Konponbideari begira

Berriak

AIETERA IRISTEKO BIDE LUZEA

Euskal gatazkan mugarri izan zen Aieteko konferentzia. ETAk hiru egunera eman zuen bukatutzat jarduera armatua, urriaren 20an, prozesu baten ostean. Hori da Aieteko Adierazpenetik erabat bete den puntu bakarra.
Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell nazioarteko bitartekariak, 2011ko urriaren 17an, Donostian, Aieteko Adierazpena irakurtzen.
Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell nazioarteko bitartekariak, 2011ko urriaren 17an, Donostian, Aieteko Adierazpena irakurtzen. RAUL BOGAJO / FOKU

2021-10-10 / Enekoitz Esnaola

Ez zen ohiko irudia Aietekoa, 2011ko urriaren 17ko konferentziakoa: espainiar eskuinekoa salbu, hantxe ziren Euskal Herri osoko ildo denetako ordezkaritzak. Nazioarteko eragile esanguratsuak ere bai. Euskal gatazkan mugarri bat jarriko zen, izan ere: ETAren jarduera armatua bukatu eta gatazkaren ondorioei aterabide ordenatua emateko plana.



 



1. Aurretik zetozen gogoetak estrategiaz



ETAk orain hamar urte jakinarazi zuen betiko utziko zuela jarduera armatua, baina ezker abertzalean estrategia politiko-militarrarekiko kezkak, hura albo batean uzteko gogoetak edo negoziaziorako formula berriak, urte batzuk lehenagotik zetozen. 1992an Eugenio Etxebeste Antton ETAren solaskideak erakundeko zuzendaritzari idatzi zion galga bihurtzen hasia zela borroka armatua, eta: «Bataila militarra galtzeak ezin zezakeen eraman bataila politikoa galtzera». Anttonen ustez, gainera, Aljerko mahaitik (1989) ukituta atera ziren ETA eta ezker abertzalea.



1995etik aurrera ETAren eta ezker abertzalearen negoziazio ereduak garapen bat izan zuen. ETAk Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuen 1995ean, eta proposamenean ja ikusten zen bi negoziazio guneen eskema: ETAren eta Espainiako Estatuaren artekoa bata; eta, «autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasunaren onarpenaren» ostean, euskal herritarren artekoa bestea. 1998an Lizarra-Garazi Akordioa sinatu zuten euskal eragile politiko-sozialek, eta ETAk menia eman zuen. Garai haietan ezker abertzalean baziren estrategia politiko-militarretik politikora pasatzeko gogoetak.



Jauzi bat ekarri zuen Anoetako proposamenak (2004). Erreien zehaztasuna zekarren: teknikoa —ETA-estatuak— eta politikoa —eragileak—, eta Batasunak egin zuen eskaintza, ez ETAk. 2005-2007ko elkarrizketako lehen partean, ETA eta Espainiako Gobernuaren solaskideak, akordioa lortuta, zehazten joan ziren erreien eskema. ETAren Madrilgo Barajasko atentatuak —2006ko abendua, erakundea ofizialki su-etenean zela— hankaz gora jarri zuen prozesua. Ondorengo elkarrizketetan, ETAk proposatu zuen jardun armatuaren bukaera, haren arabera. 2007ko ekainean eman zuen menia bukatutzat erakundeak. Aldaketa historikoa bazetorren, ordea.



2. Eredua, agortutzat



2007ko maiatzean Genevako mahaia hautsi zenean, Rufi Etxeberria eta Arnaldo Otegi Batasunaren ordezkariek ondorioztatu zuten ordu arteko «negoziazio eta estrategia eredua agortua» zegoela. Genevan (Suitza) bertan esan zuten hori, eta bueltako bidaian berretsi. Zergatik? Uste zuten alde biko eskemak ez zuela gehiago emango, eta jada ez zela eraginkorra eredu horri eustea: ezker abertzalea prozesu bakoitzetik han sartzean baino ahulago ateratzen zelako; ezker abertzaleak politikoki eta instituzionalki baztertuta geratzeko arriskua zeukalako; ez zutelako pentsatzen ETAren borroka armatuak Euskal Herriaren burujabetzaren eta independentziaren prozesuko indar metaketari mesede egiten zionik; estrategia politiko-militarraz sakoneko eztabaida egiteke zutela ziotelako; eta negoziazioa inoiz ez zutelako hartu prozesu edo garapen baten gisara. Agortutako eredua, hortaz.



Rufi Etxeberriak berak eta Urko Aiartzak Sorturen Erria aldizkarian idatzi berri dute gogoeta hori guztia «agian, beranduegi barneratu» zutela ezker abertzalean, eta hori egiteko garairik egokiena 2006-2007koa izan zela. 2006koak dira ETAren eta PSOEren gobernuaren arteko akordioa eta Loiolako mahai politikoa, esaterako.



Bazeuden beste faktore batzuk estrategia politiko-militarrari eragin ziotenak: Espainia eta Frantziaren polizia operazioak ETAko komandoen eta egituren aurka —ezker abertzale politikoaren kontra ere bai—, New Yorkeko (AEB) Dorre Bikien atentatuen ostean (2001) terrorismoaren aurkako nazioarteko paradigma berria, munduan askapen prozesu ereduen amaiera...



Batasunak eta ETAk ez zuten ikuspegi bera Genevakoaren ostean. ETAk 2007-2008ko batzarrean borroka armatuan segitzea erabaki zuen. Hasia zen talka ezker abertzaleko eremuan. ETAren egituretan ere krisia izan zen 2007 bukaeratik aitzina. 2008 amaieran bere estrategia berreikusteko konpromisoa hartu zuen. Ezker abertzalearen egitura politikoetan zehazten hasita ziren fase berria; 2009ko udazkenetik hartu zuen abiada, eztabaidaren hasiera aurkeztu zuenean Otegiren taldeak.



Pixka bat lehenago, uztailaren 30ean egin zituen ETAk azkeneko hilketak berariaz: bi guardia zibil, Mallorcan (Herrialde Katalanak).



3. Nazioartekoekin haria eten gabe



Azkeneko elkarrizketa prozesua 2007an apurtu zenean, Batasunak eta nazioarteko komunitateko kideek ez zuten haria eten; eutsi egin zioten, bien borondatez, eta horrek gerora fruituak eman zituen. 2008an Jonathan Powell bitartekaria Batasuneko kideekin bildu zen, Euskal Herritik kanpo. Estrategia berriaren eztabaidako gakoen berri izaten hasi ziren nazioartekoak: mamia, irismena, pausoak, zailtasunak...



Ezker abertzaleak 2009ko azaroaren 14an Altsasuko Adierazpena aurkeztu zuen, giltzarri ziren edukiak ezagutarazteko —eztabaida fasean ez zuen beste agerraldirik egin—, eta hil berean egin zuten prozesu horretako lehen bilera nazioarteko bitartekariekin Euskal Herrian; tartean, Powellekin. Hartu-eman estuagoa hasi zen, eta rol garrantzitsua bete zuen Brian Currinek ere. ETAren desegitera arte —2018ko maiatza— ETA eta Batasuna nazioarteko eragile ugarirekin aritu ziren lanean. Eragile horietako bakoitzak rol desberdinak bete izan ditu, baina ez zen izan, Rufi Etxeberriak esanda moduan, departamendu finko bat, haien artean harremana beti egon zen arren.



Presio eta joko zikina jasan izan zituzten nazioartekoek ere. Kasu baterako, Currinek 2008an ETAren sinadura zeukan eskutitz bat jaso zuen etxean, Hegoafrikan, euskal auzian parte hartzeari uzteko eskatuz. Ez zen ETAren gutuna. 2010ean, Bruselako Adierazpena aurkeztu ondoren, Espainiako Gobernua sinatzaileei banan-banan deika aritu zen, erretira zitezen eskatuz. Aieteko konferenziaren prestaketa lanetan ere izan zen Madrilen presiorik, baita ETAren desegitearen egunean bertan ere, Suitzako Gobernuari telefonoa jota, ekitaldia ez zedin egin Henri Dunant (HD) zentroan, Genevan.



4. 'Zutik Euskal Herria': erabakigarria



Garrantzitsua izan zen 2009ko udazkena. Urriaren 13an, Bateragune auziko polizia operazioa egin zuen Espainiako Estatuak, Otegiren-eta aurka. Baina, aurrez, horiek lortu zuten zirkulazioan jartzea Argitzen dokumentua barne eztabaida egituraturako. Martxan zen aldaketa. Azaroan, Altsasuko Adierazpena aurkeztu zuen ezker abertzale politikoak, agerraldi jendetsu batean. Ez zuen nahi «kafesnea berriro»; «kafea edo esnea» behar zela zioen, ezin zela erdibidean geratu. Hala, lehen aldiz jaso zituen Mitchell printzipioak; hots, indarkeriari uko egitea, eta, inork erabiliz gero, kontrako jarrera agertzea. Ondorioz, bazuten nazioartearen babesa. Horrez gain, nahi zutena zen eztabaida modu batuan egitea, kohesioari eutsita.



Baina idatzietan ez zekarten ETAk bukatu egin behar zuela zioen esaldirik. Zaindu nahi zituzten terminoak. Baina eztabaidan parte hartu zutenek garbi zeukaten zertaz ari ziren: bukatzeaz, estrategia «eraginkorra» ahalbidetzeko.



Eztabaida prozesuan Mugarri dokumenua ere atera zen, eta ibili zen kartzeletan eta egitura batzuetan. Mugarri-k bezala, ETAk ere beste ikuspegi bat zeukan Batasunaren aldean: Batasunak uste zuen elementu armatua estrategia berriaren hasieratik kendu behar zela; ETAk ez, iritzi ziolako konponbide prozesu baten barruan sartu behar zela neurri hori, bera ere borroka armatuaren mugez ohartzen zen arren. Horretaz gain, aldi hartan bien arteko komunikazio bideak etenda egon ziren. Batasunak zeukan barne eztabaidaren lema, iniziatiba. Gainera, ETAri 2009ko udazkena «ordua aldatu gabe» heldu zitzaion, berak gero aitortu zuenez. ETA bere egituretan hasi zen gogoetatzen, ez kidego osoarekin, egoera berrira egokitu nahian, zatiketarik gabe bukatzeko asmoz. 2012-2013an egin zuen barne prozesu zabala; alde.



Madrilek urte haietan jarraitu zuen, ETAren aurka ez ezik, ezker abertzaleko antolakundeen aurkako operazioak egiten: Bateragunekotik aurrera, urtebete pasatxoan, gazte mugimenduaren eta Ekinen kontrako bina polizia operazio, eta Askapenaren eta Askatasunaren aurkako bana. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak (2006-2011) esan zuen «terrorismoaren bukaerak nazionalismoaren berrosatzea eta independentismoaren berpiztea» ekar zezakeela; «gu gerra irabazten aritu ondoren, ezin diegu utzi bakea irabaz diezaguten» ere bota zuen. Ezker abertzale ofiziala higatu egin nahi zuten, askoren iritzian.



Altsasun (Nafarroa) egindako adierazpenari jarraikiz, eta aldekotasun handiaren ondorioz, ezker abertzaleak 2010eko otsailaren 16an Zutik Euskal Herria ebazpena plazaratu zuen. Estrategia politiko-militarretik politikora pasatzeko, erabakigarria.



5. Isilpeko etetea ETAk



ETAk 2010eko irailaren 5ean agiri baten bidez jakinarazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia hartua zuela. Urte bereko otsailaren bukaeran hartu zuen neurria zuzendaritzak, baina isilpean eduki zuen, kidegoari pixkanaka esaten joan zitzaion arren. Zutik Euskal Herria-ren ondorengo agertoki berrira egokitu beharra sumatu zuen ETAren zuzendaritzak, borondate bat erakusteko eta egoera berriak sortzeko xedez.



Ari ziren egoera berriak sortzen: ezker abertzaleak eta EAk ekainean Lortu Arte Akordioa sinatu zuten. EAk bazeukan bidea soilik politikoa, zibila eta baketsua izango zen bermea. Eta ailegatzear zen Gernikako Akordioa (irailak 25); honek oinarrizkoa zeritzon ETAk jarduera armatua betiko uzteko borondatea erakustea. Dena dela, ekintza armatuen etetearen agiria atera zuenean, ETA artean ez zegoen su-eten bat emateko moduan.



ETA nazioarteko komunitateari ere joan zitzaion erabakiaren berri ematen, eta, erakundearen eta beste iturri batzuen esanetan, Espainiako Gobernuak nazioartekoen bidez bazekien zer delibero hartu zuen ETAk. Izan ere, nazioarteko eragileek 2007ko hausturaz geroztik eutsi egin zioten Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuarekiko —Rubalcabaren taldearekiko— harremanari ere, eta Batasunaren asmoez ere informatzen zuten. Dena den, Madrilek segitu zuen atentatuen hipotesiak zabaltzen aldi hartan; ETAren iritziz, maltzurkeriaz. Hilketa bat gertatu zen, baina: 2010eko martxoaren 16an, Frantzian, Jean Serge Nerin jendarmea hil zuen ETAk, «ustekabeko istilu batean». Tentsioak tentsio, gertaera hark ez zuen prozesua baldintzatu.



6. Bruselako Adierazpena: babesa



Currinek sustatuta, nazioarteko hainbat eragile ezagunek —John Humek, Silvia Casalek, Desmond Tutuk...—, Bruselako Adierazpena plazaratu zuten 2010eko martxoaren 29an. Ezker abertzalearen konpromisoa txalotu zuten. Currinek esan izan du ordurako bazeukatela ETAren isilpeko erabakiaren berri; aitortu zuen «demokraziaren eta politikaren garaipen bat» zela etetea, baina ez zuten askitzat jotzen. Bruselako Adierazpenean, «su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat» emateko eskatu zioten ETAri.



Bigarren parte bat zekarren haien adierazpenak: ETAk izaera horretako su-etena emango balu, Bruselakoaren sinatzaileek Espainiako Gobernuari galdegin zioten «behar bezala erantzuteko».



Batasuna gustura geratu zen, eta publikoki azaldu zuen hori apiril bukaeran. ETAk ez zuen Bruselakoaz deus esan irailaren 15era arte. Lehenago jakinarazi zuen —irailaren 5ean— bazirela hilabete batzuk ekintza armaturik ez egiteko erabakia. Baina bazekien pauso gehiago eman beharko zituela nazioarteko komunitatea engaiatzeko gatazkaren ondorioen konponbide prozesurako. Irailaren 5ean, etetearen agirian, ETAk nazioarteko eragileei prozesuan parte har zezatela eskatu zien, eta Espainiako Gobernuari ere bidali zion mezua: prest zela «prozesu demokratikoa abiarazteko gutxiengoak» adosteko. Irailaren 15ean, Bruselako sinatzaileei esan zien bazuela borondatea, baina «gatazka gainditzeko, urrats partzialetatik harago, proposamen osatua» behar zela.





(ETAko hiru kide, 2011ko urriaren 20an zabaldutako bideoan. Jarduera armatuaren behin betiko bukaeraren berri eman zuten.)



7. ETAren su-etenaren ostean, hizketan zeharka



Beste agiri giltzarri bat gertatu zen 2011 hasieran: ETAk, urtarrilaren 8ko agirian, «nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra» eman zuen. Horrez gain, ezker abertzalearen apustua berretsi zuen. Zapaterorentzat ere ezinbestekoa zen izaera horretako menia bat: ETAren agiri hura ezagutarazi baino minutu batzuk lehenago, Zapaterok, zeharka, idatziaren berri bazuen euskal eragile bati galdetu zion ea zer termino jasotzen zituen, eta, gisa horretakoa izango zela jakin zuenean, nahikotzat eman zuen, itxura denez. Hark dio beti EAJren babesa izan zuela.



Orokorra terminoaren ondorioz utzi zuen ETAk bertan behera iraultza zerga, apirilean. Irailaren hondarrean, beste termino batekin lotutako berri bat: ETAren armagabetzerako Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen (NEB) sorrera. Su-eten iraunkorra betiko bihurtzeko traza hartzen ari zen. Urrats gehiago gertatu ziren 2011ko otsail hartan: Sortu ezker abertzale ofizialaren alderdi politiko berriaren estatutuak, etorkizunean legokeen indarkeria errefusatuz, ETArena barne; eta, izaera hartako meniaren ondorioz, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen (HNT) aurkezpena.



Bazeuden gatazkaren ondorioez hitz egiten hasteko baldintzak. Henri Dunant zentroak hartu zuen ekimena —Powell ere gertu zebilen—, eta ETAri galdetu zion ea prest al zegoen, beste protagonista Espainiako Gobernua zela, zeharkako elkarrizketa prozesu bati ekiteko. Baietz. Galdera bera PSOEren gobernuari. Baietz. Erro funtzioa betetzen zuten HDk eta Powellek. ETAk desegite fasean 2009-2017 aldiari buruzko txostenean jaso zuenez [Euskadi Ta Askatasunaren eztabaida 2017-2018. Ondorio txostenean ere bai], urtarrileko su-etenetik aurrera «nazioarteko bitartekariekiko harremana estutu eta egonkortu» egin zuen.



Maiatzean Hego Euskal Herrian udal eta foru bozak izan ziren, eta ezker abertzale ofiziala, norbanakoen bidez —artean Sortu ez zen elgezkoa—, Bildu koalizioan aurkeztu zen, EA eta Alternatibarekin. Hegoaldean bigarren indarra izan zen Bildu (botoen %22), eta botere instituzional handia lortu zuen; besteak beste, Donostiako Udalekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundikoa.



Giro eta garai hartan —ekainean— hasi zen Bateragune auziko epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Euskal Herrirako eta nazioarteko komunitatearentzako balio politiko handia izan zuten Otegi eta Rafa Diez auzipetuek estrategia berriaren alde egindako adierazpen irmoek.



8. Zapaterok bozak aurreratu; zer egin?



Zapaterok 2011ko apirilean jakinarazi zuen bere azken legealdia zuela —2004tik zen gobernuburu—, eta uztailaren 28an Gorteetarako hauteskundeetara deitu zuen. Tokatu baino lau hilabete lehenago izango ziren: azaroaren 20an. Krisi ekonomiko eta finantzario larrian zen Espainiako Estatua orduan, eta estu Zapatero. Haren esanetan, bozen data aurrekontu gaiengatik aukeratu zuen, eta 2012a gobernu berri batekin hasteko. «Kointzidentzia objektiboa izan zen [ia aldi berean ETAren jardun armatuaren amaieraren iragarpena eta hauteskundeak gertatzea], baina bai, bagenekien gauzak ondo zihoazela», esan du aurten, BERRIAri emandako elkarrizketan.



Zapaterok bozak aurreratu zituenerako, HD eta Powell ETA eta Madrilekin hizketan ari ziren nazioarteko konferentzia bat antolatzeaz eta gero Oslon gatazkaren ondorioei aterabide ordenatua emateaz. HDren-eta ideiak ziren. Aietekoa mamitzen ari zen, baina Zapateroren iragarpenak ematen zuen zer pentsatua. Zer egin?



David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kideak esan izan du eztabaida bat izan zela, ez bakarrik ETAn, eta nazioartekoekin-eta zera hitz egin zutela: egitura bat osatzea prozesuaren lehen urratsak egiteko, hartara Espainiako gobernu berriari PP jarriko zela segurutzat ematen zen— zailago jartzeko atzera egitea. Etxeberriak eta Aiartzak Erria-n dakarte bi aukera zeudela: gobernu berria osatu arte itxaron eta harekin adostu bide orria, ala, arrisku guztiekin, aurrera jo. Bigarren aukera lehenetsi zuen ezker abertzaleak ere, eta nazioarteko bitartekariek Bide orri erresultantea delakoa diseinatzeari ekin zioten ETArekin eta PSOEren gobernuarekin. Azkeneko bi horiek sekula ez ziren eseri aurrez aurre, beti nazioartekoen bidez zuten elkarren berri, eta bakoitzak hartu zituen bere konpromisoak.



9. Aietera bidean



Paul Rios Lokarri herritar sareko koordinatzailea 2011ko abuztuan Cadizen (Espainia) zegoen oporretan, eta Currinek esana zion irailaren 15ean egingo zela Aieteko Nazioarteko Konferentzia. Ez zen orduan izan. Baina ez eduki aldetik arazo bereziak sortu zirelako; beste faktore batzuk sartu ziren tartean: etorriko ziren nazioarteko eragileen baiezkoak jaso, haien agendak koadratu... Irail bukaeran finkatu zuten konferenziaren eguna: urriaren 17a. Riosek informazio hori HNTko kide gehienei mintzatoki batetik hots eginda eman zien, segurtasun kontuengatik.



Ezker abertzale osoan eztabaida bukatua zen zantzu argi bat gertatu zen irailaren 24an: Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Gernikako Akordioa sinatu zuen. Aurrez, Bateragune auzian espetxe epaia eman zuten arren —irailak 16—, orduan ere frogatu zen atzera-bueltarik gabekoa zela ezker abertzalearen apustua.



Rufi Etxeberriak duela bost urte Iruñeko hitzaldi batean kontatu zuen nazioarteko eragileek urriaren 8an iragarri zizkietela Aieteko konferentziaren xehetasunak; hau da, topaketa baino bederatzi egun lehenago. Lokarrik eta nazioarteko eragileek urriaren 11n aurkeztu zuten konferentzia, Aieteko jauregian (Donostia) bertan. Lokarrik momentu hartan zekiena zen Powell, Gerry Adams eta Bertie Ahern etorriko zirela, eta Riosek aipatu izan du beste hiruren berri urriaren 15eko prentsaurrekoa baino ordubete lehenago izan zuela; Kofi Annan, Pierre Joxe eta Gro Harlem Brundtland ziren beste hiru horiek. Hasiera batean, Annan ez zen etortzekoa, Tony Blair baizik, baina ezker abertzaleak uste du Rubalcabak eragotzi zuela Blair Aieten egotea, agerraldiari nazioarteko dimentsioa murrizteko. Jesus Egiguren PSE-EEko orduko presidenteak iritzi zion Rubalcabak ez zuela gustukoa euskal gatazka nazioartekotzea.



10. Adierazpena



Bost puntuko adierazpena izan zen Aietekoa. 1: ETAri eskaera jardun armatua betiko uzteko. 2: hala balitz, Espainiako eta Frantziako gobernuei eskaera gatazkaren ondorioez hitz egiteko ETArekin. 3: biktimen aitorpena egiteko eskaera. 4: ordezkari politikoei gai politikoez aritzeko galdea, «herritargoa kontsultatuz». 5: nazioarteko eragileen prestasuna jarraipen batzordea eratzeko. Garrantzitsutzat zeukaten irabazle/galtzaile eskema baztertzea, Powellek nabarmendu izan duenez.



Euskal Herri osoko ordezkaritza zabala izan zen Aieten. Dena dela, Patxi Lopez (PSE-EE) Jaurlaritzako lehendakaria ez zen azaldu, AEBetan baitzen, enpresariekin. Ezin ei zuen aldatu hitzordua. Ez zen Aietekoa bazetorrela ez zekielako.



Hamar urte pasatu dira. Aieteko Adierazpenetik lehen puntua da erabat bete den bakarra. Datorren astean jardunaldiak egingo dituzte Donostian eta Baionan, aurrerabiderako gogoetak egiteko.



---



Aieteko bost puntuen garapena

Publizitatea