Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Iraganeko hutsen analisi kritiko bat eskatu du BAKek

Fabian Laespadak uste du normalizazio politikoa eta elkarbizitza eraikitzea lan zaila izango dela

2011-10-23 / Erredakzioa

ETAk jardun armatua behin betiko utzi izana «pozez eta atseginez» jaso du BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak, baina gogorarazi du orain politikaren normalizazioa eta elkarbizitzaren eraikuntza ez dela erronka erraza izango. Horregatik, ETAk armak utzi ondoren, etorkizunaren eraikuntza «iraganean egindako hutsen analisi kritiko batetik abiatu behar da», BAKen ustez.

Lortu dugu zioen pankartaren aurrean prentsaurrekoa egin zuen atzo BAKek, Bilboko Arriaga enparantzan. Fabian Laespada bozeramaileak egin zuen taldearen iritziaren irakurketa, baina berrehun taldekide inguruk parte hartu zuten ekitaldian, eta urteotan kaleetan erakutsi dituzten hainbat pankarta atera zituzten berriro kalera.

«Egia argi»

«Esfortzu handia egin beharra daukagu, eta esfortzu handia exijitu beharra daukagu egia ahalik eta argien uzteko», azaldu zuen Laespadak.

Koordinakundeak aurrera begira egin beharreko lanaren zailtasuna nabarmendu zuen, «urte larregi bizi izan baikara harreman pozoituetan murgilduta, hitz gaiztoetan, eskubide murriztuetan, egitasmo menderatuetan, askatasun txikian gotorturik».

Lan horri ekiteko «gogoa» dutela azpimarratu zuen Laespadak: «Eroapenez eta soseguz egin beharko dugu, zuhurtzia lagun, tolerantzia, begirunea eta enpatia buru ditugula. Justizia, egia, hezkuntza, gertatutakoaren taxuzko kontakizuna, guztion aurkako kolpea jasan zutenen aldeko omenaldia… horiek guztiak aldarrikatuko ditugu».

Publizitatea