Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. PSEren ekitaldia

Rubalcaba: «Bonbak kenduta, botoak kendu behar dizkiegu orain»

«Independentista erradikalei» demokraziak ematen dituen tresnekin aurre egin behar zaiela esan du Alfredo Perez Rubalcabak ETAk armak utzi ostean, emozioz betetako ekitaldia egin dute PSEko kideek Donostian
Eduardo Madina, Alfredo Perez Rubalcaba eta Patxi Lopez, atzo.
Eduardo Madina, Alfredo Perez Rubalcaba eta Patxi Lopez, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

2011-10-23 / Oihana Elduaien Uranga

Joko demokratikorako ordua da. Alfredo Perez Rubalcabak ulertu du. «Bonba eta botoen artean erabakitzeko exijitzen genien lehen. Bonbak kendu dizkiegu, eta, orain, botoak kendu behar dizkiegu, demokraziaren indarrarekin». PSE-EEk emozioz betetako saioa egin zuen atzo Donostiako Kursaalean. «Ezkutuko malko asko» bota dituzte ETA borroka armatuan aritu den urteetan, eta, atzo, ageriko malkoak bota zituzten, «tristura eta poza» biak batera sentituz.

PSOEren hauteskunde kanpainako ekitaldia ETAk armak utzi izana ospatzeko ekitaldi bihurtu zen. «Euskal sozialista» gehienak zeuden, baita Espainiako lehendakaritzarako hautagai Alfredo Perez Rubalcaba ere. Hura ere euskal sozialistatzat dauka Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak: «Rubalcaba gutako bat da jada. Lan asko egin du gurekin, eskuz esku». Ramon Jauregi, Eduardo Madina, Cristina Garmendia, Txiki Benegas, Jesus Egiguren eta Rodolfo Ares zeuden, besteak beste.

Errekonozimenduen eguna izan zen, eta Egigurenek militanteen babesa izan zuen, urteetan egindako lanagatik. Ekitaldia artean hasteke, ez musika eta ez ezer, Kursaaleko kubo txikia jendez lepo zegoela sartu zen aretora. Ez zen sarrera normala izan. Txalo zaparrada ikaragarria jaso zuen, militante guztiak zutik zirela. Geroago, Lopezen eta Rubalcabaren eskerrak ere jaso zituen Egigurenek, hitzaldietan, baita Aresek ere. «Sozialistok inoiz baino batuago gaude», esan zuen Lopezek. Asteon hitz gogorrak izan zituen Egigurenek PSEko kideentzat, eta Lopezi buruz esandakoengatik barkamena ere eskatu zuen. Liskarrik ez dagoela erakutsi nahi izan zuten atzo.

Txalaparta eta alboka oinarri zituen musikarekin, eskaileretatik jaitsi ziren Rubalcaba eta Lopez saioaren hasieran. Ikurrinak eta PSEren banderatxoak astintzen zituzten herritarrek besarkatu egin zituzten. Eskerrak eman. Zoriondu. Ezin izan zieten malkoei eutsi. Are gutxiago, aretoaren aurreko ilaretan eserita zeuden biktimengana iritsi zirenean. Agertoki gainean Madina, Jauregi, Egiguren eta Odon Elorza ere batu zitzaizkien; bata bestearen atzetik malkoak zerizkiela hasi ziren negarrez. Jauregik, irabazlearen keinuak egiten zituen. «Guztion garaipena izan da», esan zuten.

«Ez ditugu ideiak jazarri»

Orain arte edukitako jarrera justifikatu nahi izan zuen Rubalcabak, «jendeak batzuetan errealitatea distortsionatuta ikusten duelako». Proiektu politiko guztiak defendagarriak direla aditzera eman nahi izan zuen, eta orain arte ere irizpide horrekin jokatu izan dutela: «Ez gatzaizkie ideiei jazarri, terroristei jazarri gatzaizkie. Terroristei Zuzenbide estatuaren erremintekin egiten zaie aurre, baina independentista erradikalei demokraziaren armekin aurre egin behar zaie: eztabaidarekin, arrazoiekin, eta konbentzimenduarekin. Orain hori da gure borroka. Bonbak kendu dizkiegu, eta orain botoak kendu behar dizkiegu».

Rubalcabak ez, baina Elorzak autokritika egin beharraz ere hitz egin zuen. Guztiek egin behar dute autokritika, haren irudiko. Bi autokritika egin zituen berak. ETAk hildakoei garrantzi desberdina eman izana, PSEkoak zirenean edo ez zirenean, bat; eta GALen atentatuen aurrean «behar bezain irmoak» ez izatea bestea. Txaloka erantzun zien publikoan batutakoek.

Informazio osagarria

Publizitatea