Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Erakundeetan ordezkaritza dutenekin bilduko da Lopez, elkarbizitza lortzeko

Lehendakariak dio «pilota mundu guztiaren teilatuan» dagoela, eta «arduraz» jokatzeko deia egin du

2011-10-22 / Edurne Begiristain

Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi berritan, agerraldi publikoa egin du Patxi Lopez lehendakariak, ETAren jarduera armatuaren amaieraz balorazio pausatuagoa egiteko eta Jaurlaritzak egingo dituen urratsak iragartzeko. «Euskaldunon amesgaiztoa» amaitu delako pozik dago lehendakaria, eta orain «elkarbizitza eraikitzeari» ekin behar zaiola esan du. Zeregin hori betetzeko, eragile politiko eta sozialak bidelagun izan nahi ditu lehendakariak, eta, horregatik, haiekin bilera sail bat egingo duela jakinarazi du. Erakundeetan ordezkaritza duten alderdi politikoekin , gizarte eragileekin eta ETAren biktimen elkarteekin batzartuko da lehendakaria, ETAren agiriaren ostean zabaldu den aro politikoa aztertu, garai berrian «batasun handiena» lortu eta etorkizunerako urratsak adosteko.

Aurreko lehendakariekin ere batzartzeko asmoa duela esan du, haien «ezagupena eta esperientzia» lagungarria izan daitekeelakoan. Halaber, Espainiako Gobernuarekin ere elkarlanean aritzeko prest agertu da, «indarkeriaren aroak atzean utziko dituen arloak bideratzeko».

Jaurlaritzako sailburu guztiak lagunduta egin du iragarpena Lopezek, Gasteizen, Lehendakaritzako egoitzan. Indarkeriaren amaieraren ondotik hasi den aro berria itxaropenerako aro bat dela eta erantzukizunez eta modu burutsu batean kudeatu beharra dagoela esan du. Jakinarazi duenez, garai politiko berri honetarako Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen dekalogoa izango da aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak jarraituko dion ibilbide orria. «Uste dut etapa berri honen gida izan daitekeela».

Lopezek adierazi du ETAk armak utzi eta gero «guztiona» dela aro berria sendotzeko ardura eta denei dagokiela konpromisoak hartzea: «Pilota orain mundu guztiaren teilatuan dago». Lehendakariaren irudiko, «soseguz» eta «zuhurtziaz» jokatu beharra dago hemendik aurrera, inolako hutsik ez egiteko.

Bidaiaren polemika

Euskal Herritik kanpo zegoen lehendakaria Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia egin zenean, bai eta ETAk indarkeriaren amaiera iragarri duenean ere, eta, horregatik, kritika ugari jaso ditu. Egoera politikoak eskatzen zuen mailara ez egotea leporatu diote hainbat alderdik. Lehendakariak, baina, ez du polemikan horretan sartu nahi izan, eta bere burua defendatu du: «AEBetan ez nengoen aisialdian; Euskadiren interesen alde egiten nenbilen». Jaurlaritzak ETAk iragarpena egingo zuela espero ez ote zuen behin eta berriz galdetu diotenean, zeharka erantzun du: «Banekien jakin behar nuen guztia».

Lehendakariak ETAren biktimak gogoan izan ditu hitzaldian, haien memoria etorkizunaren zutabe bihurtuko dela azpimarratuta. Halaber, eskerrak eman dizkie «gehien arriskatu dutenei, epaile eta fiskalei, mehatxupean izan diren kazetari, irakasle eta enpresariei, baita Espainiako gobernuei eta aurreko lehendakariei ere».

ETAri ez zaiola ezer zor gaineratu du Lopezek, zordunak etakideak direlako: «Ez digute ezer oparitu, eta ez diegu ezer ordainduko. Zor handia dute».

Publizitatea