Konponbideari begira

Berriak

Foro Sozialak azken bilera egin du EPPK-ko ordezkariekin

Honenbestez, bi aldeek bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa. Foro Sozialak esan duenez, EPPK-k ontzat jo du urte hauetako harremana
Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernan, atzo, Zaballako espetxean.
Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernan, atzo, Zaballako espetxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2023-02-07 / Gotzon Hermosilla

Joan den urtarrilean, Foro Sozial Iraunkorrak iragarri zuen bukatutzat emango zuela hamar urteko ibilbidea, iritzita bere garaian proposatu zituen gomendioak beteta daudela edo horiek betetzeko oinarriak badaudela. Geroztik, Foroa zenbait bilera egiten ari da eragile politiko, sozial eta erakundeekin, erabaki horren berri emateko, eta atzo EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren txanda izan zen.

Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernanek bilera bat egin zuen Ainhoa Mujika Goñi eta Jon Olarra Guridi EPPK-ko ordezkariekin, Zaballako espetxean (Araba). Foroak hartutako erabakiaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bi aldeek bilera baliatu zuten azken urteotan izandako harremanaren bilana egiteko, eta, honenbestez, bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa.

Izan ere, 2017ko azaroan, EPPK-k bere gogoeta prozesuaren berri eman zion Foro Sozialari, eta, geroztik, bi eragileak zortzi aldiz elkartu dira. Lehenengo bilera 2018ko urtarrilean izan zen, Alboloteko espetxean (Espainia); han egin zituzten hurrengo lau bilerak ere. 2021eko maiatzean eta abenduan, berriz, Logroñoko espetxean (Espainia) batu ziren Foroaren eta EPPKren ordezkariak.

Bilera horiek ez dira beti baldintzarik egokienetan egin. Foro Sozialak gogorarazi duenez, hasieran 40 minutuz baino ez eta kristalezko horma batek banatuta egiten zituzten bilerak, zailtasun handiekin, eta laugarrenean, 2018ko abenduan egindakoan, funtzionario bat bilerara sartu zen, «kartzelaren zuzendaritzaren aginduz». Geroztik, baldintza horiek hobetu egin dira.

Bi aldeen adostasuna

Foro Sozial Iraunkorrak adierazi duenez, bi aldeak bat etorri dira egoeraren azterketaren hainbat puntutan. Adibidez, Foro Sozialak zein EPPk-k uste dute azken urteotan emandako aurrerapausoak «gehiengo sozial eta politikoarekin batera» egin direla, eta balioetsi egin dute ekarpen hori.

Foro Sozialak uste du «finkatuta» egongo dela «presoen auziaren konponbiderako markoa» presoen urruntzea amaitu eta gero eta denak Euskal Herriratu ondoren, eta horren atalak izango direla «salbuespen politika osoa» indargabetzea, biktimen mina errespetatzea, gradu progresioak eta baldintzapeko askatasunak ohi bezala aplikatzea, eta «presoen jarrera proaktiboa» txertatzea gizarteratze prozesuetan.

Bi aldeek ontzat jo dute egindako bidea, eta «sortutako konfiantza eta lortutako aurrerapenak» nabarmendu dituzte. Etorkizuneko erronkak identifikatu dituzte, eta horretan ere adostasuna egon da: «salbuespenezko espetxe politika indargabetzea» beharrezkotzat jo dute, bereziki baimenen eta hirugarren graduen aplikazioan, eta zigorrak batzeari eta espetxean 40 urte osorik betetzeari dagokionez. Gainera, nabarmendu dute iheslarien eta deportatuen gaiak «konponbiderako agendatik kanpo» daudela oraindik ere.

EPPK-ko ordezkariek Foro Sozialari adierazi diote ontzat jotzen dituztela Foroak urte hauetan sortutako interlokuzioa eta lan esparrua, eta eskerrak eman dizkiete «egindako lan handiagatik, eta erakutsitako pazientziagatik eta diskrezioagatik».

Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, alderdi politikoekin eta beste zenbait eragilerekin ere biltzeko asmoa du Foro Sozial Iraunkorrak.

Publizitatea