Konponbideari begira

Berriak

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Jimmy Carter, Tony Blair eta George Mitchellek ebazpena babestu dute

AEBetako presidente izandakoak, Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta AEBetako senatariak bat egin dute Aieteko agiriarekin Elkarrizketa zabaltzeko eta bake aukera baliatzeko eskatu dute hiru politikariek

2011-10-20 / Edurne Begiristain

Jimmy Carter AEBetako presidente izandakoak, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta George Mitchell AEBetako senatariak atxikimendua eman diote astelehenean Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziak onartutako ebazpenari. Lokarri herritar sareak jakinarazi duenez, Carterrek, Blairrek eta Mitchellek nork bere adierazpena eginda babestu dute Aieteko konferentziaren agiria. Gatazkaren konponbidea lortzeko, elkarrizketa zabaltzeko eta bake aukera baliatzeko eskatu dute hirurek.

Lokarrik jakinarazi duenez, Carter zentroak adierazpen bat kaleratu du Euskal Herriko «berradiskidetze ahaleginen inguruan». Adierazpen horrek dioenez, AEBetako presidente ohiak bat egin du «munduko buruzagi ohi batzuek Espainiako euskal erregioan» egin zuten adierazpenarekin. «ETAren, Espainiaren eta Frantziaren artean elkarrizketa gauzatzeko eta erregioak aspaldidanik pairatzen duen gatazkari amaiera jartzeko» dei egin du AEBetako gobernuburu ohiak idatzian: «Ahalegin honek merezi du nazioarteko komunitatearen saioa».

Blairren adierazpena haren bulegoko eledun batek helarazi duela jakinarazi du Lokarrik. Erresuma Batuko lehen ministro ohiak «sostengu irmoa» eman dio Donostian hainbat buruzagik jakinarazitako ebazpenari, «zeinetan jarduera armatua behin betiko uzteko eskatzen zaion ETAri». Blairrek uste du «Europako azken gatazka armatuari amaiera emateko aukera-leiho bat» dagoela eta «aukera hori baliatzeko» deia egin die lider politiko guztiei.

Bestetik, Mitchell AEBetako senatariak ere «erabateko sostengua» erakutsi dio Donostian «nazioarteko buruek» jakitera emandako ebazpenari. «Garrantzitsua da ahal diren neurri guztiak hartzea Europako azken konfrontazio armatuaren amaiera gauzatzeko», adierazi du Mitchellek. Halaber, bat egin du ebazpenak ETAri egiten dion eskaerarekin, hau da, «jarduera armatu ororen amaiera publikoki iragartzeko eta gatazkaren ondorioei heltzeko xedez Espainiako eta Frantziako Gobernuekin elkarrizketak bilatzeko» egindako eskaerarekin. AEBetako senatari ohiak uste du Euskal Herrian «bake iraunkorra» lortzeko aukera badagoela, eta «interesa dutenek» aukera hori baliatu beharko luketela.

Beste hiru aditu gehiago

Jimmy Carter, 1977-1981 urte artean izan zen Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko presidente, eta 2002an Bakearen Nobel saria jaso zuen, nazioarteko gatazka politikoak konpontzeko egindako saioengatik.

Tony Blair, 1997tik 2007ra izan zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta Ipar Irlandako bake akordioan parte hartze zuzena eduki zuen. Egun, Ekialde Hurbileko bake prozesuan dabil lanean.

George Mitchell, bestalde, 1980etik 1995era izan zen bere herrialdeko senatari. Barack Obama AEBetako Gobernuaren ordezkaria da egun Ekialde Hurbilean. Mitchellek Irlandako gatazka konpontzeko elkarrizketetan ezarritako printzipioak dira geroztik hainbat negoziazio prozesutan oinarri izan direnak. Egilearen izena daramaten Mitchell printzipioak Gernikako Akordioan ere biltzen dira.

Publizitatea