Konponbideari begira

Analisiak

ANALISIA

Mobilizazioaren garrantziaz

 
Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa, Bilbon, 2019ko urtarrilaren 12an.
Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa, Bilbon, 2019ko urtarrilaren 12an. ARITZ LOIOLA / FOKU

2023-03-26 / Jon O. Urain

Nola neurtu gizarte mugimendu baten arrakasta? Zer da garaipena, zer porrota? Literaturak ematen ditu irizpide batzuk. Bat, agerikoa, oinarrizkoa: testuinguru politikoak baldintzatzen du ekintza kolektiboaren eta horren ondorioen arteko harremana; ez da matematika. Bi: gizarte mugimenduek sorrarazten dituzten ondorioak ez direla mugatzen arrakasta edo porrot kontzeptuetara, eta, beraz, egokiagoa dela hitz egitea mugimenduen eraginez edo ondorioez; hiru: mugimendu sozialek esparru politikoan, kuturalean eta biografikoan eraginak dauzkatela eta, beraz, ondorio horiek ere mailakatu daitezkeela.


Esparru politikoko ondorioetan, adibidez, bi ardatz nabarmendu litezke: mugimendua eragile legitimo gisa onartzen den edo ez, eta politika publikoetan eragiteko gai den edo ez. Bistan denez, mugimendu baten lorpen gorena litzateke eragile legitimo gisa aitortua izan eta aldatu nahi duen politika publikoetan eragitea.


Espainiako Estatuko kartzeletan sakabanatuta zeuden motibazio politikoko azken euskal presoen aberriratzeak amaitutzat joko du 30 urte pasako urruntze politika bat, eta fase bat itxiko du euskal presoen eskubideen aldeko ekinaldi sozialaren ziklo luzean. Zentzu horretan, esan liteke presoen aldeko mugimenduak, eragile gisa aitortua izateaz gain, politika publikoetan eragitea lortu duela, hiru hamarkadako espetxe politika iraulita. Baina aldaketa ez da zerutik erori: haatik, elkar elikatzen duten mekanismo jakin batzuen aktibazioak ahalbidetu du urrunketaren amaiera. Batzuk nabarmentzearren:


Marko baten hedapena: zentzu komun baten orokortzea. Gizarte mugimenduen beste eragin esparruetako bat da balio, sinesmen, iritzi, identitate kolektibo eta abarretan aldaketak sortzeko daukan ahalmena; baita gatazka bat testuinguratzeko eta marko bat hedatzeko gaitasuna ere. «Zentzu komun» bat zabaltzekoa. Nolakoa marko eta kontakizun baten sinesgarritasuna, halakoa izango da gizarte mugimendu horren irismena bere sistema sozialean, bere gaitasuna sektore berrietara zabaltzeko eta aldarrikapen horri lotutako identitate kolektibo bat garatzeko ere.


Presoen aldeko manifestazioa Bilbon, 2005eko urtarrilaren 8an. JOSE SIMAL / EFE


Euskal gizartean, Euskal presoak Euskal Herrira izan da urteotan agenda politikoan nagusitu den aldarrikapenetako bat. Milaka balkoietako banderolez gain, urtarrileroko manifestazioetako pankartei erreparatu besterik ez dago: eslogan hori continuum bat izan da —2004, 2005, 2006, 2010, 2017...—, baina balio hori —urruntze politikaren bidegabekeria— are konpartituagoa izan da 2011n ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri eta gero. 2013tik Foro Sozialak eta 2014tik Sarek eginiko lanak azaltzen du gizalegezko espetxe politika baten beharra nola bilakatu den gehiengo politiko eta sindikalaren orube, eta, ez alferrik, azken urteetako manifestazio jendetsuetako batzuen leloek «giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde» esaldia erantsi diote presoak Euskal Herriratzeko eskaerari, orube komun horren erakusgarri.


Aukeren atribuzioa. Aro aldaketa bat gertatu zen ETAk 2011ko urrian ziklo armatuaren bukaera iragarri zuenean. Horrek eta ondorengo armagabetze eta desegite prozesuak sinesmen bat azaleratu zuten: testuinguru berriak ahalbidetu behar zuela presoak Euskal Herriratzea, edo, bestela esanda, presoak urrun mantentzea zentzugabea zelako ideia indartu zitekeela. Berriro, aukera atribuzio horren argazkia Zabalburu eta Baiona dira: ETA 2018ko maiatzean desegin zenetik Orain presoak leloak protagonismoa hartu duelako eta, batez ere, Bilboko mobilizazioek jauzi kuantitatibo bat erakutsi dutelako espetxe politika berri baten alde. Garai berriaz jabetzeak ahalbidetu du Bilbokoak azken hamarkadako mobilizazio jendetsuenetakoak izatea, eta, aldi berean, Zabalburuko irudiak kristalizatu du aurrez aipaturiko «zentzu komun» hori.


Mobilizazioak herrietako plazetan, 2022ko urtarrilaren 8an; irudian, Gasteizkoa. ENDIKA PORTILLO / FOKU


2011-2017 aroan PPren gobernuak konponbide prozesuaren aurka izandako jarrera oldarkorrak —edota Frantziakoak Luhusoko 2016ko abenduko operaziora arte izandakoak— ere funtzionatu du mobilizazioa hauspotu duen bapateko irain gisa. Parisen Luhusokoak eta Madrilen 2018ko ekainean Espainiako Gobernua aldatu izanak eta horretarako espetxe politika berri baten aldeko indarren babesa behar izateak ateak zabaldu dizkio konponbidearen agendan pausoak eman ahal izateari.


Laburbilduz, presoen aldeko dinamikak erakutsi ditu baldintza batzuk politiketan eragiteko; agenda, kontakizuna, mobilizazioa, instituzioekiko eta alderdien sistemarekiko sarbidea, testuinguru politikoaren baliatzea. Txillardegik zioen bezala: horiekin, nekez, baina horiek gabe, ezinezko. Presoen aldeko dinamikak badauzka ikasgaiak eta zumeak hurrengo faserako.

Publizitatea