ETAren jardun armatuaren amaieraren10. urteurrena. Iritzi bilketa
Mugarria eta mugitu ez diren harriak
BERRIAk iritzi eta testigantza bilketa bat egin du ETAk bere jardun armatuaren amaieraren berri eman zuenetik hamar urte igaro diren honetan. Oraindik egiteko dauden urratsen artean egiaren aitortza osoa, iraganaren analisi sakonagoa eta presoen aferari aterabidea ematea nabarmendu dituzte inkestatuek, nork bere ikuspegitik. Bideoa albistearen barruan.
2021-10-20 / Julen Aperribai
Donostiako Aieteko Adierazpenean egindako eskariari handik hiru egunera erantzun zion ETAk, eta iragarri zuen bere jarduera armatua «behin betiko amaitzea erabaki» zuela. Une hura gogoratzeko eta ordutik gaur arte egindako aurrerapenen eta egin gabekoen inguruan hausnartzeko eskatu die BERRIA-k hainbat pertsonalitateri.
1. ETAk duela 10 urte iragarri zuen jarduera armatua utziko zuela. Nola jaso zenuen albistea?
2. Zer gogoeta, pentsamendu etorri zitzaizun?
3. Nola ikusten duzu egoera hamar urte geroago?
PATXI ZABALETA Abokatua, euskaltzaina eta politikari ohia
«Presoei esker egin zen bake bidea»
1. «Pozez jaso nuen albistea, nahiz eta, beste alde batetik, kezkaz. Urtebete luze lehenago Gernikako Akordioan, 2010eko irailaren 25ean, ezarritako oinarri ideologiko eta estrategikoetan garatutako berria eman zen jakitera, Aieteko Adierazpenak 2011ko urriaren 17an eskatu bezala. Hark guztiak oraindik erantzun ez diren galdera eta arazo asko jarri zituen mahai gainean; esate baterako, presoen etorkizuna. Baina, berez, borroka armatuaren etena berri ona izan zen. Arrazoi politikoengatik eta alde bakarretik hartutako erabakia izan zen; prezio politikorik gabea eta demokraziari ekarpen sakona egiten ziona; biktima guztiak —presoak barne— aintzat hartzen zituena; baina, aldi berean, kezka larriak ere sortzen zituena».
2. «Lehen gogoeta izan zen bakea beti beranduegi iristen dela; eta, lehenago iritsi izan balitz, biktima eta kaltetu batzuek ez zutela nozitu beharko. Bigarren gogoeta presoen etorkizunari buruzkoa izan zen. Bakegintzako prozesu gehien-gehienak negoziazio eta akordioekin bukatu izan dira, eta horietan presoei buruzko aurreikuspenak adosten dira, baina euskal bakearen historian ez da ostiral santurik egon, eta, zoritxarrez, ez zegoen preso politikoei buruzko akordiorik. Hirugarren gogoeta herritarrei buruzkoa izan zen. Bai Euskal Herrian eta bai Espainian jendartea askoz aurreratuagoa eta irekiagoa da politikarien jarrerak eta giroa baino. Orain, Kataluniako amnistiaren eskakizunean izan behar dugu itxaropena».
3. «Poz sakonez, baina sentimendu gazi-gozoz. Espainiak agerian uzten du behin eta berriro inperio baten hondarra edo utzikondoa dela, eta Euskal Herriarekiko harremanetan inperio jokabideak erabiltzen ditu; adibidez, hizkuntza politiketan. Ezin da ahaztu Nafarroan birreiak Perun baino lehenagotik eta geroagoraino izan zirela... Baina euskal gizarteak orain tinko sakonduta dauka soilik bide demokratikoetatik lor daitezkeen aurrerapausoak direla mantengarriak, eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena aurrera eramatea dela herri honen itxaropena. Presoei esker egin zen bake bidea. EPPK erakundeak Gernikako Akordioa babestearekin bihurtu zen egingarri eta posible Aieteko Konferentzia, eta bi urrats horietan egindako aldaketa ideologiko eta estrategikoak —negoziazio eta elkarrizketaren baldintzak— alde batera utziz».
MARIA JAUREGI ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba
«Ea orain Estatuak berak eragindako biktimak aitortzen dituen»
1. «Gogoan dut lanean ari nintzela. Interneten sartu nintzen albisteak ikusteko, eta hor ikusi nuen titularra. Malkoak irten zitzaizkidan, eta isilik egon nintzen puska batean. Poza sentitu nuen, izugarrizko poza».
2. «Etorri zitzaidan lehenengo gauza izan zen ja inork ez zuela sufritu beharko guk sufritu genuena. Dena amaitu zela. Eta, gero, amari bizkartzaina kenduko ziotela. Lasaitasun handia hartu nuen. Eta noski, nire aitarengan ere pentsatu nuen. Bera ere pozik egongo zatekeen».
3. «Poliki goaz, baina pausoak ematen ari gara. Herenegun bertan ezker abertzaleak ETAren biktimei adierazi zien haien minak ez zuela inoiz gertatu behar izan. Pauso handia da elkarbizitzaren alde. Ea orain Estatuak berak eragindako biktimak aitortu eta gauza bera esaten duen, bada garaia eta».
GARBIÑE BIURRUN EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea
«Uste dut gogoeta sakon bat behar dela gertatutakoari buruz»»
1. «Kalean nengoen, eta ospakizun xume eta labur bat egin nuen lagun batzuekin. Eta gero etxekoekin. Ez zen lehen aldia horrelako berri bat ematen zela. Lehenago ere egin izan dut topa, eta ospatu. Baina egia da momentu horretan serioa eta atzeraezina zirudiela.
Gehien harritu ninduena nazioarteko konferentzia bat behar izatea izan zen. Horren erraza ikusten nuen nik erabaki hori hartzea... Baina, dirudienez, hemen egindako ahalegin guztiak ez ziren nahikoa izan ETArentzat. Ez nuen uste horrelako eszenaratzerik behar zenik. Baina ez dut kritikatzen. Eraginkorra izan zen, eta kito».
2. «Sentimendu bikoitza izan nuen berria jakitean. Alde batetik, poz handia hartu nuen nire familiagatik, eta, batez ere, semeengatik, bizitza libre bat bizitzeko aukera izango baitzuten. Ordea, oso egun tristeak izan ziren niretzat. Etengabe etortzen zitzaizkidan burura hainbeste biktima, hainbeste lagun eta hainbeste ezezagun... Eta pentsatu nuen batzuek zorte handia izan genuela ordura arte iritsi ginelako. Beste batzuek izan ez zuten zortea izan genuen. Eta horrek tristura sakona eragin zidan, hainbeste urtetako tristura...
Eta betiko galdera berberak egin nizkion neure buruari: Zergatik? Zertarako...?
Lan egiteko garaia bazela ere pentsatu nuen. Gure arteko bizikidetza konpondu eta berreskuratu behar genuen».
3. «Iruditzen zait oraindik lan asko dagoela egiteko. Uste dut gogoeta sakon bat falta dela gertatutakoari buruz. Egia da atsedenaldi bat behar genuela, baina, era berean, iragan osoa onartu behar genuen, aurre egin, gure posizioa onartu eta orainerako eta etorkizunerako prestatu. Ahaleginak egin dira, zalantzarik gabe, eta, halere, sumatzen dut askoz gehiago egin beharko direla. Baina ez da ez erraza eta ez erosoa, ez bakarka, ez taldean. Eta aitortu behar dut jende asko aritu dela eta ari dela lanean, elkarbizitza osasuntsua sortzen, baita hainbeste indarkeriaren biktimak ere».
MARTIN GARITANO Kazetaria eta Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia
«Gure herriak urte luzez egin duen borroka ez da mina eragiteko sortu»
1. «Aieteko Konferentzia izan eta gero, denok espero genuen ETAren erantzuna bertan nazioarteko eragileek egindako eskakizunari. Halako batean, lagun bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan: 'BERRIAn eta Gara-n agiria argitaratuko dute Internet bidez'. Ekhine nire komunikazio arduradunari deitu nion, eta Aldundiko nire bulegoan zain izan ginen, hiru etakide txanodunak ordenagailuaren pantailan agertu arte».
2. «Ez ninduen ezustean harrapatu; herri hau txikia da, eta ETAren barruan izandako eztabaidaren berri banuen. Sentimendu asko nahastu zitzaizkidan une batean. Poza, negargura, gure herrian jasan izan dugun sufrimendua, bidean geratu direnak... Eta presoak. Bide luzea geneukalako bertigoa ere bai».
3. «Hamar urte pasatu dira, bai, baina, zenbait politikari espainiarri entzunda, garbi dago entzungorrarena egin nahi dutela. Baikorra naiz, hala eta guztiz ere, aldebakarreko estrategiak konfrontazio politikarako sekulako potentzialitatea duelako. Herriaren txanda dela uste dut. Alde horretatik, Arkaitzek [Rodriguez] eta Arnaldok [Otegik] ezagutarazi berri duten adierazpena neure egiten dut, goitik behera. Gure herriak urte luzez egin duen borroka ez delako mina eta sufrimendua eragiteko asmoarekin sortu, askatasunari bide emateko baizik. Eta bidean jarraitzeko zintzotasun osoz esan behar da gureaz gain besteon sufrimendua ere ekidin behar dela. Hala izan bedi etorkizunean».
UXUE BARKOS Geroa Baiko eleduna eta Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia
«Bakerako bidea hura lortzeko desira baino luzeagoa da»
1. «ETAk borroka armatua uzteko iragarpena gizartearen gehiengoak bezala jaso nuela uste dut: poztasunez eta itxaropenez. Nolabaiteko ziurgabetasunarekin ere bai, azken finean, batzuek oroitzen ez zuten eta gehienek bizi ere egin ez genuen bide bati ekin baikenion: Ni Francoren diktadurapean jaio nintzen; beste belaunaldi batzuei, berriz, ETAk eguneroko bizitzaren zati handi bat markatu zien. Harreman politikoen eta harreman sozialen esparruan garai berri bat hasi zen».
2. «Ez zen sorpresa erreakziorik egon. Gizarte osoak denbora luzez eskatutako berria zen, euskal herritarren gehiengo argi batek eskatua. Unea ere ez zen ustekabekoa izan: agertoki, ekitaldi eta topaketa ugaritatik gentozen, eta horietan egindako analisiek berri hau prestatu zuten».
3. «Ibiltzeko bide asko dugu oraindik, eta, hori inongo sorpresa izan ez arren, bakerako bidea hura lortzeko desira baino luzeagoa eta neketsuagoa dela gogorarazten digu».
ENEKO ALDANA Ziburuko auzapeza
«Blokeo egoerara iristen ari gara, nahiz eta pauso handiak ematen ari diren»
1. «Unibertsitatean nengoen, Leioan, eta ikaskide batek esan zigun. Interneten ikusi berri zuen, eta beste ikaskideoi esan zigun»
2. «Espero nuen erabaki hori luze gabe iristea; beraz, esango nuke ez nuela sorpresa handiarekin jaso. Itxaropenez hartu nuen, baina, aldi berean, galderak eta kezkak sortu zizkidan».
3. «Uste dut ezker abertzalearen normalizazioari dagokionean ilegalizazio fasetik legalizazio fasera pasatu garela. Alde horretatik, egoera normalizatu da, eta ezker abertzalearen ahotsa orain errazago entzuten da. Ikusten da, aldi berean, presoen gaian pausoak eman direla, baina gaur egun ez direla nahikoa eta blokeo egoerara iristen ari garela, nahiz eta pauso handiak ematen ari diren. Hamar urteren buruan, uste dut oraindik gauza asko dagoela egiteko; ez da normala egoera batzuk bizitzen jarraitzea ETAk bere jardun armatua amaitu eta hamar urtera. Eta, maluruski ere, ikusten da sektore batzuk oraindik ere ari direla garai hartako egoera horretatik etekina atera nahian».
MIREN JOSUNE ARIZTONDO Irakaslea, kimikaria eta politikari ohia
«Aipagarriak dira ezker abertzaleak demokrazia bideetan egindako urratsak»
1. «Bagenekien zerbait bazetorrela. ETAk ezin zuen besterik egin erretiratzeaz gaindi; agortua zegoen, aukera asko galdu eta inolako onurarik lortu barik... Halere, aurreko urteetako geldialdietan edo su-etenetan ere gauza bera pentsatu izan nuenez, banuen horrelako kezkarik».
2. «Eguna ia hitzik egin barik igaro nuen, hainbat sarraski eta gertakari buruan nituela. Gogoratu nuen egon zela egun bat espetxeak hutsik zirena, eta 30 urte geroago ehunka eraildako eta atxilotu genituela. Euskal gizarteak eutsi egin zion enbata odoltsu injustuari. Ez zen hautsi. Eta horrexek salba gaitu. Horixe guztia pasatu zitzaidan burutik».
3. «Aipagarriak dira ezker abertzaleak demokrazia bideetan egindako urratsak, urteetako isiltasuna —edo menpekotasuna— gainditzen doala erakusten baitu. Hori eta biktimek eta gizarte osoak- irabazitako lasaitasuna aipatu nahi ditut. Baina badugu, halere, ezagutzeko, aitortzeko eta erreparatzeko dagoen giza eskubideen urraketarik. Ez da izango erraza, bai ostera bizikidetzarako ezinbestekoa».
GORKA LANDABURU Kazetaria eta ETAren biktima
«Aurrera egiten ari gara, nahiz eta zauri asko ixteko dauden»
1. «Iruñetik Zarautzera nindoan, nire etxera, bizkartzainekin. Bagenekien komunikatua iritsiko zela, eta, 19:00etan, irratia piztu genuen, eta albistea entzun genuen. Poztasun handiko momentua izan zen, nahiz eta bagenekien iritsiko zela. Konbentzituta nengoen bukatu zela, baina gogoan nuen sufritutako guztia eta urtetan jasandako mina; baita terrorismoaren erruz hilobiratu behar izan genituen lagunak ere».
2. «Une horretan nire familiarengan pentsatu nuen. Baina ez nuen izan poz eztanda bat, bagenekielako iritsiko zela. Emozio indartsuena etxera iritsi eta nire alaba Maiderrek besarkatu ninduenean izan nuen. Aitortu behar dut malko bat edo beste erori zela hor. Liberazio moduko bat zen, bagenekielako ohiko bizitzara itzuli ahalko ginela: bizkartzainik gabe, auto azpian begiratu beharrik gabe eta etxe ataritik ateratzean kezkarik izan gabe. Hori aldatzera zihoan. Batzuek zortea izan genuen, bagenekielako etortzear zegoela eta lehenago edo beranduago iragarriko zutela».
3. «Uste dut aurrera egiten ari garela, nahiz eta zauri asko ixteko dauden. Bizikidetzaren aldeko apustua egin behar dugu, eta zortea daukagu gizarte normal batean bizi garelako. Memoriaren eta errelatoaren gaian aurrerapenak egin behar ditugu. Uste dut memoria oso garrantzitsua dela. Autoa gidatzean aurrera begiratu behar da, baina atzerako ispilua izan behar du memoriak; bestela, ez dugu modu egokian aurrera egingo. Bizikidetzan ere aurrera egin behar dugu, aurrerantzean inork ez dezan bonba bat edo pistola bat hartu bere ideiak defendatzeko.
Arnaldo Otegik Sortuko idazkari nagusiarekin batera egindako adierazpena positiboa da. Uste dut ezker abertzalean lantzen ari ziren gogoeta bat dela, eta oso garrantzitsua da eragindako mina aitortzea eta inoiz gertatu behar ez zuela esatea; balioa eman behar zaio. Orain, adierazpenaren ondoren, enpatiara eta bizikidetzara gerturatuko gaituzten keinuak falta dira. Aldi berean, adierazpenean diote Aietera lehenago iritsi behar zela. Galdera, hortaz, da zergatik ez zen iritsi. Espero dut etorkizunean eta denborarekin autokritika politikoago bat egitea gertatu den guztiaren inguruan. Hori da oraindik ere ezker abertzaleari eskatzen diodana, nahiz eta urrats garrantzitsua egin duen».
GORKA ESPIAU Agirre Lehendakaria Gizarte eta Politika-Ikasketen Zentroko zuzendaria eta Elkarri gizarte mugimenduko kide ohia
«Oraindik ez dago euskal subiranotasunari buruzko akordiorik»
1. «Egun horretan TVErekin Aieteko Konferentziari buruzko elkarrizketa bat egiten ari nintzen, eta albistea eman ziguten. Oso polita izan zen, kazetariek gu baino zoriontsuagoak ziruditen eta. Berri horren zain geunden, baina mezu asko iristen hasi ziren gertukoenengandik. Gauean mezu gehiago jaso genituen nazioarteko esparruan lankidetzan aritu ginen adituen eskutik (Irlanda, AEBak, Suitza, Hegoafrika ...)».
2. «Elkarriren kasuan, hainbeste lan egin genuen hori lortzeko, ezen ez baikinen ziur benetan posible zenik. Adineko pertsonen aurpegiekin egin genuen kanpaina batez asko gogoratu nintzen. Gogoan dut eskerrak eman nahi nizkiela hainbeste urtez mundu osotik lagundu ziguten pertsonei ere; batez ere Alec Reidi».
3. «Hamar urte hauetan gizartea hainbeste aldatu da, ezen ETAren iragarpenaren aurretik gertatutako asko irreala iruditzen baitzaigu. Garai hartan bizi ginenon eta zientzia fikziozko film gisa ikusten duten gazteen artean (nire seme-alabak bezala) arrakala sakona sortu dela sentitzen dut. Oraindik ez dago Europako Batasunaren testuinguruan euskal subiranotasunari buruzko akordiorik, ezta egiazko adiskidetze, egia eta memoria prozesua lortzeko akordiorik ere, baina eztabaida horiek modu positiboagoan izan ditzakegu».