Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Espainia eta Frantzia

Presoez aritzeari uko egin dio Blancok, hurrengo gobernuari dagokiola iritzita

Espainiako Gobernuak eta PSOEk goratu egin dute Poliziaren lana, ETAk horregatik utzi duelakoan indarkeria

2011-10-22 / Garikoitz Goikoetxea

Garaipen oihua zabaldu zuten atzo Espainiako Gobernuko eta PSOEko ordezkariek, ETAk jardun armatua utzi eta biharamunean. Ñabardura Antonio Camachok jarri zuen, Espainiako Barne ministroak: «Lehenengo zatia soilik amaitu da. Konplexuena falta dugu: legeen bidez bermatzea espainiarrek gehiago ez dutela jasango horrelako basakeria bat». Segurtasun indarren lana goratu dute gobernuko eta PSOEko ordezkariek. Presoei buruz jarduteari muzin egin diote, ordea. «Orain ez dagokigu horretaz hitz egitea», erantzun du Jose Blancok, gobernuko bozeramaileak.

Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko buruekin bildu zen atzo Camacho. Haiek egindako lana goraipatu zuen, horregatik utzi duelakoan ETAk indarkeria. «Jada inork ez dauka beldurrik kalean bere ideiak defendatzeko; jada inork ez du isildu beharko indarkeriaren inposizioen aurrean. Segurtasun indarrei esker ospatu ahal izan da indarkeriaren amaiera». Ministro ohiak, Alfredo Perez Rubalcabak, bide beretik jo du: «ETAren porrota da, eta demokraziaren garaipena. Polizien lana eta sakrifizioa aitortu behar dira». PSOEren hautagaia da Espainiako gobernuburu izateko.

Iragarpena erantsi dio horri Camacho egungo ministroak: lehengoan jarraituko duela Poliziak: «Orain arteko intentsitatez, zorroztasunez eta arduraz». Hartara, indarkeriaren «harlauza» behin betiko desagertuko dute, Barne ministroaren esanetan.

Aurrerakoak, hurrengoari

Hemendik aurrerakoari buruz isiltasuna du erantzun Espainiako Gobernuak, eta berdin PSOEk. Bezperan Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak hartutako ildoari segitu diote gainerako ordezkariek. Blanco, eleduna: «Beste garai batean gaude, eta bozetatik aterako diren parlamentuari eta gobernuari dagokie kudeatzea. Adimenez, zuhurtziaz eta batasunez egin beharko dute, orain arte egin dugun bezala».

Presoen sakabanaketa amaitzeaz edo gisa horretako gaiez ez du hitz egin nahi izan Blancok. PSOEren hautagaiak ere, Rubalcabak, ez du argitu zer egingo duen gobernuburu bada: «Hauteskundeen ondoren erantzun beharrekoa da hori». Nolanahi ere, gainerako alderdiekin ados jartzea ezinbestekotzat jo du: «Indarkeriarik gabeko garaia orain arteko irizpideak erabiliz bideratu behar da: guztien batasunarekin».

Presoak ez, ETAren biktimak hartu dituzte ahotan gobernuko eta PSOEko ordezkariek. Irabazleez eta galtzaileez hitz egin du hautagaiak: «Biktimek eta irabazi dugunok idatziko dugu ETAren historia. Minezko eta sufrimenduzko historia da, erabat, baina demokraziaren garaipen handi batekin duena amaiera».

Publizitatea