Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

 

2011-10-22 / Berria

Jon Maia. Bertsolaria

«Nahiz eta aurreikusten genuen albistea izan, jaso nuenean zirrara handi bat sentitu nuen. Baina hau ez da oraindik denok espero dugun egun handia. Egun hori izango da zer izan nahi dudan erabakitzeko modua daukadana. Orduan sentituko naiz libre. Euskal herritarrok ardura historiko bat dugu orain, prozesu hau azken porturaino eramateko. Geuk eraman dugu gizarte hau normalizaziora. Jarrera aktiboa izan behar dugu. Frantziak eta Espainiak, berriz, gatazkaren alde askori erantzun beharko diete: presoenari, eskubide politikoenari...».

Bernardo Atxaga. Idazlea

«Hemendik aurrera ere eguneroko bizitza izango da gure aberria. Ez da erraza izango, beste arazo batzuk ere etorriko zaizkigulako: pobrezia, adibidez. Hemengo politikan, ziurrenik, nahasketa bat egongo da, baina hobea. Izan ere, jende askok ez du mehatxurik izango, eta beste batzuek erraztasun handiagoa izango dute bere burua adierazteko. Herritar garen aldetik, norberak ikusi beharko du nola egin justiziaren alde, nola egin askatasunaren alde... Baina nik, adibidez, lan horretan ez dut ETAren agirian pentsatuko, egunerokotasunean baizik».

Leire Olaberria. Txirrindularia

«Herbehereetan nago Europako Txapelketetan parte hartzen, eta etxetik urrun halako berri bat jasotzea beti da bereziagoa. Oso albiste pozgarria da. Gustatuko litzaidake hau guztia hasiera bat izatea, eta orain arte ezagutu ez dugun Euskal Herri bat ezagutzea, denak pozik eta bakean bizitzea. Izan ere, hori da Euskal Herri osoaren nahia. Bakoitzak bere eguneroko bizimodutik lan egin behar du horretan. Izan ere, alde batean zein bestean dago asko sufritu duen jendea. Beraz, errespetutik eta barkamenetik eraikitzen hasi behar dugu etorkizuna».

Loli Astoreka. Aktorea

«Oso albiste pozgarria da. Ttanttakaren azken antzerkiaren estreinalditik ateratzean jaso nuen berria. Denok uste genuen iritsiko zela, baina iristean beti harrapatzen zaitu ezustean. Ea behin betiko bakea lortzeko bidean lehen eguna den atzokoa [herenegungoa]. Hori nahi dugu guztiok. Etorkizunean zer egin behar den esateko badira ni baino pertsona adituagoak. Haiek lan egin beharko dute hemendik aurrera. Baina uste dut ondokoaren ideien errespetuan oinarrituz eraiki behar dugula geroa. Funtsezkoa iruditzen zait hori».

Iñaki Perurena. Harri-jasotzailea

«Poz handiz hartu dut albistea. Lehenago etorri izan balitz, hobe, baina behin ere ez da berandu, eta beste garai batzuk heldu dira orain Euskal Herrira. Hemendik aurrera, lan egiteko garai hobeak izango dira; lan egiteko, oro har, ez soilik politikan. Nik gustura entzungo nuke beste albiste bat ere: politikari guztiek politika uzten dutela. Politika gehiago ez dela izango. Gauzak kudeatu egin behar dira, eta politikari titulu potoloa duten horiek beste bide batzuetan ari dira lanean. Orain garai berria dator. Izan nahi dut itxaropen hori».

Laura Mintegi. Euskal PEN Klubeko presidentea

«Poz ikaragarria hartu dut albistea jakinda. Baina, aldi berean, ardura sentsazio bat dut. Izan ere, hau da eraiki behar dugun etxe berrirako lehen harria. Nik ez dakit planoak eta arkitektoak prest dauden. Baina ziur nago langileak baditugula. Herritarrok aspaldi erabaki genuen politika zerbait serioegia zela politikarien esku uzteko. Falta zaiguna da erabakitzeko ahalmena. Hori ez digute inondik esango. Erabakimena euskal herritarrona izan behar du. Baina etorkizuna eraikitzeko atzera ere begiratu behar dugu, nora joan nahi dugun erabakitzeko».

Kirmen Uribe. Idazlea

«Nire bizitza osoa bizi izan dut indarkeriaren inguruan, eta pozik hartu nuen berria. Azken urteotan egin den lanaren eta asteleheneko konferentziaren ostean, espero nuen albistea. Uste dut euskaldunoi aukera bat zabaltzen zaigula orain, eta denok jarri behar dugu zerbait horretan. Gure ingurukoekin, bakerako aukera hau sendotu behar dugu. Orain tira egin behar dugu. Indarra egin behar dugu zauriak sendatzen, eta baita solte geratzen diren gauzak lotzen ere. Oso kontuan hartu behar dira, adibidez, biktimen eta presoen gaiak».

Paxkal Indo. Seaskako presidentea

«Hilabeteak ziren albistea espero genuela, eta uste dut berria zerbaiten hastapena dela, amaiera baino gehiago. Bakea egiteko bi aldeek eman behar dituzte pausoak. Kasu honetan, alde batek egin du; ikusteko dago besteak egingo duen. Frantziako eta Espainiako gobernuen txanda da orain. Nik, dena den, beste hausnarketa bat egin nahi nuke. Herri hau ez da normalizatua egongo hizkuntza normalizatua egon arte. Horretarako, euskara hitz egin eta erabili behar dugu. Herritarrok ardura handia dugu».

Gregorio Monreal. Historia katedraduna

«Alde positiboak baino ez ditu ETAren adierazpenak. Mehatxupean bizi zirenentzat, eta ETArentzat ere bai; preso, erbesteratu eta senideentzat. Baita enpresari eta ekonomialarientzat ere. Parekatu egingo dira, gainera, gizartea eta ordezkaritza politikoa. Baina erabaki behar da oraindik euskal gizarte bateratu bat eratzeko metodoa. Bi bide daude, epe laburrekoa eta luzekoa. Lehenak nahasi egiten ditu Euskal Herria birtuala eta erreala. Okerra da hori, Euskal Herria erreala oso herri desintegratua baita. Lurraldeka gehiengo ezberdinak daude».

Sagrario Aleman. Euskaltzaina eta IKAko arduraduna

«Espero genuen ETAren albistea, eta bagenekien zer izango zen. Pozgarria izan da, halere. ETAren jomuga izan direnentzat bereziki pozgarria izango zela pentsatzen dut. Adierazpen hau pauso bat gehiago da normalizazioaren bidean, baina asko falta da oraindik horretarako. Adosteko dago normalizazioa denok berdin ulertzen dugun ere. Orain, adierazpen askatasuna handiagoa izango den eta errazago hitz egin ahal izango den da kontua. Jendeak ideologia batzuk defenditu ahal izango dituen ETAren jarraitzaile direla entzun beharrik gabe».

Publizitatea