Konponbideari begira

Berriak

Joxe Mari Korta. 20 urte ETAk hil zuenetik

«Gure aurrean jarri zen, eta hari tokatu zitzaion»

Joxe Mari Korta goraipatu du Miguel Lazpiur Confebaskeko presidente izandakoak. Iruditzen zaio sasoi hartan edozein enpresabururi gerta zekiokeela ETAk hiltzea 'iraultza zerga' ez ordaintzeagatik. «Planto egin zuen. Arriskatu egin zen».
Joxe Mari Korta agerraldi batean, 2000ko maiatzaren 14an.
Joxe Mari Korta agerraldi batean, 2000ko maiatzaren 14an. JUAN HERRERO / EFE

2020-08-08 / Igor Susaeta

Miguel Lazpiur (Bergara, Gipuzkoa, 1942) enpresaburuarena da ohartarazpena: «Edozeini tokatu ahal zitzaion, e?». ETAk Joxe Mari Korta hil zuen duela 20 urte, gaurko egunez, bere enpresako atarian, Zumaian (Gipuzkoa). «Joxe Mari hil zuten iraultza zergarengatik, planto egin zuelako eta esan zuelako ez zela ordaindu behar». Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko presidentea hiltzea leporatuta kartzelatutako ETAko bi kideek ere, Xabier Makazagak eta Ibon Etxezarretak, bonba-autoa horregatik jarri ziotela deklaratu zuten haien aurkako epaiketan, 2003an, Auzitegi Nazionalean. «Arriskatu egin zen», nabarmendu du Lazpiurrek. 2005 eta 2011 artean Confebask EAEko Euskal Enpresarien Konfederazioko presidente izan zenak «azkenekoz» hitz egingo du bai hilketa hartaz, bai ETAk bere burua finantzatu ahal izateko exijitutako iraultza zerga zela eta enpresaburuek «sufritu» zutenaz. «Gure aurrean jarri zen Joxe Mari, eta, orduan, berari tokatu zitzaion».

Kortaren (Zumaia, Gipuzkoa, 1942-2000) hilketak eragindako lurrikara ulertzeko, orduko testuinguru politikoa esplikatu behar da. Ia bi urte lehenago, 1998ko irailaren 12an, Lizarra-Garazi akordioa sinatu zuten Euskal Herriko 23 eragile batik bat abertzalek. Lau egun geroago, eta hitzarmena bultzatzeko, mugarik gabeko su-eten iraunkorra eman zuen ETAk. Agirian azpimarratu zuenez, «gertakizun eta urratsek» aginduko zuten «etenaldi horren behin betikotasuna». Baina urtebete pasa geroago amaitu zuen menia, 1999ko abenduaren 3an. Egun batzuk lehenago kaleratutako oharrean jakinarazi zuen EAJk, EAk eta ETAk akordioa sinatu zutela abuztuan, baina akordioa ez betetzea egotzi zien bi alderdiei, eta hori eman zuen hausturaren arrazoi nagusitzat. EAJk eta EAk, ordea, ukatu egin zuten akordiorik bazela.

2000. urteko lehen zazpi hilabeteetan, zazpi pertsona hil zituen ETAk; tartean, besteak beste, Fernando Buesa PSE-EEko buruzagia eta Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila. Uztailaren 7an, Juan Bautista Rubio enpresaburua hiltzen ahalegindu zen, Ordizian (Gipuzkoa). Ekintza hark bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adegik agerraldi bateratua egin zuten uztailaren 13an. Roman Sudupe ahaldun nagusiak enpresariei eskatu zien «xantaiari amore ez emateko». Kortak ere ETAren «xantaiak» gaitzetsi zituen. «Zentzua duen inork ezin dezake onartu biolentzia eta estortsioa bide egokiak direnik inbertsioak handitzeko, lanpostuak sortzeko edo herri gisa merezi duen edozer lortzeko», gehitu zuen. 26 egun geroago hil zuten.

Lazpiurren esanetan, su-etena «poz handi bat» izan zen. Urte hartan jokabide bat ez zen aldatu, ordea: «Baina gutunak berdin-berdin bidaltzen zizkiguten». Enpresarien artean horretaz hitz egiten zuten, eta «askotan» pentsatu zuten planto egitea. «Baina beti beldurra... Kortak ere beldurra pasatuko zuen, buruari bueltak emango zizkion, baina egin zuen». 2000ko abuztuaren 8ko 12:20 inguruan eztanda egin zuen ETAk jarritako bonba-autoak, Adegiko presidente zenaren familiak Zumaiako Gorostiaga industrialdean zuen (eta duen) enpresaren aurrean.

«Getarian [Gipuzkoa] nengoen. Irratian eman zuten berria, eta segituan deitu zidaten. Arnasa hartu ezinik gelditu nintzen», azaldu du Lazpiurrek, unea gogoratuz. Adegiko Administrazio Kontseiluko kidea zen orduan, eta laster izendatuko zuten elkarteko presidenteorde —2005era arte egongo zen karguan—. «Hain zen gurea, hain zen gizon zintzoa... Dena dela, kontua ez da zintzoa izan ala ez izan: halakorik ezin da egin». Laudorioak besterik ez du Kortarentzat: «Eredugarria zen. Herriko egitasmo guztietan parte hartzen zuen. Eta horietan ez da soldatarik egoten, e? Aurrena tailerrean lan egiten zuen, eta gero han. Gizon paregabea zen». Oroitu du orduan «esaten zela» ETAk ez zuela inor hiltzen iraultza zergarengatik. «Gezurra!», Confesbaskeko buru izandakoak. «Sekula ez nuen hura ulertu, ez beste inor hiltzea. Sekula ez dut onartu».

Jasotako mehatxuak

Abuztuak 8 hura bezalaxe, beste egun bat ere gogoan iltzatua du Lazpiurrek. Kilometroak festa egin zuten Bergaran, eta tokatu zitzaion gune bateko «erantzukizuna» hartzea. Berandu etxeratu zen, eta emaztea zain zuen, «aurpegi serioarekin», ETAk haien etxera iraultza zergaren ordainketa eskatuz bidalitako lehendabiziko gutuna eskuetan zuela. 1991ko urriaren 6a zen, eta hurrengo ia hogei urteetan ere antzekoak jaso izan zituzten Lazpiurrek, haren alabak eta haren ezkonarrebak.

Mehatxuek bizimodua aldatu zioten. «Beldurrez, kalera ateratzeari laga nion; txikiteora-eta ez nintzen joaten». Sasoi hartan, Euskal Herriko hiru enpresaburu bahitu zituen ETAk —Julio Iglesias Zamora (1993), Jose Maria Aldaia (1995-1996) eta Cosme Delclaux (1996-1997)—, eta Gipuzkoan bi enpresari hil: Isidro Usabiaga (1996) eta Francisco Arratibel (1997). «Kezka handia» sentitzen zuen Lazpiurrek. «Norberari ere tokatu ahal zitzaion. Guk denok auto azpian begiratzen genuen etxetik irteterakoan».

ETAren biktima izan ziren enpresarien «memoria» omendu zuen Adegik 2017an. Hain zuzen, ordura arte, urtero, Gipuzkoako patronaleko presidentea omentzen zuten, hil zuten toki eta egunean, haren figura oroitzeko sortutako Bidetik fundazioak antolatzen zuen ekitaldian. 2017an, ekitaldia egiteari utzi zion. BERRIA Kortaren ingurukoekin harremanetan jarri da senideekin hitz egin ahal izateko, baina erantzun diote hildakoaren familiakoek ez dutela hedabideetan agertu nahi.

Sentitutako «bakardadea»

Igarotako urteak errepasatuz, Lazpiurrek oroitu du bere enpresan, Bergaran, bonba bat jarri zuela ETAk 2005ean, eta sei urtez bizkartzainekin ibili zela. «William Turner pintoreak esaten zuen beldurra desagertzen denean pertsona edo artista sortzen hasten dela. Hori egia da. Gu geunden tailerrean lanean; guregana ez etorri beste ezertara. Eta horrelako gauza bat ailegatzen zenean, atzera beherakada, atzera, atzera...». Urte luzez bizi izan zen beldurrez, eta, orain, «gauzak normalduta», ez ditu lehen zituen ohitura batzuk atzera bereganatu.

Gainera, badu arantza bat. Iruditzen zaio jasotzen zituzten mehatxuak ez zirela «soilik gutunak bidaltzen zituztenen lana». Alegia, enpresarien «ondoan» bazeudela ETAkoei laguntzen zietenak. «Inor ez zait etorri esanez: 'Miguel, ni ere horretan ibili nintzen. Barkatu'. Nahikoa izango zen». Inoiz ez zitzaion burutik pasatu ere egin ETAk eskatutakoa ordaintzea: «Nire printzipioak ditut. Hori irtenbide erraza topatzea izango zen. Diru horrek norbait hiltzeko balio bazuen, nola geratzen da zure kontzientzia? Gizon fededunak gara!». Garai hartan sentitutako «bakardadea» nabarmendu du batetik —«administrazioen aldetik ere bai hasieran»—; eta hau, bestetik: «Guk beti lagundu genuen ahal zen gehien ETAren eta borroka armatuaren amaiera lortzeko».

Informazio osagarria

Publizitatea