Etxerat-ek eta Sarek presoei lege arrunta aplikatzea izango dute helburu aurrerantzean
Bi eragileek agerraldia egin dute sakabanaketaren amaieraren harira: «Amaitu egin da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latz hau». Eskatu dute aldarrikapenekin jarraitzeko, 'Etxera' leloaren bidez.
2023-03-26 / Paulo Ostolaza
Azkenean bukatu da hainbeste urtez luzatu den sakabanaketa politika krudela. Orain #etxera pic.twitter.com/ASlE1mjtZO
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) March 26, 2023
Sareko Joseba Azkarraga eta Etxerat-eko Jose Morales bozeramaileek aldarrikapen horren alde egin den lan guztia azpimarratu dute, eta zoriondu egin dituzte «modu batean edo bestean beren ekarpen handia nahiz xumea» egin duten guztiak: «Denon artean lortu dugu aspalditik eta biziki espero genuen helburua: urrunketaren behin betiko amaiera». Gogoan izan dituzte, bereziki, presoak bisitatzeko bidean bizia galdu duten hamasei lagunak.
Baina lana ez zaie amaitu: azaldu dutenez, aurrerantzean presoen etxeratze prozesuan eragitea izango dute helburu, «legeak zehazten duen ibilbidearen arabera». Presoei lege arrunta aplikatzeko eskatu dute, eta aldarrikapen hori Etxera leloaren bidez egingo dutela azaldu.
Egoera zein den gogoratu dute: «7/2003 legea indarrean dago, eta bizi guztiko zigorrak ahalbidetzen ditu. 14/2003 legea ere indarrean dago, eta Frantzian betetako zigorrak kontuan ez hartzea ahalbidetzen du. Izan ere, 5/2003 Legeak gradu progresioen eta/edo zigor baimenen eskumenari eusten dio salbuespen organo batean, Auzitegi Nazionalean, hurbileko epaitegien kaltetan». Ez hori bakarrik: «Bigarren graduan dauden presoei legez dagozkien baimenak ukatzen dizkiete. 33 preso soilik daude hirugarren graduan, berez 110 egon beharko liratekeen arren. Gradu erregresioak gertatzen ari dira. Eta iheslari eta deportatuek itzuli ezinik jarraitzen dute, salbuespen legedia indarrean dagoelako».
Autokritika, guztiek
Lanean jarraituko dutela hitzeman dute, «harremanak sustatuz eta aktibazioa bilatuz, plazak betez eta gure aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz». Hori guztia, «bizikidetzaren mesedetan»: «Indarkeria guztien biktimen babesak bateragarria izan behar du erreparazioa eskatzearekin».
Horri dagokionez, Azkarragak aipatu du autokritika ez zaiola parte bati soilik eskatu behar: «Guztiok egin behar dugu. Ez dakit ez ote den heldu gainontzekoei ere autokritika eskatzeko ordua. 5.000 tortura kasu, giza eskubideen urraketak eta estatu terrorismoak eragindako heriotzak izan direla ahaztu nahi dutenei buruz ari naiz», esan du.