen gizarteratzea aztertu nahi du Lopezek gobernu berriarekin, betiere presoek «demokrazian eta indarrean dagoen legedian barneratzeko borondatea» agertzen badute.

Lehendakaritzaren arabera, indarkeriaren osteko aroa «ahalik eta batuen» hasi nahi du Lopezek, eta, horretarako, indar politiko eta sozialekin akordioak lortzeko ahalegina egingo du. Lopezek aitortu egin du hauteskundeak gertu egoteak «zailagoa» egiten duela erabakiak hartzea, eta, horregatik, «zuhurtzia, erantzukizuna eta irekiera» izatea eskatuko die alderdi denei.

ETAk jardun armatua utzi ondoren, lehendakariak uste du «inoiz baino gaurkotasun handiagoa» daukala bizikidetza eta adiskidetasuna lortzeko Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen dekalogoak. «Egoera bideratzeko gida egokia eta irekia eskaintzen du» plan horrek, Lopezen ustez. Horren bitartez, «memorian, demokrazian, euskal gizartearen pluraltasunaren errespetuan eta aukera politiko guztiak barne hartzen dituen integrazioan» oinarritutako aro berria ireki ahal dela iritzi dio lehendakariak.

«Askatasuna», irabazteko

Antonio Basagoiti EAEko PPko buruarekin ere aste honetan bertan biltzekoa da lehendakaria. Bilera horretan, Basagoitik Lopezi jakinaraziko dio ETAren indarkeria desagertuta «askatasuna» irabazi behar dela, «ETAk Espainiarekiko haustura eta euskal herritarren arteko zatiketa inposa ez dezan». Basagoitik jakinarazi duenez, Espainiako Konstituzioari eta Gernikako Estatutuari «prestigioa eman» behar zaiela nabarmenduko dio lehendakariari bileran.

Bilduko ordezkariek, berriz, lehendakariaren gonbidapenaren zain jarraitzen dute. Zuriñe Gainza batzarkideak azaldu duenez, ez dute oraindik jaso bilerara joateko eskaerarik. Nolanahi ere, bilerara ezkerreko planteamenduak eramango ditu Bilduk, burujabetza eta independentismoa defendituta. Argitu duenez, Bilduk lehendakariari ez dio eskatuko hauteskundeak aurreratzeko, ez delako bere lehentasuna, baina mahai gainean jarriko du alderdi guztiak legeztatzearen beharra. Lehendakariari «egoerak eskatzen duen mailan» jokatzea ere galdegingo dio koalizioak.

Horrez gain, Joseba Permach ezker abertzaleko kidearentzat «akatsa» da Lopezek ezker abertzalea gonbidatu ez izana elkarrizketa sailera. Permachen iritziz, «murriztailea» da lehendakariaren ekimena, egungo egoera politikoak alderdi guztiekiko negoziazioak eskatzen dituelako: «Gatazkaren konponbideari heldu nahi bazaio, ildo guztiek baldintza berberetan parte hartu beharko lukete bileretan», esan du Permachek.

Informazio osagarria

Publizitatea