Konponbideari begira

Berriak

Presoen harrerak «era pribatuan» egiteko nahia agertu du EPPK-k

Kolektiboak azaldu du bere gogoa dela «sufrimendu oro arintzea». Presoek «hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea»izan arren, EPPK-k dio «ulertzen» duela harrerek «samina» eragin dezaketela.
Sare Herritarrak iazko urtarrilean Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa.
Sare Herritarrak iazko urtarrilean Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

2021-11-30 / Jon O. Urain

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aurrerantzean «hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan» egin nahi ditu presoei espetxetik irtetean antolatu izan zaizkien harrera ekitaldiak, «azken hilabeteetan hasia den bidetik jarraituz». Agiri batean, presoen kolektiboak aitortu du badirela harrera ekitaldi horiengatik «samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak»,eta erantsi min hori «ulertzen» dutela: «Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira, eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu».



Hori horrela, EPPK-k azaldu du bere «gogoa» dela «sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea».



Ikusi gehiago: EPPKren agiria



Norabide horretan, eta presoen artean «kontsulta» egin ondoren, EPPK-k «egoki» jo du aske geratzearen «poza espetxe atarian zain» dituztenekin elkartzean erakustea, edota «era diskretuan» hartzen dituztenekin. «Aurrerantzean, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jaso nahi ditugu».Erabaki hori euskal presoek «bizikidetzari, bakeari» eta eurena eta euren senideena «ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari» egiten dioten «ekarpen indibidual eta kolektiboa»da, kolektiboaren hitzetan.



Era berean, EPPK-k salatu du «hainbat eragile eta alderdik bizikidetzaren ordez konfrontazioa» bilatzen dutela «arduragabeki», eta, horren inguruan, kolektiboak ez duela «inondik inora polemika antzurik elikatu» nahi: «Arduratsu izateko eta modu eraikitzailean jokatzeko borondatea dugu. Ez dugu amore emango hartutako bidean jarraitzeko orduan».



Ikusi gehiago:Erreakzio soka luzea eragin du EPPKren iragarpenak


EPPKren agiria


Agiri honen bidez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) gure senide, lagun eta kideei eta euskal gizarteari adierazten diegu kaleratzean egiten zaizkigun harrerak hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan jaso nahi ditugula aurrerantzean, orokorrean azken hilabeteetan hasia den bidetik jarraituz.



Hainbat eragile eta alderdik bizikidetzaren ordez konfrontazioa bilatzen dute arduragabeki. Ez dugu inondik inora polemika antzurik elikatu nahi; arduratsu izateko eta modu eraikitzailean jokatzeko borondatea dugu. Ez dugu amore emango hartutako bidean jarraitzeko orduan; jokabide ezkorrenetan eroso sentitzen direnen aitzakiak gero eta nabarmenago geratzen ari dira euskal jendartean, beraien eragina itzaltzen joan den heinean batez ere.



Aurten bete dira hamar urte borroka armatua behin betiko alde batera geratu zenetik. Bakea galarazi eta inposizioa betikotu nahi dutenek, baina, aurrerapauso bakoitza blokeatu edo sabotatu nahi izan dute ordutik, mendekua bilatuz eta gatazka desitxuratuko lukeen kontakizun iruzurtia inposatu gogoz. Garaile eta garaituen errelatoa elikatuz.



Badira, harago, ongietorri publikoen harira samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak. Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu. Urte luzez eta baldintza ezin gogorragoetan kartzelan egon den presoak kalera irtetean hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea duela onartu arren, harrera-ekitaldi publikoek mina eragiten dietela adierazi dute. Argi esaten dugu gure gogoa dela sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea.



Beraz, Espainiar eta Frantziar Estatuetako espetxeetan dauden gure kideen artean kontsulta egin ondoren, EPPK-k, lehendik abiatutako beste urrats eta hartutako erabaki batzuei jarraipena emanez, egoki irizten dio aske geratzearen gure poza espetxe atarian zain ditugunekin elkartzean edota era diskretuan hartzen gaituztenekin partekatzeari. Aurrerantzean, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jaso nahi ditugu.



Erabaki hau euskal preso politikook bizikidetzari, bakeari eta gurea eta gure senideena ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari egiten diogun ekarpen indibidual eta kolektiboa da.



Azken urteotan egindako urratsek ortzi-muga argia izan dute aurreko zikloa gainditzeko bidean. Gure nahia hori dela adierazten diegu ezkerreko militante independentistei; haiekin batera goaz geu ere, etorkizuneko erronkari helduz, Euskal Herriaren askapen prozesuan bide eta aukera berriak irekitzera. Bakea eta askatasuna lortu eta maila berean ezarri arte.



Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!



Euskal Herria bihotzean, 2021eko azaroan EPPK (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa)



Euskal presoak eta iheslariak etxera! Amnistia! Independentzia!