Konponbideari begira

Berriak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Arriskatu ez izana leporatu dio Egigurenek Patxi Lopezi

«Sozialistok bakea gidatzeko aukera galdu dugu», kritikatu du PSEko presidenteak Kataluniako 'El Periódico' egunkarian Bakearen alde beti «kiskali» dela erantzun dio Jaurlaritzako lehendakariak Egigureni

2011-10-20 / Edurne Begiristain

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea oso kritiko azaldu da bere alderdiarekin eta Patxi Lopez lehendakariarekin El Periódico de Catalunya egunkariak atzo kaleratutako elkarrizketa batean. Haserre dago Egiguren, PSEk bakearen bilaketan lidergorik ez erakusteagatik, eta bereziki Patxi Lopez lehendakariarekin, bakearen alde «gehiago arriskatu» behar zuelako: «Nahiz eta Madrili arazoak ekarriko lizkiokeen eta nahiz eta jakin epelak entzun beharko zituela, lehendakariak gehiago arriskatu behar zuen, eta dena eman behar zuen, baita erreko bazen ere».

Herritarrek horretarako hautatu zutela dio, eta politikariak etorkizuna aurreikusten jakin behar duela. «Ulertzen dut lehendakariak gauzak neurtuta egin behar dituela, baina euskaldunek bakea egiteko hautatu zuten», adierazi du elkarrizketan. Lehendakariak bake aukera ikusita duen jarrera politikoarekin ez dago batere ados Egiguren: «Isildu behar izan dut lehendakariari kontra ez egiteko», aitortu du.

Lehendakariarekin ez ezik alderdiko kideekin ere «oso haserre» dagoela esan du PSEko presidenteak. «Beti amestu» duena bizitzen ari den arren, penatuta dago «zenbait politikarik bakea muturren aurrean izan eta egoera ez baliatzeagatik». Ostean argitu du horiek Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza direla, eta duela lau urte ez bezala, oraingoan «zuhurregi» jokatu dutela. Alderdi barruan ez dutela ulertu esan du Egigurenek, eta «mugatua» egon dela.

Sozialistek, haren aburuz, «bakea gidatzeko aukera galdu dute». Bilduk «aurrea hartu» die sozialistei, eta une honetan bakearen «bandera» koalizioak duela iritzi dio. Gainera, egoera horrek «tsunami abertzalea» ekarriko duen beldur da Egiguren: «Beldur naiz bakea gehiegizko giro abertzale batekin lagunduta etorriko dela».

Arnaldo Otegiri buruz ere hitz egin du elkarrizketan, esanez ez duela ulertzen zergatik dagoen preso. «Legea bete egin behar da, baina malgu joka daiteke», esan du. Otegi espetxean egonda «mitoa elikatzen» ari dela iritzi dio. ETAren balizko agiri batez galdetuta, berriz, Aieteko biltzarraren ondorioekin bat egingo duen ustea dauka Egigurenek, eta hori, berez, «asko» dela. Espetxe politika aldatzearen alde egin du: «Logikaz, etxetik gertu egon beharko lukete presoek».

Berehalako erantzuna

Egigurenen adierazpenak hautsak harrotu ditu, eta berehalako erantzuna izan dute. Patxi Lopez lehendakariak AEBetatik ihardetsi dio, esanez berak ez duela bere iritziarekin bat egiten eta sozialistak beti «kiskali» direla bakearen alde. Lehendakaria denetik bakea bere «obsesioa» izan dela gaineratu du. Lopezen ustez, aro berria ireki izana ez da konferentzia baten ondorio, «urteetako ahaleginaren eta sufrimenduaren ondorio baizik». Bide batez, berak eta Eusko Jaurlaritzak Egiguren «beti» babestu dutela adierazi du Lopezek.

Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak ere Egigureni erantzun dio. Haren esanetan, lehendakaria «kiskaltzen» ari da bakearen alde, eta «egon behar zuen lekuan» egon da beti. Gainera, PSE Aieteko konferentzian izan bazen lehendakariak ere hala nahi zuelako izan zela esan du.

Manuel Chaves PSOEk presidenteak ere Egigurenen hitzak deitoratu ditu. Egindako kritikak «bidegabeak» direla esan du: «Sozialista eta lehendakari gisa, politikoki eta pertsonalki, bakearen alde, terrorismoaren aurka eta indarkeria amaitzeko gehien lan egin duena da [Patxi Lopez]».

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, bestetik, koherentziarik eta batasunik ez izatea leporatu dio PSEri indarkeriaren aurkako borrokan. ETAri aurre egiteko «jarrera bateratu eta bakarra» behar dela azpimarratu du.

EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalaren irudiko, ostera, Egigurenek «bete-betean asmatu» du kritikekin, eta euskal gizartean gehienek berdin pentsatzen dutela uste du.

Publizitatea