Konponbideari begira

Analisiak

Aitari eskutitza

 

2020-07-29 / Maria Jauregi - Juan Mari Jauregiren alaba

Aurten 20 urte bete dira zure hilketa gertatu zenetik, eta ezin izango zaitugu behar bezala oroitu. Izan ere, COVID-19ak eragin duen pandemia batean murgilduta gaude, eta sekulako osasun-krisia sortu du. Osasuna, eta, batez ere, bizitza, guztiaren gainetik daude, eta aurten ezin izango gara urtero bezala elkartu. Baina ez da oztopo izango zu gogoratzeko, beti zaitugu gogoan.

20 urte hauetan gauzak asko aldatu dira. ETAk bere jarduera orain 9 urte amaitu zuen, eta elkarbizitzaren alde hainbat ekimen ipini dira abian. Zenbait udaletxetan memoria lantzen hasi dira, indarkeria mota guztiak kontuan hartzen dituen memoria baten alde. Topaketa ugari ere antolatu dira, biolentzia ezberdina jasan duten pertsonen testigantza entzuteko aukera izanez.

Ekimen horietan guztietan errespetua eta enpatia dira nagusitu diren balioak, eta ondorioa ere garbia izan da: indarkeria jasan duten pertsona guztiek merezi dute errekonozimendua, benetan zer gertatu den jakin behar dute zauriak itxi ahal izateko, eta justizia. Azpimarratzekoa da, indarkeria mota edozein izanda ere, biktima guztiek ondorio bera atera dutela. Eta elkarbizitzarako beharrezkoa da. Ziur nago horrekin guztiarekin ados egongo zinela, beti lan egin baituzu giza eskubideen alde. Eta hori irakatsi zenidan, eta eskerrak eman nahi dizkizut horregatik.

Gogoan dut Gobernadore zibil izendatu eta zure lehen hitzak euskaraz izan ziren momentua, asko deseroso sentitu ziren une hura. Beti izan zara euskaltzalea, gure hizkuntza maite izan duzu, eta guk ere maite dugu. Kargua hartu zenuenean argi zenuen zein izango zen zure eginkizunetako bat: poliziaren gehiegikeriak eta torturak amaitzea. Indarkeria mota guztien aurka lan egin zenuen. Bai ETAren biolentziaren aurka, bai estatu-biolentziaren kontra. Izan ere, pertsona guztien giza eskubideak defendatzen zenituen. Atxilotuak nola tratatzen zituzten zure kezketako bat zen, eta zure bulegora atxilotu horien senitartekoak hurbildu eta torturak salatzen zituztenean, zure esku zegoena egiten zenuen hori ikertzeko. Ziegaren bat ere itxi zenuen garai hartan, bere egoera tamalgarria zela eta.

Urte haietan izan zenuen posizioaz baliatuz estatu terrorismoaren aurka tinko egin zenuen. Lasa eta Zabala ditut gogoan. La Cumbreko sotoetan, Galindok eta bere laguntzaileek, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta erail zituzten. Eta leku hori nire gurasoen bizileku izan zela pentsatze hutsak hotzikarak sortzen dizkit. Urte haietan Lasa eta Zabalaren gorpuak identifikatu zituzten, eta kasua argitzeko aktiboki parte hartu zenuen. Galindo eta konpainia epaitu zituztenean deklaratzera joan behar izan zenuen, zure testigantza ematera, eta zure deklarazioa garrantzitsua izan zen kasua argitzeko. Pozik iritsi zinen etxera epaiketan esandakoagatik, baina batez ere Lasa edo Zabalaren senide bat eskerrak ematera hurbildu zelako. Inoiz ez dut ahaztuko handik bueltan etxera etortzean esan zenuen lehen gauza: «Ez dakit nork hilko nauen, edo ETAk edo Galindok berak». Eta ziur nago, gaur egun ere, zure esku dagoen guztia egingo zenuela GALen auzia argitzeko eta justizia egiteko.

Giza eskubideak demokrazia batean oinarri izan behar dira. Hori dela eta, herri honetan jasan dugun sufrimendu guztia onartu behar da, eta argi geratu behar da helburu politikoak lortzeko indarkeriaz ezin garela baliatu. Zauriak itxi ahal izateko, gertatu den guztia ezagutu behar da, berriro gerta ez dadin. Halaber, biolentzia mota ezberdinak jasan dituzten pertsonen testigantzak ezinbestekoak dira denon artean memoria eraikitzeko, eta memoria hori, hortaz, inklusiboa izango da. Eta, horretarako, enpatia landu behar dugu, aurrean dugunaren azalean jartzeko gai izan behar gara, bestearen sufrimendua ulertu ahal izateko. Enpatia eta errespetua. Etxean bi balio horiei beti eman zaie garrantzia. Aita oso pertsona hurbila izan zen beti, eta asko gustatzen zitzaion hitz egitea. Ezberdinen arteko elkarguneak bilatzen saiatzen zen, zubiak eraikiz, hori baita elkar errespetatuko duen gizartea eraikitzeko modua. Hasieran esan bezala, jadanik pausoak ematen ari gara. Poliki-poliki goaz, baina, zailtasunak zailtasun, gero eta gehiago gara bide horrekin bat egiten dugunak. Eta lortuko dugu, ziur nago horretaz. Are gehiago, gizarte hori ez da zuk irudikatzen zenuen Euskaditik urrun egongo.

Lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkizut irakatsitako guztiagatik. Nik ere bide beretik jarraituko dut. Mila esker, aita, bihotzez.

Publizitatea