13/13 AUZIA
13/13 auziko lau auzipeturi espetxe zigorrak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak
Arantza Zuluetari zazpi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jarri diote, Jon Enparantzari lau urtekoa, Naia Zuriarraini hiru urte eta sei hilabetekoa, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin ditu auzitegiak.
2022-04-01 / Maddi Ane Txoperena Iribarren
Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo auzipetuak, berriz, absolbitu egin ditu auzitegiak. Zelarainen akusazioak joan den urrian erretiratu zituen fiskalak, eta Agirreri eta Redondori ETAren «laguntzaile» izatea leporatua zieten —ez «kide» izatea—. Guziz libre dira hirurak.
Sententzia betearazteko, aurretik behin-behinean auzi horretan betetako kartzela zigorrak kendu beharko dizkiote orain jasotako espetxe urteei, eta ikusteko dago bertzelako auziengatik betetakoak ere kontuan hartuko ote dizkieten. Abokatuak elkarrekin biltzekoak dira sententzia bera eta hemendik aitzinerakoak aztertzeko. Alfonso Zenon abokatuak BERRIAri jakinarazi dio, nolanahi ere, epaia oraindik ez dela irmoa, eta helegitea jartzeko aukera daukatela. Oraingoz, beraz, ez dute espero zigorturiko auzipetuak espetxeratzerik.
Sententziak dioena
Atzo arratsaldean kaleratutako sententziak 549 orri ditu —abokatuek oraindik ez dute auzitegiaren bidez jaso—, eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak aitzinatu duenez, dokumentuak zehazten du auzipetuek zein «funtzio» zuten Halboka egituran, «zeinak kartzeletako frontea ordezkatu baitzuen». Epaileen arabera, «ETA talde terroristan erabat integratuta» zegoen delako Halboka egitura.
Angela Murillo, Carmen Paloma Gonzalez eta Juan Francisco Martel magistratuek izenpeturiko sententziaren hitzetan, Halboka egituraren barnean «fronte juridikoa» zegoen, abokatuek horretan parte hartzen zuten, eta «ETAko kideen defentsa juridikoa» egitetik harago abokatuek «lotura» egiten zuten presoen eta ETAren zuzendaritzaren artean: «Erakunde terroristaren ildoak transmititzen zizkieten».
Sententziaren arabera, halaber, zigorturiko abokatuek «ETAren alde» lan egiten zuten Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) abokatuen bulegoetatik: «Norberak bere gaitasun profesionaletatik, [...] euren zerbitzuak talde terroristaren esanetara jarri zituzten; haien kokalekuetatik enkarguak bidali eta jasotzen zituzten, eta pertsonalki zuten harremana talde terroristako kide aktibo eta buruekin, askatasunez gabetutako euren afiliatuen ezagutza hobea lortzeko, horrekin euren konfiantza lortzeko, talde terroristarekin [...] estuki loturik segitzeko helburuarekin».
Epaileek gaineratu dute auzipetuek «ekintza eta helburu posibleak identifikatu eta seinalatzen» zituztela, eta «iraultza zerga biltzen laguntzen» zutela. Sententziaren arabera, aipaturiko delituak «egiaztatuta» gelditu dira epaiketan aurkezturiko frogekin: bertzeak bertze akusatuen deklarazioak, Guardia Zibilaren lekukotzak, perituen txostenak eta «bereziki» miaketetan atzemandako dokumentu informatikoak aipatu dituzte —CNI Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu zuten horien desenkriptazioan—.
Horiek kontuan hartuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor salako epaileek ondorioztatzen dute zigorturiko lau abokatuen jarduerak bat egiten duela «erakunde terroristako kide» izatearen delituarekin, «agerian gelditu» baita «lauek parte hartzen zutela erakunde terrorista horren helburuetan eta hartan militatzen zutela; ez zuzenean indarkeriazko ekintzak eginda, baizik eta askatasunik gabeko militanteen iraunkortasunean eta kohesioan lagunduta, bere garaian pertsona eta jabetzen aurkako ekintza ilegalak egiteko edo egiten saiatzeko babesa eman zien erakunde kriminalera lotuta segi zezaten».
Sententziak bere egin du epaiketan zehar fiskalak defendatutako tesia, beraz, eta gibelera bota ditu defentsaren abokatuen argudioak. Epaileek frogatzat jo dituzte miaketetan atzemandako dokumentuak, zeinak erakusten baitute, haien arabera, «ETAren helburuekin bat egiten zuen jarduera bat» zutela, «mezuak kohesionatzeko eta ikerketapean, epaiketaren zain edo sententziak betearazten zeuden militanteak eta militante ohiak kontrolatzeko».
Epaiketa, uztailean
Iazko uztailean hasi zen Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondoren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean —hasieran Juan Mari Jauregi ere auzipetuta zegoen, baina, gaixo zegoela-eta, auzitik kanpo utzi zuten. Iazko irailean hil zen—. Azaroan amaitu zen, eta Jose Perals fiskalak Arantza Zulueta eta Enparantza ETAko «buru» gisa akusatu zituen; Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi, ETAko «kide» gisa, eta Saioa Agirre eta Nerea Redondo, «laguntzaile» modura. Zelaraini akusazioa erretiratuta, guztira 66 urteko espetxe zigorrak eskatu zizkieten gainerako sei euskal herritarrei, argudiatuta ETA ez zela desagertu. ETAk 2011n iragarri zuen jarduera armatuaren behin betiko etena, 2017an armagabetzea eta 2018ko maiatzean desegitea.
Zuluetaren eta Enparantzaren kasuan, epaiketan, biek nabarmendu zuten abokatu gisa euskal presoen arteko eztabaidan laguntza eman zutela. Hala adierazi zuen Zuluetak: «Euskal presoen arteko eztabaidan lagundu dut, kartzela legedia onartzearenean. Nire lana esan dizuedan hori baino ez da izan: juridikoki eta politikoki laguntzea, eta uste dut merezi izan duela». Antzera mintzatu zen Jon Enparantza ere, BERRIAk epaiketako lehen astean eginiko elkarrizketan: «Estrategia aldaketa bat zetorren, eta eztabaida pil-pilean zegoen. Ezker abertzalearen estrategia aldaketa, [ETA] erakundearen jarduera armatuaren eten iraunkorra... Presoen kolektiboa eztabaida horren parte zenez eta denez, harrapatu gintuen ea nola kokatzen zen jokaleku horretan. Eztabaida hori kudeatzen ari ginen. Presoek ahalik eta baldintza onenetan eztabaida dezaten aritu gara, eta erabakirik egokienak har ditzaten, kontuan hartuta dispertsioak hori dena baldintzatzen duela».
Polizia operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona, abokatuak tartean, atxilotu zituzten. Euskal presoen abokatuak edota euskal presoen aldeko mugimenduan arituriko kideak dira auzipetuak, eta horixe izan da haiek epaitzeko arrazoia, hain justu. Izan ere, lan horren bidez Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatu diete. 13/13 auziak izan beharko luke Auzitegi Nazionalak Dena da ETA ideiapean abiatutako prozesu judizialetan azkena.
Babesgabetasuna
Harrabotsa sortu zuen epaiketak. Zuzenbide arloko ehun aditu baino gehiagok ohar bat zabaldu zuten, 13/13 auziko prozesuan atzemandako irregulartasunak salatzeko; besteak beste, ohartarazi zuten non bis in idem printzipioa urratu zitzaiela akusatu batzuei. Printzipio horrek dio pertsona bat ezin dela behin baino gehiagotan gertaera berarengatik zigortu. Legelariek ohartarazi zutenez, ordea, «auzipetuetako batzuk dagoeneko kondenatuak izan dira talde armatuko kide izatea egotzita, eta betea dute horri loturiko zigorra. Hala eta guztiz ere, epaiketa saioetan idatzitako autoetan jasoa dagoena ikusirik, badirudi bigarrenez zigortu nahi dituztela akusazio berari eutsita, argudiatuta aurretik ebatzitako epaietan akusazioa ez zela talde armatuko kide izatea».
Enparantza eta Zulueta izan ziren 11/13 auzian, akordioa eginda, 47 auzipetuetatik kartzelara joan ziren bakarrak, beste 45ek espetxea saihestearen truke. 2019ko irailaren 15ean, hiru urte eta zortzi hilabeteko zigorra jaso zuen Zuluetak, onartuta erakunde armatuko kidea zela, zuzendaritzakoa. Hori argitu zuen Zuluetak epaiketan: «Asumitu nuen abokatuen kolektiboko kidetza, 1989tik hartu baitut parte horretan. Perspektiba horretatik onartu nuen KT-rekiko kidetza, presoak momentu horretan egiten ari ziren eztabaida koordinatzearen perspektibatik». Enparantzari, berriz, bi urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zioten.
Defentsako abokatuek ere akusatuen babesgabetasuna salatu zuten lehen saioan, eta ohartarazi auzipetuen zenbait eskubide urratu zirela: delitu beragatik bi aldiz epaitua ez izatekoaz gain, bidezko epaiketa bat izatekoa eta errugabetasun presuntzioarena.
Bidezko epaiketa izateko eskubidearen urraketatik jo zuen Aiert Larrarte Iker Sarriegiren eta Julen Zelarainen abokatuak. Izan ere, ohartarazi zuen CNIren entzuketak «babes legalik gabe» egin zirela, «botere banaketa urratuta, defentsarako eskubidea urratuta». Guardia Zibilaren txostenak CNIren entzuketetan oinarritu ziren, baina CNIren agiriak ez dira desklasifikatu, instrukzio epaileak berak hala eskatu bazuen ere, eta zerbitzu sekretuak uko egin zion auzian parte hartu zuten agenteak identifikatzeari. Era berean, Alfonso Zenon abokatuak azaldu zuen bi auzipetuen errugabetasun presuntzioa urratu dela, auziari bide ematen dion polizia operazioan Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako orduko Barne ministroak errudun jo zituelako. Epaiketa bukatu ondoren, abokatuek «kezka» agertu zuten balizko zigor epai baten aurrean, eta iritsi da.
Torturak ere azaleratu ziren epaiketan. Zuriarrainek eta Agirrek epaimahaiaren aurrean kontatu zituzten atxiloaldian jasotako tratu txarrak eta eraso sexualak: indarrez biluzi, ukitu, iraindu eta jo zituztela, esaterako. Horren harira, torturapeko deklarazioetan oinarrituriko epaiketarik ez egiteko eskatu zuten herritar batzuek Zornotzan (Bizkaia), irailean.